Garrek kiskali dute eraikina

Ondarroan, hutsik zegoen eraikin batean sua piztu da. Ez da inor zauritu. 48 familia mugiarazi dituzten arren, gauean bertan izan dute etxera itzultzeko aukera.

Ondarroan herenegun gauean erretako eraikina, egun-argiz. NERE BEDIALAUNETA / LEA-ARTIBAIKO HITZA.
Peru Azpillaga Diez.
Ondarroa
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Sua jada itzalita zegoen arren, oraindik asko ziren atzo goizean Ondarroako (Bizkaia) San Ignazio kaleko 25. eta 27. zenbakiko etxera hurbildu ziren herritarrak. Garrek guztiz txikituta utzi dute eraikin zaharra, eta bizilagunek korroak eratu zituzten, haren inguruan gertatutakoa batak besteari azaltzeko: «Ni aurrean bizi naiz, eta etxera heltzean kea sumatzen zen eraikinean, baina ez zirudien gauza larria», azaldu du Gorka Basterretxea auzokideak.

Astelehen gauean piztu zen sua, 21:00 inguru zirela, eta zauriturik egon ez zen arren, harri eta zur utzi zituen bizilagun guztiak. «Bat-batean, sua azken solairutik beheko solairuetara igaro zen; suhiltzaileak lanean ari ziren jada, baina, hala ere, sua hazi egin zen. Ikaragarria izan zen; guk etxean bero itzela sumatzen genuen», erantsi du.

Hori dela eta, alboko eraikinetako auzokideak etxetik atera behar izan zituzten. «Eraikina egurrezkoa zen, eta erortzeko arriskua zegoen; gainera, keak ere kalte egin ziezaiekeen bizilagunei», azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. 48 familia inguru mugiarazi behar izan zituzten. Kiroldegian lo egiteko aukera eskaini zieten arren, gehienak senideen etxeetara jo zuten, edota kalean bertan geratu ziren, etxera bueltatzeko zain.

«Eskerrak eraikinaren eta gainerako etxebizitzen artean tartea dagoela...», adierazi du Jose Luis Urrezti pareko eraikineko bizilagunak. Ertzaintzak etxeak husteko eskatu zien, eta senideen etxera jo zuten. Harrituta agertu da jazotakoaren inguruan, baina lasai dago, ezbeharrak ez duelako kalterik sortu.

Sutearen dimentsioen ondorioz, hainbat suhiltzaile talde mugiarazi behar izan zituzten Markinatik, Iurretatik, eta baita Gernikatik ere. Bedialaunetak adierazi duenez, ez da zauriturik izan, eta atzo 01:00 aldera, behin sua itzalita, bizilagunek etxera itzuli ahal izan zuten.

Horretaz gain, herritarrek izandako jarrera eskertu nahi izan du alkateak: «Prestasun handia erakutsi zuten. Auzokide ugari azaldu ziren jendea beren etxeetan hartzeko prest, eta suhiltzaileei ere ez zieten inolako trabarik jarri. Ondoko okindegitik opilak ere eskaini zizkieten».

Suaren jatorria, ikertzeko

Kiskalitako eraikinaren beheko partea Ortiz kontserba fabrikarena da, eta antxoa sasoia denean erabiltzen dute soilik. Goiko aldean, berriz, etxebizitzak zeuden, baina urte asko zeramatzaten hutsik. Bedialaunetak plazaratu duenez, oraindik ez dakite nola sortu zen sua, baina ez dute alboratzen, agian, norbaitek nahita sortu izana. «Azken solairuan piztu zen sua, eta oso arraroa da, zati hori guztia hutsik zegoelako eta bertan ez dagoelako argindarrik», argudiatu du alkateak.

Eraikina, orain, bota egin beharko dute, sutearen osteko egoeran ezin daitekeelako berritu. Eraisteko plana hilabete baten bueltan prest izatea espero dute. Ezbeharra ikusgarria izan zen arren, normaltasuna arnasten da berriz ere Ondarroan, ke usainaren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.