Eskola betiko itxi ez dezaten

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxeko kideak borrokan ari dira hurrengo ikasturtean zentroa itxi ez dezaten. Urtebetean, eraikinaren jabeak bikoiztu egin die zentroaren alokairua.

Bilbon atzo egindako protesta. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Une honetan 350 ikasle ditu Barakaldoko (Bizkaia) La Milagrosa itunpeko ikastetxeak, baina baliteke hurrengo ikasturtean bat bera ere ez izatea. Ikastetxeko komunitateak ezin dio aurre egin eraikinaren jabe den Miranda fundazioak ezarri dion alokairuari: urtebetean 100.000tik 250.000 eurora igo diete ordaindu beharrekoa, eta, zenbateko horri aurre egiteko aukerarik ez izateaz gain, salatu dute fundazioak zahar etxe bat ireki nahi duela bertan. Negoziazioak irekita daude, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu. Ekintza sinbolikoa egin zuten atzo ikastetxeko zuzendaritzak eta ikasleen familiek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, hurrengo ikasturterako La Milagrosarako 180 izen emate entregatuta. Eskolako ikasleen erdiak dira horiek.

Orain arte, ikastetxea Hijas de la Caridad kongregazioaren menpe egon da, baina taldeak jakinarazi du abuztuaren 31n proiektua bertan behera utziko duela. Ikasleek eta familiek mobilizazioak hasi zituzten duela hilabete, Miranda fundazioak haiekin hitz egin eta akordio bat lortzeko. Azaldu zutenez, Ikastolen Elkartearengana jo zuten erakunde horrek eskolaren titulartasuna lortzeko, eta abuztuaren 31rako kooperatiba bat sortzea da haien asmoa. Orain, Ikastolen Elkartea eta Miranda fundazioa negoziatzen ari dira. Elkarteak aurkeztutako lehen proposamena atzera bota zuen fundazioak urtarrilean, ez zelako «bideragarria».

3 eta 16 urte bitarteko 350 ikasle eta 39 langile ditu La Milagrosak. Hurrengo ikasturtean zentroa itxiz gero ikasleak Barakaldoko beste bi zentrotan matrikulatu beharko liratekeela azaldu zuen urtarrilean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Bi zentro publiko horietan taldeka egoteko aukera izango luketela adierazi zuen, baina ohartarazi zuen bertan izena ematea beharrezkoa dela horretarako.

Juan Ortega ikastetxeko zuzendariak iragarri du oraingoz ez dutela beste zentroetan izena emateko asmorik, La Milagrosaren proiektuarekin aurrera jarraitzea espero baitute. «Irtenbiderik ez bada, administrazioaren betebeharra da ikasleentzako konponbide bat aurkitzea. Baina soluziorik aurkitzen ez bada gertatuko da hori», argitu zuen. Negoziazioak «oraindik» martxan direnean izen emateko epea ixtea «arduragabekeria» dela gaitzetsi zuen, Ikastolen Elkartearen eta Miranda fundazioaren elkarrizketei erreferentzia eginda.

«Lege baliorik gabe»

Ikastetxeko zuzendaritzak eta familiek dei argia egin zieten atzo Eusko Jaurlaritzari, Kristau Eskolari, Barakaldoko Udalari eta Miranda fundazioari, ikastetxeak «aurrera» jarraitzeko lan egin dezaten. «Familiek ez dute eskolatik alde egin nahi. Badakigu paperezko matrikulek ez dutela lege baliorik, baina familiek nahi dutenaren aldarrikapena dira», adierazi zuen Ortegak. Matrikulekin «jolastuz» etxeetan beldurra piztu dutela salatu zuten gurasoek, baina berretsi zuten La Milagrosa dela haien aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.