Hiru eremu, bultzada bakarra

Milaka pertsona batu dira Iruñera, Kontseiluak deituta, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Hiru zutabetan banatuta egin dute ibilbidea. Arduraz aritzeko eskatu diete parlamentuko talde politikoei

Aterki ilara, Bakearen plazatik igarotzean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Justizia. Berdintasuna. Kohesioa. Hiru ardatz horien inguruan egituratu du Kontseiluak euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria. Hiru dira, halaber, Nafarroako eremu linguistikoak, egungo euskararen legearen arabera. Hori irudikatzeko xedez, eta hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege berri bat eskatzeko, milaka euskaltzale batu ziren atzo arratsaldean Iruñeko kaleetan.

Iruñean, ohitura da manifestazioak autobus geltokiaren paretik abiatzea. Atzo, eredua irauli nahi izan zuen Kontseiluak, alderantzizko bidea planteatuta. Hiru zutabetan antolatuta egin zuten, gainera: Justizia izenekoa Iturrama auzotik abiatu zen, eta Nafarroa erdialdeko nahiz hegoaldeko herritarrak bildu zituen batez ere. Ipar-mendebaldeko euskaldunak, berriz (mendialdekoak nahiz Sakanakoak), Berdintasuna zutabean elkartu ziren, eta Gazteluko plazatik abiatu ziren. Kohesioa izeneko multzoa, azkenik, Iruñerriko herritarrek osatu zuten, eta Media Luna parkea izan zuten abiapuntutzat. Txistulari, gaitari eta erraldoi konpartsa baten doinuen erritmora abiatu ziren hiru ilarak, baina, berehala, jendearen ahotsak apaldu zuen musika. «Bada garaia, euskara ofiziala» eta «euskaraz bizi nahi dugu» izan ziren manifestariek gehien erabili zituzten leloak.

Autobus geltokiaren parean elkartu ziren zutabeak. Han, hiru euskaltzalek hartu zuten hitza: Unai Arellanok, Nekane Otamendik eta Sonia Crespok, eremu linguistiko bakoitzeko herritarren izenean. Kohesioaz hitz egin zuen Arellanok: egungo euskararen legeak nafarren batasuna galarazten duela. «Ukatu egiten digu euskararen bidez Nafarroa josteko aukera. Euskara da nafarron artean zubi eta atxikidura egiteko osagai ederra. Nafarroako berezko hizkuntza da euskara, eta euskara da batuko gaituen arragoa. Batasun hori behar dugu».

Otamendik, berriz, berdintasuna izan zuen hizpide. Salatu zuen zonifikazioak «kategorizatu» egiten dituela nafarrak. «Eskubideak aitortuta dituztenen eta eskubiderik ez dutenen arteko bereizkeria eragiten du».

Azkenik, justizia hitzari buruz mintzatu zen Crespo: «Gure ondorengoek gogora dezatela nola lortu zen garai honetan benetako aldaketa Nafarroan, eta nola hasi zen bidezkoagoa izaten euskaldunokin. Ezin dugu zortearen edo kasualitatearen baitan utzi eskubideen bermea».

Horien ostean, hitza hartu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Hara bildutako milaka euskaltzaleak zoriondu zituen lehenbizi, eta deialdiak jasotako babesa nabarmendu. Bilbaoren esanetan, azken hilabeteetan «dozenaka gizarte eragileren sostengua» izan du manifestazioak, eta pluraltasun horrek frogatzen du ofizialtasunaren aldeko aldarria ez dela soil-soilik euskarari edo euskaldunei dagokien afera. «Justizia, kohesioa eta berdintasuna ditugu hemen jokoan».

Hizkuntza eskubideen urratzea «gizarteari bere osoan» eragiten dion arazoa dela ohartarazi zuen Kontseiluko buruak. «Hemen ezingo da bizikidetza ardatz izango duen gizarte bat eraiki, milaka herritar eskubidez gabeturik ditugun bitartean». Justizia soziala bermatuko duen aukera bakarra hizkuntza eskubideak aitortuko dituen lege berri bat dela azpimarratu zuen Bilbaok. Areago: Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen lege bat ez onartzea «eragile horien guztien aldarriari muzin egitea» izango litzateke.

Horregatik, deia egin zien Nafarroako Parlamentuko taldeei, «arduraz» joka dezaten: «Zoazte euskara ofiziala ez den eremuetara, eta esaiezue euskaraz bizi nahi duten herritarrei eskubide hori ez diezuela aitortuko. Zoazte, bai, eta esan. Ez dituzuela aintzat hartuko, hori baita egia. Ofizialtasunari atea ez zabaltzeak hori ekarriko du». Aldaketa babestu duten alderdiei begiratu zien: «Badakigu noren esku dagoen orain herritarrak berdintasunez hartuko dituen legea onartzea. Ausart jokatu, erakutsi aurrekoetatik desberdin jokatzen duzuela. Guk geure lana egin dugu: gehiengo zabal baten eskaera duzue eskuartean. Orain, parlamentuko ordezkariei dagokizue erantzukizunez jokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.