Gobernantza berria Euskal Herrian

Eguzki Urteaga - EHUko Soziologia irakaslea

2018ko uztailak 29
Erakundetzearekin gertatzen ez den bezala, Ipar Euskal Herriak gobernantza garaia dauka, Hegoaldeak gobernantza apala daukalarik. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan bertikaltasuna nagusi delarik, baita ere boterearen ikuspegi esklusibo bat non eraginkortasunak zein azkartasunak gaina hartzen dien negoziaketari eta akordioari, Iparraldean, 1990. erditsutik landa gauzatu den gobernantza berriak, erakundeak, alderdiak eta gizarte zibil antolatua batu ditu, elkarrekin, politika publikoak modu adostuan osatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko. Batera, diagnosi zehatzak osatu, epe ertaineko helburuak finkatu eta horiek betetzeko estrategiak marraztu dituzte.

Ipar Euskal Herrian gauzatu den gobernantza berri hori lotua dago bere erakundetze txikiari, hasiera batean, botere publikoen konpentsazio eta alternatiba gisa proposatu baitute, ez baitzeuden prest lurralde horren erakundetzean aurrerapausoak emateko. Zentzu horretan, Euskal Departamendu baten sorreraren aldeko mobilizazioak indartu diren uneetan, frantses gobernuak kontzesioak egin ditu erdi-erakundeen sorrera baimenduz eta Iparralde mailako politika publikoak gauzatzeko aukera eskainiz. Era berean, Iparretarrak-ek bere jarduera armatua amaitzear zuenean eta mugimendu abertzaleak ordezkaritza instituzional ahula zuen testuinguruan, erakunde publikoek konfrontazio logika batetik, lankidetza logika batera pasatzeko borondatea erakutsi zuten.

Funtsean, gobernantza berri horrek bi ardatz eduki ditu: batetik, Garapen Kontseilua ala Hautetsien Kontseilua bezalako erdi-erakundeen sorkuntza, zeinek gai bat ukitzen dituen eragile guztiak batu dituen; eta, bestetik, politika publikoak osatzeko eredu berri bat, ondorengo ezaugarriekin: eragileen aitortza, elkar ezagutza, eztabaida etengabea, negoziaketa ohikoa, onartutako erabakiak, gomendioen aplikapen egiazkoa eta ebaluaketa partekatua. Gobernantza horrek, emaitza esanguratsuak eman ditu, adostasun zabalak ahalbidetuz oso minberak diren gai batzuen inguruan. Bi eremuk aipamen berezia merezi dute, alegia, Ipar Euskal Herriaren erakundetzeak, Euskal Elkargoaren sorrerarekin, eta, bakegintzak, ETAren armagabetze eta desagerpenarekin, baita espetxe politikaren malgutzearekin ere. Haratago joanez, hogei urteko egikaritzearen ondorioz, pixkanaka bada ere, elkarrizketan, negoziaketan eta akordioan oinarritutako kultura politiko berri baten agerpena lagundu du.

Aitzitik, gutxietsi behar ez diren hainbat mugari aurre egin behar dio gobernantza berriak, besteak beste, legediaren aldaketa urria, erabakitzeko ahalmen mugatua, erdi-erakundeen konposizio anitza, erakunde horiek osatutako gomendioen aplikapen partziala, ala erabakitze prozesuaren luzetasuna. Era berean, Iparraldearen erakundetzeak aurrera egiten duen mailan, erdi-erakundeak eta, beraz, gobernantza berria ahultzeko tentazioa egon daiteke. Dagoeneko, maila politiko-administratibo guztietako hautetsiak batzen zituen Hautetsien Kontseilua desagertu da eta Garapen Kontseilua birkokatzen ari da, hemendik aurrera Euskal Elkargoari itsatsia izango baitzaio, nahiz eta bere elkarte izaera mantendu eta autonomia maila bati eutsi.

Hego Euskal Herrian, aldiz, gobernantza ahula da, ez baita ezinbestekotzat jotzen, batik bat erakundeen aldetik. Kasu gehientsuenetan, bereziki Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokienez, edozein Plan osatu aurretik, Aholku Batzorde bat osatu, batu eta lanarazten da, nahiz eta bere izaera kontsultarakoa izan. Behin bere lanak amaituta, letargia egoera batean erori ohi da. Era berean, politika publikoak legitimatze aldera, herritarren ala gizarte zibil antolatuaren iritziak jasotzen dira, ondoren beti kontuan ez hartu arren. Hala ere, erakundeen, alderdien eta politika publikoen zilegitasun geroz eta ahulagoak, batetik, eta gizarte zibil antolatuaren mobilizazio geroz eta handiagoak, bestetik, gobernantza sustatu dezakete.

Gobernantza mugatu horrek hainbat arrazoi dauzka, besteak beste, eskumen oparoak eta erabakitzeko ahalmen handia; boterearen ikuspegi esklusiboa eta botere partekatuaren araberako urruntasuna; erakundeek daukaten kontrolaren gehiegizko kezka; eraginkortasunaren eta azkartasunaren obsesioa; erakunde eta gizarte zibil antolatuaren arteko konfiantzarik eza; eskrutinio modu proportzionala eta alderdien gehiegizko indarra. Horren ondorio ezkorrak agerikoak dira: eragile ezberdinen arteko kontzertazio ahula; erakunde eta gizarte zibilaren arteko mesfidantza; adostasun zabalak aurkitzeko zailtasuna eta, batzuetan, ezintasuna; hartutako erabakiak zalantzan jartzeko eta ez osoki aplikatzeko joera; presa erabakiak hartzeko orduan; legeen kalitate apala eta politika publikoen zilegitasun eskasa.

Alabaina, ez dago zoritxarrik eta, Iparraldean egin den bezala, baina ezberdintasunak kontuan hartuta, Hego Euskal Herrian ere gobernantza berria gauzatzen joan daiteke. Horretarako, zenbait neurri hartzea lagungarria izan daiteke: 1) politika politikoak osatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko prozedurak aldatzea, gizarte zibil antolatuaren parte hartzea bermatzeko; 2) eztabaidarako eta negoziaketarako erdi-erakunde ala gune iraunkorrak sortzea eta ibilaraztea; 3) boterea partekatzeko beharraren kontzientzia hartzea, bereziki erakunde eta alderdien aldetik; 4) akordio zabalak bilatzea, besteak beste, gai batzuen inguruan, gehiengo kalifikatuen formula hobetsiz; 5) eskrutinio modu mistoa ezartzea (proportzionala eta gehiengoa) eta independenteen figuraren balioa handitzea alderdien barruan.