Gorputzaren zelatariak

Irudi molekularreko teknikei buruzko kongresu bat egin dute asteon Donostian. Halakoei esker, zientzialariek modua dute ikusteko zer gertatzen ari den organismoan une oro.

Juanma Gallego -

2018ko martxoak 25
Gorputzaren barrenak denbora errealean pantaila batean ikustea: duela hamarkada batzuk zientzia fikzioa zirudiena errealitatea da gaur egun. Ospitaleetan eta ikerketa zentroetan egunero erabiltzen diren teknikak dira horiek, baina bidean tresna berriak datoz. Teknika horietan izan diren azken aurkikuntzen inguruan jarduteko, asteartean hasita, eta ostiralera bitartean, nazioarteko 700 aditu inguru bildu dira Donostian, EMIM 2018 Europako Irudi Molekularreko Kongresuan.

Bereziki kimika, fisika, biologia, ingeniaritza eta medikuntzaren alorrean aritzen diren zientzialariak bildu dira, ESMI Europako Irudi Molekularreko Elkarteak egindako deiari erantzunez. Gaixotasunak garapenaren lehen faseetatik antzemateko eta tratamenduen aurrean organismoak ematen duen erantzuna ebaluatzeko bidea ematen dute irudi molekularreko teknikek.

«Tresna horiei esker, aukera dugu bizidunetan gertatzen diren prozesu biologikoak aztertzeko, betiere modu ez-inbaditzaile batean, hau da, kalterik sortu gabe», azaldu du CIC Biomaguneko ikertzaile Jordi Llop-ek. Kongresua antolatzeko lanetan buru-belarri ibili da Llop azken asteotan, baina, urtean zehar, noski, irudi molekularrari lotutako jardun jakin batean ibili ohi da. Kimikaria da bera, eta erradiokimikaren diziplina ikertzen du. «Erradioaktibitate hitza entzutean, oraindik ere jende asko pixka bat beldurtzen da, baina erradiokimika arras erabilgarria da». Botika bat garatzeko prozesuan, esaterako, zeresan handia omen du erradiokimikak. «Botika batek proba asko gainditu behar ditu. Horietako proba batean, botikak organismoan egiten duen ibilbideari erreparatzen zaio. Ezinbestekoa da ziurtatzea botika bat bizidun batean sartzen denean dagokion tokira doala. Baina hori ikertzea zeharo konplikatua da, eta bideetako bat guk erabiltzen duguna da: molekula horiek erradioaktibitatearen bitartez markatzen ditugu. Funtsean, botikaren molekuletan sartzen dugun material erradioaktiboko kopuru txiki horrek aukera ematen digu jakiteko non dauden molekula horiek une bakoitzean».

Gaixotasunei aurre egiteko ere halako teknikak erabiltzen dira. Alzheimerra aipatu du Llopek. «Normalean, pazientea oroimen galerak nozitzen hasten denean konturatzen gara alzheimerra izan dezakeela. Baina gaitza urte asko lehenago garatzen da, eta, sintoma kliniko horiek baino lehenago, organismoaren barruan aldaketa batzuk agertzen dira. Aldaketa horiek irudi teknikei esker ikus daitezke. Beraz, prebentzio goiztiarra garatzeko modua ematen du irudi molekularrak; era horretan, errazagoa da hasieratik tratamendu egokiak martxan jartzea».

Alzheimerraren kasuan, amiloide ehunak atzematea izan daiteke gakoa. «Duela urte gutxi arte, pertsona bat Alzheimerren gaixotasunak jota hil zela diagnostikatzeko bideetako bat zen garuna hartzea eta beta-amiloide izeneko proteina baten metaketak ote zauden ikustea. Hau da, ikerketa post mortem egiten zen, autopsian. Orain, irudi teknikei esker, amilode plaka horiek in vivo ikusi ahal ditugu».

Adituak azpimarratu duenez, gaixotasun honen zioei buruz teoria asko daude, baina plaka horien agerpena gaitzari lotuta dagoela azaldu du. «Tamalez, oraingoz alzheimerrak ez du tratamendurik, baina, etorkizunean tratamendu bat garatzea lortzen badugu, funtsezkoa izan daiteke proteina in vivo antzematea». Hilaren 12an ezagutarazi dute norabide horretan doan azken aurkikuntza, PNAS zientzia aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez. Munduko beste zenbait ikerketa zentrorekin batera, CIC Biomaguneko ikertzaileek bide berri bat lortu dute amiloide ehunak atzemateko. Horretarako, urrezko nanopartikulak gehitu dizkiete ehunei; modu horretan, errazagoa egin zaie proteina horien agerpena ikustea. Ikertzaileek proposatu dute teknika berriak oso ehun txikiak atzemateko aukera eman dezakeela; beraz, teorian bederen, horrek bidea emango luke gaitza hasierako faseetan atzemateko.

Anatomiatik harago

Gorputzaren barrenak ikusteko tekniken artean, batzuk oso ezagunak dira. «Kaletik doan norbaiti galdetuko bagenio, seguruenera ordenagailu bidezko tomografia edo X izpiak aipatuko lizkiguke. Aspalditik martxan dauden teknikak direnez, oso ezagunak dira». Halere, teknika horiek «anatomikoak» direla argitu du Llopek. «Gauzek zer itxura duten erakusten dute. Horietatik harago, baina, irudi molekularreko teknikek ahalbidetzen digute ikustea maila molekularrean gorputzean gertatzen diren prozesuak».

Horren adibide dira positroi-igorpenezko tomografia edota monofotoi-igorpenezko tomografia izeneko teknikak.

«Horiek ez dira hain ezagunak, eta kontraste erradioaktiboko agenteak erabiltzen dituzte». Horrez gain, teknika berri asko agertzen ari direla azaldu du Llopek, hala nola tomografia optikoa, fluoreszentzia bidezko tomografia eta irudi fotoakustikoa. «Orain garatzen hasiak dira, baina hemendik urte gutxira asko hobetuko dira, seguruenera».

Medikuntzaren kanpoko aplikazioak ere badira, noski. Adibidez, halako teknikak intsektuak arakatzeko erabil daitezke, eta baita anbarean aspaldi arrapatutako fosilak ikertzeko ere. Bestalde, telebistako dokumentaletan ia-ia klasiko bat da ikustea Antzinako Egiptoko faraoi baten momia eskaner baten barruan sartuta. «Erabilpen bitxiagoak badira. Adibidez, nire ikerketa kide batek teknika horiek baliatu ditu hegazkinetako ogitartekoak arakatzeko. Bide horretan, jakin daiteke nolakoak diren elikagaiaren kontserbazioa eta eboluzioa».

Zabaltzeko erronka

Etorkizuneko erronkei buruz galdetuta, adituak erantzun du teknologia are gehiago hobetzea gako izango dela irudi molekularraren abantailez profitatzeko. «Irudi hobeagoak ematen dituzten makinak lortu behar ditugu. Funtsean, bereizmen espaziala eta tenporala hobetzea da erronka: gorputzaren barruan hiru dimentsiotan zer gertatzen den ikusi ahal izatea, azken finean».

Llopek uste du datozen urteetan medikuntza pertsonalizatuaren alorrak garapen handia izango duela, eta hori egin ahal izateko ezinbestekoa dela bereizmen handiagoa lortzea.

«Norbaiti tratamendu bat ezarriz gero, funtsezkoa izan daiteke azkar jakitea tratamendu hori ondo funtzionatzen ari ote den. Kontuan izan behar dugu botikek maila molekularrean lan egiten dutela. Beraz, maila horri begiratuta jakin daiteke ea gauzak hobera ala txarrera ote doazen, sintomak agertu arte itxaron behar izan gabe». Llopen ustez, batez ere minbiziaren aurkako tratamenduetan, maila molekularrean ikuspegi egoki bat izateak tratamendu egokiagoak lortzeko bidea emango du. «Askotan, tratamendu orokorrak ematen dira, baina sarritan gizaki bakoitzak modu desberdinean erantzuten dio tratamendu bakoitzari».

Ohi bezala, badira zientziaz harago dauden faktoreak, eta horiek ere garrantzi handia dute. Teorian, tratamendua hasi eta gutxira irudi tekniken bitartez posible da botikaren eragina zehatz ikustea, baina ezagunak dira osasun arlo publikoan egon ohi diren itxaron zerrendak. Ez dirudi, bada, erronka makala. «Tira, erronka baino gehiago, nik esango nuke hori ametsa dela. Egia da askotan osasunaren alorrean lortzen diren abantailak gutxi batzuentzat baino ez direla: toki egokian jaio direlako edota diru asko daukatelako. Horregatik, gure asmoa da teknologia hau ahalik eta gehien merkatzea, gizarte osoaren esku egon dadin. Baina pausoak eman dira. Adibidez, TAC motako tomografia asko zabaldu da, eta orain askoz errazagoa da edonori proba hori egitea. Bide horretatik jarraitu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna