Al-Baxirren erronkarik handiena

Iazko abenduaren 19an protestak piztu ziren Sudanen, gobernuak oinarrizko hainbat produkturen gaineko diru laguntzak kendu zituelako. Dozenaka lagun hil dituzte orduz geroztik, eta manifestarien helburu nagusia bilakatu da presidentea boteretik kentzea. 30 urte daramatza agintean, estatu kolpe bat eman zuenetik.
Yemenen bizi diren Sudango etorkinak Al-Baxirren aurka protestan, Sanan.
Yemenen bizi diren Sudango etorkinak Al-Baxirren aurka protestan, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE

Ricard Gonzalez -

2019ko otsailak 9
Mundu arabiarraren bihotzean 2011ko udaberrien errautsak besterik gelditzen ez diren bitartean, periferiako herrialde batek espiritu iraultzailearen lekukoa hartu du. Joan den abenduaren 19an, ogiaren prezioa bat-batean garestitzeak —hirukoiztu egin zen— herri matxinada bat piztu zuen Sudanen, eta Omar al-Baxir presidentearen dimisioa bihurtu da horren eskakizun nagusia. Poliziaren errepresioa bortitza izan den arren —gutxienez 50 pertsona hil dituzte, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera—, eguneroko protestak ez dira gutxitu. Behatzaile askok uste dute Al-Baxirren erronkarik handiena dela 1989an estatu kolpe baten bidez boterea hartu zuenetik.

Joera global baten adierazgarri dira protestak, eta gizarte zibileko taldeek zuzendu dituzte, oposizioko alderdiek baino gehiago. Zehazki, Sudanen, Sudango Profesionalen Elkarteak zuzendu ditu, gehienbat medikuak, irakasleak eta ingeniariak elkartzen dituen erakundeak. Haiek antolatu dituzte manifestazioak, eta ikasleak, Interneten bidez mobilizatu diren gazteak eta oposizioko alderdietako militanteak batu dira. Mugimenduaren indarraren adierazgarri bat da herrialdeak gatazka tribalen eta etnikoen tradizio luze bat duen arren mobilizazioak lurralde osora hedatu direla, hiriburura barne.

«Iraganean, Al-Baxir eta haren gobernuak gai izan dira manifestazioei aurre egiteko. Baina protesta berriak eskualde ofizialistetara ere hedatu dira, eta haren alderdi barruan ezinegona handitzen ari den une berean sortu dira», ohartarazi du Crisis Group think tank-ak txosten batean. Presidentearen alderdiak, Kongresu Nazionalak, ideologia islamista eta panarabiarra du, eta 1990eko hamarkadan sortu zuten, Fronte Islamikoaren jarraipen gisa —Anaia Musulmanetan oinarritu zen mugimendu bat zen—. Alderdi bakarraren erregimenarekin ia bi hamarkada egin ondotik, 2010ean agintariek erabaki zuten beste alderdi batzuk onartzea, baina Kongresu Nazionalaren hegemonia arriskuan jar zezakeen benetako lehia bat baimendu gabe.

Oraingoz, Al-Baxirrek kaleko erronkari erantzun dio manifestariei gogor erasoz, eta «bandalo», «mertzenario» eta «traidore» esan die. Gainera, ohartarazi du Sudango Gobernua aldatzeko modu bakarra hauteskundeak direla. Hurrengo urtean egitekoak dira, eta Al-Baxirrek berriro aurkezteko asmoa du. Hala ere, aurreko bozetan nazioarteak salatu izan du ez dituztela bete estandar demokratikoen gutxienekoak. Oposizioko indar nagusia da Ummaren Alderdi Nazionala, Sadiq al-Mahdi 83 urteko politikari beteranoak zuzentzen duena. Bi aldiz izan zen lehen ministro —1966an eta 1985ean—, eta bietan estatu kolpe bidez kendu zuten boteretik.

Petrolioa eta krisia

Duela urtebetetik, Sudan krisi ekonomiko larri bat ari da pairatzen, eta hango diruaren bat-bateko debaluazio bat eragin du, baita zenbait oinarrizko produkturen garestitzea eta eskasia ere.2018 bukaeran inflazioa %70 ingurukoa zen, munduko indizerik handienetakoa. Herrialdearen arazo ekonomikoak 2011n hasi ziren, Hego Sudanen banaketaren ondorioz. Herrialde bakarra zirenean petrolio erreserben hiru laurdenak zeuden Hego Sudanen, eta petrolioa zen Sudanen baliabide nagusia. Horrek finantza publikoetan izan zuen eragina ikaragarria izan zen. Ordutik, erregimenak bizirik iraun du Golkoko petromonarkien laguntzari esker, gehienbat. Baina azken urteotan laguntza hori dezente murriztu da petrolioaren prezioaren beherakadarengatik.

Washingtonek bere mugimendua egin du; Sudango agintariei eskatu die errepresioa bukatzeko, eta ohartarazi die 2017an hasi zuten hurbilketa prozesua arriskuan jarri duela. Urte horretan, AEBek zama handiko bahimendu ekonomiko bat kendu zioten herrialdeari, bi hamarkadatan indarrean izan ondoren mugimendu islamista bortitzei ematen zien laguntzarengatik —horien artean zegoen Al-Qaeda, eta Osama bin Laden liderra Sudanen bizi izan zen Afganistanera joan aurretik—. Hala ere, bahimendua kentzeak ez du eragin atzerriko inbertsioen uholderik; neurri handi batean, Washingtonek Sudan «terrorismoa» babesten duten estatuen zerrendan duelako oraindik, eta, horren eraginez, herrialdeak ezin du jaso nazioarteko erakunde askoren finantzaketarik —Nazioarteko Diru Funtsarena, adibidez—.

Egoerari aurre egiteko, Al-Baxirrek Qatarrera bidaiatu zuen joan den hilaren bukaeran. Aliatu fidel bat da, eta laguntza finantzarioa nahi zuen. Itxura guztien arabera, Qatargo emirrak ez zion diru zorroa erakutsi, baina babes politikoa eskaini zion, Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko mariskalak bezala. Oro har, nazioarteak ez du jarrera argi bat hartu gobernua edo oposizioa babesteko; agian, beldur delako Afrikaren eremu horretan garrantzitsua den herrialde baten ezegonkortasunak zer ekar dezakeen. Izan ere, haren bizilagun batzuk —Libia, Hego Sudan, Etiopia— barne gatazkak jasaten ari dira. Al-Baxirrek berak hori oroitarazi zien atzerriko kazetariei joan den asteazkenean egin zuen agerraldi batean.

Etorkizuneko agertokiak

Nazioartearen agertokirik gogokoena da trantsizio baketsu bat, gobernuaren eta oposizioaren artean hitzartua, eragozteko herrialdea kaosean murgiltzea. «Bere izaerarengatik, kosta egiten zait sinisten Al-Baxirrek borondatez emango duela dimisioa», adierazi du izenik eman nahi ez duen analista politiko sudandar batek. «Agian, aurka dituen alderdikide batzuek ken lezakete, ez diezaion betirako eutsi botereari».

Hitzartutako trantsizio batean, segur aski, bermatu egin beharko lukete presidentea ez dutela Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku utziko. Hagako auzitegiak nazioarteko atxilotze agindu bat eman zuen Al-Baxirren aurka 2009an, Sudango Gobernuaren aldeko indarrek Darfur eskualdean ustez egin zituzten gizateriaren aurkako krimenengatik.

Baztertu ezin den aukera bat estatu kolpea da, botere aldaketak maiz gertatu baitira horrela. «Al-Baxirrek sistema zatitu bat sortu du, segurtasun instituzio asko sortuta, kolpeak eragozteko. Zaila da etorkizuna iragartzea, instituzio horiek nahiko banatuta baitaude», azaldu du analistak. «Hala ere, armada da eragilerik boteretsuena, eta, presidenteari babesa kentzen badio, partida bukatuko da».

Armadaz gain, eragin handia dute inteligentzia zerbitzuak, Barne Ministerioak eta Babes Azkarrerako Indarrek, presidenteak zuzenean kontrolatzen duen erakunde paramilitar bat, tribuetako gerlariek osatua. Milizia hori hedatu du gobernuak Darfur eta Kordofan probintzietan matxinoekin dituen gatazketan. Gainera, Babes Azkarrerako Indarrek rol inportantea izan dute azken protesten errepresioan, eta manifestarien aurka bortitzen jokatu duen instituzioa izan da.

Hirugarren agertokia, berriz, beldur handien eragiten duena da. Erregimena bunkerizatzea litzateke hori, eta modu odoltsuan bukatzea; hain zuzen, Udaberri Arabiarra igaro duten hainbat herrialdek jasan dutena —Siriak eta Yemenek, esate baterako—. Al-Baxirrek erabakitzen badu herri matxinada su eta gar bukatzea, armadaren zati bat matxina liteke, eta oraingo gatazka gerra zibil bihur liteke. Manifestazio batzuetan segurtasun indarrek manifestariei tiro egin badiete ere, kasurik gehienetan herritarrak sakabanatu baino ez dituzte egin negar eragiteko gasa, makilakadak eta atxiloketak erabilita.

Disidentzia baretzeko asmoz, Informazio ministroak joan den astean zin egin zuen protestetan atxilotutako guztiak askatuko zituztela. Hala ere, agindu hori ez da indarrean sartu, benetan eman baldin bazuten. Are gehiago, orduz geroztik jende gehiago atxilotu dute, eta horien artean atzeman zuten Mariam Sadiq al-Mahdi, oposizioko alderdi nagusiaren buruzagiordea, alderdiko buruaren alaba ere badena. Oraingoz, estrategia bakar batek ere ez du ahuldu gizartearen sektorerik aktiboenek duten nahia, manifestazioen lelo batean laburbildu dutena: «Herriak erregimena erortzea nahi du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna