Botere judizialaren independentzia(ez)az

Goizeder Otazua
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskundeak errepikatu behar izan dira koalizio gobernua eratzeko Espainiako Estatuan eta lehenengo erabakiekin alderdi politikoen arteko iskanbilak hasi baino ez dira egin. Estatuko Fiskal Nagusiaren izendapena, Konstituzio Auzitegiko lau kideren berritzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta zenbait estatu kideetako auzitegien ebazpenak edota Botere Judizialaren gobernu-organo nagusiaren aukeraketaren blokeoa estatuko hiru botereen arteko elkarreraginen ispilu bilakatu dira.

Hautsak harrotu ditu gobernu berriak Dolores Delgado Estatuko Fiskal Nagusi izendatzeak, ez da eta erabaki makala, Fiskaltzaren antolaketa printzipio diren batasun eta menpekotasun hierarkikoan oinarrituz, estatuko fiskal guztiak Fiskal Nagusiaren esanen mende daudelako. Hortaz, diputatu sozialistak Justizia Ministeriotik Fiskaltzara egindako bidaiak, legezkotasuna erabat errespetatu arren, ez du zaindu beharreko inpartzialtasun itxura gorde eta ondorioz, beste behin ere, Botere Judizialaren independentzia, eta zehazki Fiskaltzaren inpartzialtasuna, kolokan egon daitezke.

Erabat ezaguna dugun Montesquieuren teoriaren arabera, boterea pertsona bakarrak bildu eta neurri gabe erabiltzea saihesteko, ezinbestekoa da botereen arteko banaketa; botereak boterea muga dezan. Ikuspegi horren isla dugu —1789ko Frantziako Iraultzaren eraginez— 200 bat urteko ibilbidea duen hiru botereen arteko banaketan (legegilea, betearazlea eta judiziala) oinarritutako eskema politikoa.

Botere Judizialaren egitekoa da, batik bat, zuzenbidea egoera edo gatazka zehatzetan aplikatzea, inolako arbitrariotasunetik aldenduta eta legeari men eginez, modu independentean. Baina, nabariak eta agerikoak zaizkigu estatuko botereen arteko elkarreraginak, besteak beste, gobernuak berak Estatuko Fiskal Nagusia aukeratzen duelako; Gorte Nagusien esku dagoelako Botere Judizialaren gobernu-organo nagusiaren kideak izendatzea; edota Diputatuen Kongresuak, Senatuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) eta gobernuak berak Konstituzio Auzitegiko magistratuak hautatzen dituztelako. Bada, nola bermatu Botere Judizialak estatu demokratikoetan bere duen independentziaren ezaugarria?

1978ko Konstituzioak Botere Judizialaren autonomia eta independentzia bermatzeko bitarteko bi ezartzen ditu; batetik, ahalmen jurisdikzionalaren egikaritza Botere Judiziala osatzen duten organoei baino ez die esleitzen, eta bestetik, exekutiboaren eraginetik askatze aldera gobernu-organo propioa eratzen du. Hortaz, Botere Judizialaren gobernu-lanak burutzen dituen organoa dugu BJKN eta bere jardunbiderako oinarrizko diren eginkizunak ditu esleituta: hala nola, Eskola Judiziala kudeatu; epaitegi eta auzitegien ikuskapena burutu; Auzitegi Goreneko magistratuen eta presidentearen izendapena proposatu; eta oro har, epaile eta magistratuen egoeraren gainean erabaki (aukeraketa sistema, izendapenak, formazioa, norakoen esleipena, maila igoera eta egoera administratiboa).

Eginkizun horiek bilduta, Kontseilu Nagusia ezinbesteko tresna bihurtu da alderdi politikoentzat auzitegietan hartzen diren erabakietan nolabaiteko eragina izateko. Horren adierazgarri argia dugu duela urtebete BJKNren berritzea bertan behera gelditu izana. Manuel Marchenak organoa presiditzeari uko egin zion Ignacio Cosidok (garaiko Senatuko PPko bozeramaileak) Kontseilua berritzeko PSOErekin adostu berri zuten hitzarmenari esker Auzitegi Goreneko bigarren sala (zigor arloari dagokiona) atzealdetik kontrolatuko zutela adierazten zuen whatsapp mezua zabaltzearekin bat.

Independentzia itxura galtzeaz gain, Espainiako Gobernua eta Gorteak eratzeko hauteskundeak birritan egin behar izanak, organo konstituzionalaren kideen aukeraketa urtebete baino gehiago atzeratu du. Eta hori da, hain zuzen ere, historikoki gairik gatazkatsuena: kideen hautaketa sistema.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, bost urteko eperako, erregeak izendatzen dituen hogei kidek osatzen dute bere presidentearekin batera (era berean Auzitegi Goreneko presidente ere badena). Hogei kide horiek Gorte Nagusiek izendatuko dituzte, hamarna ganbera bakoitzeko, hiru bosteneko gehiengoaren bidez; horietako zortzi aitortutako gaitasuna eta 15 urte baino gehiagoko jarduna duten juristen artetik, eta beste hamabiak aktibo dauden epaile eta magistratuen artetik. Legeak zehazten du epaile eta magistratuek nahi beste hautagaitza aurkez ditzaketela, betiere oinarrizko baldintza betez gero: elkarte profesional batek proposatzea edo karrera judizialeko 25 kideren abala izatea.

Esan bezala, oro har, eztabaidarik sutsuenak kideen aukeraketa sistemaren inguruan sortu izan dira, eta horren isla ditugu 1980ko, 1985eko, 2001eko eta egun indarrean dagoen 2013ko lege eraldaketak. Ika-mikaren muinean dago BJKNko kideen hautaketa Gorteen edo epaile eta magistratuen esku egon behar duen. Epailetzari indarra emanez gero, gerta liteke interes korporatiboak gailentzea eta benetako helburua —gizartearen zerbitzura egotea— begi bistatik galtzea. Ganbera legegileen indarra azpimarratuz gero, ordea, BJKN politizatzeko arriskua legoke, itun edo kupoen bidez talde parlamentarioek haien ordezkaritza ideologikoa Kontseiluan ezarriz.

Europako Kontseiluko ustelkeriaren kontrako Estatuen Taldeak (GRECO bezala ezaguna) Botere Judizialak eta Fiskaltzak exekutiboarekin dituzten zuzeneko loturak salatu izan ditu, baina, Espainiako gobernuek entzungor eginez, beharrezkoak diren neurriak hartzea saihestu dute. Horrenbestez, Botere Judiziala gehiengo politikoen eraginetik askatuko duen formula adostu eta ezartzea estatuaren maila demokratikoaren adierazle izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.