Lazo horiak gutxienekoa dira... ala ez

Ander Errasti - Etika eta Filosofia Politikoko doktorea

2018ko irailak 2
Gatazka katalanean badira ere udarako sugeak. Hau da, zalaparta handi bezain efimeroa sortzen duten berriak. Horrek ez du esan nahi halako berriek ez dutenik oinarri aipagarririk, ez eta gutxiago ere. Gizarteak garrantzitsutzat duen zerbait funtsean edukiko ez balute, ez lukete halako esangurarik izatea lortuko. Zoritxarrez, baina, halako gaiak plazaratzean askotan zarata asko sortzeaz gain (eta, bide batez, komunikabideei ikus-entzule kopurua uda garaian mantentzen laguntzeaz gain), ez da gogoeta kolektibo prozesu nabarmenik aktibatzen. Hau da, dena delako afera horien inguruan esaten den hitz kopurua hitz horiek duten inpaktu errealarekiko alderantziz proportzionala izan ohi da. Era berean, notiziak zabaltzeko mota hutsal honekin askotan gertatzen den antzera —zer esanik ez gatazka politiko bat dagoenean tarteko—, istilu mediatikoa ez da besterik gabe sortzen, interes zehatz batzuengatik baizik. Kataluniako kasuan, lazo horien inguruan sortu den iskanbilak neurri handi batean erregela honi erantzun diola esango nuke.

Lehenik eta behin, udarako suge hau sortu bada, lazo horiak polemikaren funtsa ez direlako izan da: hau da, ikur hau eramatearen helburua preso politikoak eta independentismoa jasaten ari den jazarpen bidegabea salatzea delako. Proiektu independentistaren aurka agertzen diren askok lazo horiak ikur independentistatzat eduki arren, hauek igorri nahi duten mezuak ez du nahitaez aldarrikapen independentistekin loturarik. Horrek ez du esan nahi, noski, ikurra daramaten horiek ikurraz egiten diren irakurketen jabe direnik. Euskal Herrian, esate baterako, «Euskal Presoak Euskal Herrira» horma-irudiez edo 1990. hamarkadan zabaldutako lazo urdinez irakurketa anitz bezain interesatu pila egin ohi ziren. Irakurketa oker horiek eztabaida ikurrek sinbolizatzen zuten aldarrikapen edo salaketatik aldentzea zuten helburu. Kasu katalanean beste hainbeste gertatzen da: unionismoko hainbat ordezkarik nahiago dute ikurra independentistatzat jotzea, eztabaida lazo horiek salatzen dituzten —eta eurek neurri handi batean babestu dituzten— estatuaren gabezia demokratikoen inguruan izatea baino. Hain zuzen ere, sektore horiek argi baitaukate inkesten arabera gizarte katalanaren gehiengo oso nabarmen bat (euren hainbat bozkatzaile barne) gehiegikeria horien aurka dagoela eta, beraz, elkarrizketa publikoa lazo horiek aldarrikatzen duten salaketatik distraitzea komeni zaiela.

Bestetik, proiektu independentistaren egungo gabeziak egongo lirateke polemikaren oinarrian. Ez dut ukatuko Estatuko eragile gehienek lazo horien inguruko eztabaida aipatu berri dudan zentzuan biziki hauspotu dutenik. Hala eta guztiz ere, badira independentismoak abenduko hauteskundeez geroztik agertu duen estrategia, lidergo eta norabide ahula estaltzen saiatu direnak, unionismoaren eztabaida eremu hori birritan pentsatu gabe onartuz. Polemika horrek, baina, mobilizazioaren iraupena epe motzean bermatu dezakeen arren, epe luzean proiektu independentista eta errepublikanoari gaitz hilgarri bat ekar diezaioke: keinu hutsen eremuan egonda, proiektuen inguruko eztabaida ahaztea eta, ondorioz, gizarte babesa zabaldu beharrean pixkanaka-pixkanaka murriztea. Hare gehiago, unionismoko hainbat sektorek era interesatuan zabaldu nahi izan duten gizarte haustura benetan eman dadila ekar dezake ikurren inguruko eztabaidan mantentzeak, gatazka era demokratikoan bideratzeko aukerak murriztuz. Dena den, badirudi independentismo barnean agertzen ari diren lidergo politiko, nahiz intelektual berriak eztabaida berriz edukien eremura eramaten ahalegintzen ari direla: hau da, proiektu independentistaren bertute eta gabezien eztabaidara, batetik, eta errepresioari aurre egiteko hartu beharreko neurrietara, bestetik.

Bukatzeko, espazio publikoaren erabileraren inguruko eztabaida izango genuke udarako suge honen aurrekari gisa. Lazo horien inguruko polemikak bere baitan ezer garrantzitsurik azaleratu badu, Estatu osoan adierazpen askatasunaren inguruan daukagun ikuspegi mugatua izan da. Izan ere, lazo horiek espazio publikoaren ustezko neutralitatea urratzen dutela entzuteak (hauen esanahiaz egiten den irakurketa egiten dela), Estatuko gizarteak demokrazia guztiz barneratu arte egiteko duen bidea azaleratzen du. Demokrazia batean, diktadura batean gertatzen denaren kontra, espazio publikoa ez baita neutroa, gizartea den bezain anitza baizik. Aniztasun hori nola azaldu behar den eztabaida genezake, noski. Baina guztiok onartu beharko genuke demokrazia batean esfera publikoa ez dela, sekula, neutrala. Aurkakoa defendatzeak, demokraziaren kalitatea gutxitzeaz gain, azken boladan ikusi ditugun eskuin-muturreko eragile biolentoen jarrerei babesa ematea dakar. Geroz eta bizkorrago barneratu esfera publikoak anitzak direla, orduan eta lehenago garatuko dugu edozein gairen inguruan (independentzia barne) eztabaida publikoak normaltasunez izateko ingurune bat; demokrazia sendo bat. Eta, agian, orduan bai inork ez duela lazo horirik eramateko motiborik izango. Azken finean lazo horiak gutxienekoa baitira... edo ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna