Hamasei lanuzte egun antolatu dituzte Gipuzkoako papergintzan

Sektoreko lan hitzarmena berritzeko, greba egutegi bat proposatuko dute enpresetan. Mila behargin inguru ari dira alorrean

xabier martin
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Uda bero bat gerturatzen ari da Gipuzkoako papergintzara; sektorea lan hitzarmen luzatuarekin ari da, eta sindikatuek ituna berritzeko hordago bat bota zuten atzo. ELA, LAB eta COO sindikatuek lanuztera deitu zuten, hamasei greba eguneko egutegi bat proposatuta. Mila behargin inguru ari dira Gipuzkoako papergintzan, eta lan gatazka handia etor daiteke negoziazio mahaian aurrerapausoak ematen ez badituzte luze gabe.

Adegi Gipuzkoako patronalaren egoitzaren aurrean protesta egin zuten papergintzaren sektorean ordezkaritza duten hiru sindikatuek, atzo: ELAk, LABek eta CCOOk. «Papera borrokan. Aberastasuna banatzeko garaia da» zioen pankarta baten atzean elkarretaratu ziren. Jakinarazi zutenez, ekainaren 19an, 20an, 26an eta 27an lanuzteak egingo lirateke langileen batzarren oniritzia lortuz gero enpresetan; uztailaren 3an, 4an, 10ean eta 11n beste lau greba egun iritsiko lirateke; irailean, berriz, 18a, 19a, 25a eta 26a dira gorriz jarritako egunak; eta urrian, 2a, 3a, 9a eta 10a. Hamasei greba eguneko egutegia osatzen dute deialdiek.

ELAko ordezkari Eneko Agirreurretak esan zuen patronala mahairatzen ari den proposamena ez datorrela bat «sektorearen egoera onarekin». Soldata igoerekin batera, lan erreformaren aurkako blindatzea eskatzen ari dira sindikatuak; eta haiekin batera, berdintasun eta kontziliazio planak nahi dituzte.

LABeko ordezkari Joana Mendezek iragarri zuen plataforma berri bat proposatuko dutela negoziazio mahaian; hilaren 10ean egingo dute bilera aldeek, hitzarmen berria adosteko helburuz. Sektoreko itunaren indarraldia 2018an bukatu zen, eta gaur egun luzaturik dago. Hiru sindikatuek idatzi bateratua egin dute, eta sektoreko langileei dei egin diete papergintzaren ituna defenda dezaten. «Garaia da edukiz betetako negoziazio bat egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.