AHT: ke-lainoak

2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako AHTk Iruñea eta EAEko Y lotzeko konexioari buruz azken asteotan egindako adierazpenak bederen bitxiak ari dira suertatzen. Bi aukera daude eztabaidan. Lehendabizikoa, Gasteiztik (580 milioiko aurrekontua), burdinbide berri batez Sakana zeharkatuko lukeena, eta, bigarrena, Ezkiotik (1.700 milioi), 30 kilometro tunel eraikirik, horietako bat 21 kilometrokoa, Aralar mendiaren azpian egitekoa.

Bitxia da ikustea eztabaida honetan sartutako alderdi politiko nagusietako batzuek (PSOE-PSN, UPN) nolatan aldatu duten horri buruzko iritzia erloju bateko penduluaren gisara. Bada, UPNk Mariano Rajoyren gobernuari olatuarena egin bazion ere, 2018an Gasteizen barnako lotura defendatu zuenean, orain Ezkioko konexioaren aldeko apustua egiten du fermuki. Aitzitik, PSNk, 2019ko hauteskunde programan, bigarren ibilbide horren alde egin zuen arren, orain, PSOEk Gasteizen aldeko hautua egiten du eta Maria Txibitek (erranak haizeak daramatza) berriki adierazi du garrantzizkoena ez dela nondik, lehenbailehen egitea baizik. Hitzeko jendea gero!

Dena den, adierazpen horiek ke-lainoak baino ez dirudite, eztabaida nagusia estaltzea xede dutenak, afera nagusia ez baita AHTk nondik joan behar duen, proiektu horrek egiazki aitzina egin behar ote duen baizik. Hori egin ezean, soilik bi aukera zital horien artean hautatzera behartzea iruzurra egitea da eta ez da onargarria.

Ondorio horietarako, proiektuaren zenbatekoa, kostu-mozkin faktorea edo ingurumen-eraginak baloratzeak funtsezko garrantzia du. Hori eginik, begi bistakoa da honen guztiaren ondorioak berberak direla: AHT burugabekeria da. Baina, niretzako, aski da jakitea Espainiako Estatua, Txinaren atzetik, munduko bigarrena dela eraikitako abiadura handiko sareko kilometroei dagokienez. Gauza bera gertatzen da autopistei dagokienez; izan ere, hirugarren postuan dago, Txinaren eta AEBen atzetik. Bada, akaso planetako gainerako estatuak itsu ote dira, haien gobernariak ezgai eta bertako zientzialariak kaudimen gabe garraiobide horiek dituzten zalantzarik gabeko abantailez ez ohartzeko? Bistan da, ez du irudi hori erantzun zuzena denik, baizik eta estatu horietan guztietan eraikuntza enpresen botere ekonomiko, sozial eta politikoa ez dela iristen, inondik ere, estatu espainiarrean duten mailara. Porlaneko Spanish-demokrazia deitzen zaio horri.

Bertze tenoreak ziren. Joan den mendeko 70eko hamarkada bukaeran, Iberduero elektrizitate enpresak hiru zentral nuklear planifikatu zituen euskal itsasbazterrean (Lemoiz, Ispaster eta Deba) eta bertze bat Tuteran. Herritarrek proiektu horiei erakutsitako oposizioa handia eta erabatekoa izan zen. Haren harira, Xabier Arzalluz EAJren urte haietako non plus ultrak, argitasun osoz erran zuen Euskal Herriak zentral nuklearren aldeko apustuari uko eginez gero aza bertzerik ez genukeela janen eta gure lurraldea Albaniaren gisakoa izanen zela, mundutik isolatuta. Batzokietan graziarekin barre egin zuten, baina, urteak aitzina, proiektu nuklear horiek lurralde gehienetan baztertu dira, estatu espainiarrean barne (Chernobil, Fukushimako istripuak), azak sukaldeko euskal errezetetan gora egin duelarik.

Orduan, gaur bezala, ingurumeneko basakeriarik handienak modernotasun eta aurrerapen mantuarekin estaltzen ziren. Filosofia, hauxe: zenbat eta handiago, kantitate handiagoa eta azkarragoa, hobe. Eta horrek guztirako balio izan du. Nekazaritza eta abeltzaintza estentsiborako, ekoizpen txikiak eta ertainak ito eta deuseztatu eta landa-mundua husten duena, edo hegazkinik gabeko aireportuak edo autorik gabeko autobiak eraikitzeko, edo Mediterraneoko itsasbazterrak zimendatzeko, turismo jainkoaren lorian.

70eko hamarkadan, telebista kate bakarra zegoenean, zuri-beltzean gainera, TVEn bazen programa bat, Joe Rigoli umorista argentinarra izarra zuena, bere txisteengatik baino egiten zituen keinu beldurgarriengatik famatua. Pertsonaia nagusia Felipito Tacatun zen eta programak bukatzen zituen makulu-hitz honekin: «nik... segitzen dut». Haren programak zenbait urtez iraun zuen, egia bada ere, arestian erran bezala, bertze TBrik ez zela.

Bada, pentsatzekoa da AHTren aferan Felipito Tacatun deslai anitz dela, izan badira «nik segitzen dut» partikularrarekin jarraitzen dutenak, modernotasun eta aurrerapen faltsuaren talaka baino ez dena. Haiendako, azken urteotan gertatutakoaz eta haien arrazoiez hausnartzea (2008ko krisialdia, pandemia, Ukrainako gerra, klima aldaketa...) denbora galtzea da. Are, irudi du gutxi inportatzen zaizkiela horretatik eratorritako ondorioak: pobreziaren eta desparekotasun sozialen areagotzea, neurriz gaineko mozkin finantzarioak eta energetikoak, militarismoa eta gerrak, beroteak, horniduren krisiak, inflazioaren areagotze izugarria... Gaurko aurrekontu eta giza lehentasunak aldatu eta haiei buelta ematea, jende eta herriarekiko elkartasunean, elkarrizketan eta bakean, naturarekin senidetzean finkatutako ekonomia sustatzea ez omen da aintzat hartzeko modukoa haiendako. Haien erreinua ez da mundu honetakoa.

Horregatik, AHTz bultzatu beharreko eztabaida ez da euskal Yrekin egin beharreko konexioa Gasteiztik edo Ezkiotik izan behar den; bai, ordea, trena pertsona eta herriendako zerbitzu publiko eta sozial gisara mantentzeari buruzkoa. Ez dezagun atzendu gaur, Nafarroan, zentzugabekeria hau bultzatzen den bitartean, lehen zeuden eguneroko maiztasun zuzenen erdiak desagertu direla dagoeneko. Sustatu beharreko eztabaida da gaurko sarearen funtsezko hobekuntzan finkatuko den tren zerbitzua indartzeko beharrari buruzkoa, AHTren xahubide antisozialik gabekoa eta ingurumenarekin adeitsua.

Gasteiz eta Ezkio kea dira. Ez utzi ke horrek zure ikusmena lainotu diezazun, ezta lau arrakerok karta-sorta maneiatzen ere, urrea bakarrik haiendako eta bastoiak guretako atera ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.