Atletismoa. Munduko Txapelketa

Wukro, Donostia, Pekin eta Rio

Trihas Gebre Etiopian jaiotako «donostiar petoak» munduko txapelketako 10.000 metroko proba jokatuko du astelehenean. Ondo bidean, Olinpiar Jokoetan ere egongo da.
Thrias Gebre Alcobendasko kroseko helmugan sartzen.
Thrias Gebre Alcobendasko kroseko helmugan sartzen. J. GUILLEN / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2015eko abuztuak 20
Jaioterria, bizilekua, espero gabeko bisita eta ametsik handiena. Lau hiri, eta kirolari bakarra. Wukron jaio izanagatik, Trihas Gebrek (Wukro, Etiopia, 1990) ez du zalantzarik egiten nondarra den galdetzen zaionean: «Donostiar petoa naiz».

Etiopia Utopia fundazioaren bidez etorri zen Gebre Donostiara, 2010ean. Bere herrialdeko beste lau atletarekin batera, Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko. Gainontzeko kideak itzuli egin ziren, baina bera Euskal Herrian geratu zen, eta, duela lau urtetik, bertan bizi da bere bikotekidearekin. Egun hauetan, baina, Pekinen izango da, Espainiako selekzioarekin Munduko Atletismo Txapelketan parte hartzen. Lehen aldiz arituko da pista irekiko munduko txapelketa batean, eta aitortu du «apur bat urduri» dagoela, datorren astelehena noiz iritsiko zain. Orduan jokatuko du 10.000 metroko finala, Euskal Herrian 14:35ak direla.

Modu bitxian lortu zuen sailkatzea, pista irekiko txapelketan aritzeko gutxieneko marka munduko kros txapelketan lortu zuelako, iragan martxoaren 27an. Txinan lortu zuen sailkatzea, eta berriz itzuliko da hara, baina ez erabat lasai: «10.000 metrokoa oso proba gogorra da, erritmo oso azkarrean jokatzen dena, eta Pekingo airearen kalitatea ez da onena izaten». Horrez gain, aurkarien mailak kezkatzen du Gebre, eta «ia alboratua» du lehen postuetarako lehian aritzea. Korrika ondo egitea da bere helburu nagusia, eta hori lortzeko abantailatzat ikusten du garaikurra lortzeko presiorik ez izatea.

Munduko txapelketan ez da sasoi betean ariko, min hartuta egon baita: «Duela hiru hilabete, min hartu nuen eskuineko hankan, eta, azken asteetan hobera egin arren, ez dakit nola moldatuko naizen». Badaki sasoi hobean egon izan dela; gainera, ezin izan du nahi beste entrenatu. Joan zen astelehenean abiatu zen Pekinera, Naroa Agirre bidelagun hartuta. Autoz egin zuten Donostiatik Madrilerainoko bidea, eta, hurrengo egunean, hegazkinez iritsi ziren Txinako hiriburura. Garaiz heldu nahi izan dute, astebeteko tarteaz, ondo egokitzeko.

Jokoetarako sailkatuta

Donostiarra sentitu arren, Santutxuko elkartearen kamiseta soinean duela egiten du korrika. Pozik dago Bilboko elkartean: «Esku zabalik hartu ninduten, eta asko eskertzen diet nirekiko duten jarrera». Hala ere, lehiaketetan soilik egoten da haiekin. Donostian bertan entrenatzen du, Aieteko parkean edo Anoetan, goiz eta arratsalde. Ricardo Jimenez entrenatzailearen aginduetara jarduten du. Txapelketa ona egitea hari eta gainontzeko taldekideei eskerrak emateko modu bat dela uste du Gebrek.

Haiekin egindako lanak fruituak eman ditu, eta Gebrek erakutsi du zertarako gai den. Italian jokatutako Europako Txapelketan, 10.000 metroko proba aise irabazi zuen, 32.14ko denbora eginda. Bigarren sailkatuari, Valeriana Straneo italiarrari, 18 segundo sartu zizkion, eta denbora horrek datorren urteko Rioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera eman dio: «Duela gutxi arte, ez zitzaidan burutik pasatzen Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortzea». Hori, ordea, ez dago bere esku, Brasilen izateko hautatu egin behar baitute lehenik. Ez dirudi horretarako arazo handiegirik izango duenik 25 urteko gazteak.

Sasoian dagoela, geldiezina da, 2010ean Behobia-Donostia lasterketan erakutsi zuen bezala: galduta ibili ostean, 40 minutu beranduago irten zen. Korrika hasi, eta ia 20.000 korrikalariri aurrea hartu ostean, bigarren sailkatu zen. Inork ez luke sinetsiko hainbeste lekuko ez baleude. 2011an, aurreko urteko arantza atera zuen, proba irabazita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna