Arrauna. Benigno Lojo. Cabo da Cruzeko arraunlaria

«Arrauna droga bezalakoa da»

Bizitza erdia baino gehiago darama arraunean: «Ez dagoenean, haren falta sumatzen da», esan du. Asteburuan etxean ariko da, eta handik aritu da hangoaz eta hemengoaz, honetaz eta hartaz.

Benigno Lojo, tostan jarrita, patroiaren eskuari helduta. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Aspaldi batean, Coruña aldean (Galizia) Lurra bukatzen zela uste zuten. Itsasoa ez da han amaitzen. Nahiz eta batzuetan, munduaren akabera iragar dezaketen bazter horretako denboraleek. Gaurko emanda zegoenak, adibidez. Pixka bat leundu dela ematen du, hala ere, eta Euskolabel eta Euskotren ligetako estropadak jokatzeko moduan izango dira arraunlariak. Horietako bat da Benigno Lojo (Boiro, Galizia, 1982), Cabo da Cruzekoa. Eskarmentu handikoa da: bizitza erdia baino gehiago darama arraunean.

Noiz hasi zinen?

15 urte nituenean. Aita hil eta gero, oso oldarkor ibili nintzen bolada batean. Benik [Silva, entrenatzailea] esan zidan itxura ona nuela, eta iraungo nuela urte askoan gogoa jartzen banuen. Gaur arte.

Cabon denboraldi ia guztiak, hiru izan ezik: 2008an Rianxon, 2011n Pedreñan, eta 2012an Castron.

Castron eta Pedreñan urtea pasatu nuen bertan bizitzen, abendu-urtarriletik. Pare bat urtez ez nuen lanik egin.

Arraunetik bizitzen?

Bizi edo... Ez nuen zorte handirik izan Castron gauza batzuetan. Bestela, bertako jendearekin oso harreman ona izan nuen, eta, azkenean, hori da geratzen dena.

Zer ematen dizu arraunak?

Egunerokotik askatzea. Talde guztia batera joatea da, sufritzea, denok berdinak izatea, ikastea. Entrenamendua egin, sekulako egurra hartu eta plazebo efektua bezalakoa eragiten dit. Asko eman dit gauza askotan. Hainbeste urte segitzen duenak zerbaitegatik segitzen du. Maitasuna ez diozu hartzen, baina ez daukazunean, haren falta sumatzen duzu. Arrauna droga bezalakoa da.

Nola dago arrauna Galizian?

Nahiko ondo. Klub batzuk erortzen ari dira, baina beste aldera, indartsu daude Bueu, Meira, Tiran...

Harrobia badator?

Bai. Cabon, 90-100en bat ume ari dira. Baina ez dira gora denak iristen. Oraingo nerabetasuna... Ospa egiten dute askok. Normalean, onenak izaten dira, baina utzi egiten dute, edo beste kirol batzuetara joaten dira.

Galiziako traineru batek liga nagusia irabaziko du noizbait?

Mecosek ia irabazi zuen ligaren hasieran [bigarren izan zen 2003an], baina orain zaila da. Jose Manuel Franciscoren Tiran hura talde handia zen ere: Prego, Pazos, Vilariño, Rua, Hermelo, David Costas...Hemen egingo balitz horkoa, onenak elkartu handik eta hemendik ekarriz, beste gauza bat izango zen. Euskal Herrian ari dira Risi [David Iglesias, Urdaibain], Chila [Oscar Viudez, Santurtzin], Rua [Orion], Luis [Gonzalez, Urdaibain], eta gehiago. Oso onak dira, eta Ares berak ere arraunlari onak dauzka. Dirua egongo balitz hor bezala, eta hileko 2.000-3.000 euro eskaini buruko...

Dirua da arazoa?

Euskal Herrira doazen galiziarrak ez dira debalde joaten. Baina badira beste kontu batzuk ere. Risik eta Chilak umeak dituzte, eta familia osatuta, nola etorriko dira hona? Zerbait eskaini behar.

Liga irabaztearena zaila, baina zuek Cabon bi estropada irabaziak dituzue.

Hondarribian izan zen aurrenekoa, 2004an. Handia. Lau umemoko ginen eta. 23 urte neuzkan. Bigarrenak ere ilusioa egin zidan, 2018koak, Hondarriban hori ere. Hunkigarria izan zen hainbeste denbora pasatu eta bandera bat irabaztea. Zenbat talde, zenbat belaunaldi ez ote ditudan ikusi nik nirekin arraunean. Bigarrenean, Xabi semea jaiota zegoen, eta handik astebetera jaio zen Manuel, bigarrena.

Galiziako arraunaren alboan askotan jarri izan da hau:eremuak ez direla egokiak. Min ematen dizu horrek?

Bai. Euskal Herriko eremu batzuk ere politak dira ba. Portugaletekoa, adibidez. Edo Donostiakoa. Nik neuk Portugaleteko eremuari nazka hartu nion Castron ibili nintzenean [2012an]. Eremua estua da, kaleen arteko aldea dago. Azkenean, hiru kaleko eremua da, ez da laukoa. Liga bat hor erabaki behar bada, ederki gaude.

Leporatu izan zaizue zuen mesederako eremuak direla, baina bada datu bat...

Badakit zein den, bai: Galiziako traineru bat behin bakarrik izan da garaile hemen liga nagusian, eta Tiran izan zen, lehenagoko eremuan. Hor bai, hor bazeuden aldeak; eremu nahiko zaila da.

Euskal Herriko arraunetik Galiziakoari begiratzeko modua leundu egin du Euskolabel ligak?

Arrauna euskaldunak eta gu gara. Kontuak badaude giroa gaiztotzen dutenak. Aurreko igandean gu zigortzea,adibidez [hiru segundoko zigorra]. Batasuna bai, baina ez. Arraunlariak denok gara, baina bereizi egiten dituzte: goikoak eta behekoak. Gu ez gara ezer, galiziarrak.

Zergatik?

Ikusten dugun diru bakarra sarietatik jasotakoa da, eta gero, kexatu egiten dira beste batzuk. Ez dut ezer justifikatu nahi, baina badakit zer den Galiziatik kanpo arraun egitea, Kantabrian, eta badakit zer dagoen. Batzuek uste dute garrantzitsuagoak direla, eta ez naiz ari lurraldeen alderaketa egiten. Hala ere, Euskal Herrikoak beste maila batean daude.

Zertan, adibidez?

Entrenatzeko modua ezberdina da. Sekulakoak eta bi egin beharko genituzke guk horkoen mailara heltzeko. Diruz ere hobeto hornituta daude horkoak, eta, ondorioz, mediku kontuetan ere bai: elikadura denok zaintzen dugu, baina baimendutako edari bereziak erosteko aukera badute hor, adibidez. Guk ez. Guk ere badugu fisioterapeuta, baina ez dugu hango estropadetara eramaten, ezin dugulako. Horkoek leku guztietara eramaten dituzte.

Zergatik da ezberdina entrenatzeko modua?

Orain ez da hainbesterako, baina lehen, gogorregi entrenatzen ginen hemen. Pultsua ez genuen errespetatzen, eta pisua azkarregi altxatzen genuen. Orain lasaiago goaz, irailera ondo heltzeko.

Hainbeste oztoporekin, nondik ateratzen duzu motibazioa ligan segitzeko, asteburuero bidaia amaigabeak eginez?

Gustatu egiten zait. Gero, taldeari laguntzen ari naiz, urtero uzten duten arraunlarien zuloa hain handia ez izateko, kanpoan daudenak noiz itzuliko, edo lagatakoak noiz bueltatuko. Bikotekideak ere bultzatzen nau segitzera. Hasieran, haserretu egiten zait, baina, gero, lagundu egiten dit.

Etxekoen babes hori gabe...

Atera kontuak. 07:00etan ateratzen naiz etxetik, eta hamabi ordura aparkatzen dut kamioia [garraiolaria da], edo geroago. Entrenatzera joan behar gero, eta batzuetan, giro petral askoarekin.

Galiziatik hona egindako bidaietarako opor egunetatik hartzen dituzu jaiegunak?

Nik ez, baina taldekide batzuek bai. Hiru multzotan egiten ditugu bidaiak. Lehendabizikoan, trainerua eta furgoneta ateratzen dira, 14:00ak inguruan. Bigarrengoa 15:00etan ateratzen da, arraunlari batzuekin, eta, hirugarrenean, lana goiz eta arratsalde egiten dugunak goaz. 18:00ak aldera uzten dut kamioia. Horrela joaten gara.

Lotarako lekuak gehitu behar.

Hoteletan egoten gara, hobeto atseden hartzeko. Donostian eta Bilbon dauzkagu, lehenagotik hartuta. Azkena joaten den furgonetakoak Gijonen geratzen gara ostiralean, lo han egin eta bidaiaren azkeneko zatia larunbat goizean egiteko. Iritsi horra, taldea batu, entrenatu eta arratsaldean estropada.

Ze ordutan iristen zara etxera estropada hemen denean?

Aurreko igandean, 22:00etan, baina bidean geldialdia eginda.

Aste barruan kamioi gidari zara, eta asteburuetan klubeko furgoneta tokatzen zaizu?

Bai. Aurreko asteburuan bakarrik gidatu nuen joan eta etorri. Eta iaz uda osoa egin nuen bakarrik.

Lanean, kamioiarekin, istripu larria izan zenuen duela hiru urte.

Uztailaren 11n izan zen, denboraldi betean. Kamioia sistema elektroniko gabe geratu zen, eta ezin gelditu. Maldan behera nindoan, kargatuta. Zortea izan nuen hartxintxarra neramalako. Ahal nuen lekura arte eutsi nion kamioiari. Ezin zenean gehiago, biratu, eta atoia alde batera joan zen eta kamioia ibai batera erori zen, iraulita, aldapa batetik. Saihets bat hautsi zitzaidan, eta birikan sartu. Pneumotoraxa izan nuen, baina hilabetera lehian nintzen berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.