Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Distira gutxiko izarrak

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Izar baten distira neurtzeko garaian, izarrak berak sortzen duen argiaz gain, gugandik dagoen distantzia ere oso garrantzitsua da. Hots, nahiz eta izar batek argi itzela sortu, oso-oso urrun badago, gure zeruan ez da gehiegi nabarmenduko. Kontatu berri dudana oso fenomeno ezaguna da. Bada, antzeko zerbait gertatzen zaie pertsonei. Badira gure munduan hainbat arlotan asko nabarmentzen diren pertsonak, argi izugarria sortzeko gai direnak, baina gure gizartean distira txikia egiten dutenak. Zergatik, ordea? Gizartean ez direlako ezagutzen, gizartearen egunerokotik urrun baitaude.

Metaforak alde batera utzi eta adibide konkretu bat ekarri nahi dizuet gaurkoan. Gaur egun, adimen artifizialaren esparrua izugarri lehiakorra da. Google, Facebook edo Microsoft bezalako enpresek diru pilo bat gastatzen dute ikerketa lanetan, eta ikerlari onenei ederki ordaintzen diete haientzako lan egiteko. Ziurrenik adimen artifizialak ez du gaurko indarrik izan historian zehar. Beraz, oso zaila da hain maila altuan dauden ikerlari eta enpresen artean nabarmentzea. Askoz zailagoa hemen ikertuz gero, gure unibertsitateek dituzten errekurtsoak enpresa horiengandik oso urrun baitaude. Eta hala ere, hemengo ikerlari talde batek lortu du beharrezko argia sortzea. Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa Taldeko Mikel Artetxek, Gorka Labakak eta Eneko Agirrek lan ikusgarri bat argitaratu dute adimen artifizialeko kongresu onenetariko batean. Meritua are eta handiagoa da, haien lana konferentziako ehuneko hiru onenean sailkatu baitute.

Zer egin dute, bada, hiru ikerlariok? Hizkuntzen arteko itzulpen automatikoan pauso berri bat eman dute. Bi hizkuntzen arteko itzulpen automatikoa lortzeko, teknikarik onenak ikasketan oinarritzen dira. Ingelesezko testu pila batentzako haien gaztelerazko itzulpenak baditut, bi datu base erraldoi horiek ikasketa algoritmo bati pasatzen dizkiot eta berak ikasten du itzulpena egiten. Google Translator-ek, esaterako, horrela funtzionatzen du. Teknika horrek oso ongi funtzionatzen du, baina horretarako bi hizkuntzen arteko itzulpen pila bat behar dira. Zer gertatzen da, ordea, hizkuntza gutxituekin? Euskara bezalako hizkuntzekin? Horientzako ez ditugu behar adina datu base. Beraz, beste teknika batzuk aztertu behar dira. Ixa Taldeko ikerlariek teknika berri bat proposatu dute, hain justu, kasu horietarako. Eta oso emaitza onak lortu dituzte, gainera. Science aldizkarian haien lanari buruzko artikulu bat idatzi zuten eta Twitter bezalako sareetan dauden ikerlari handiek lanari buruz ere hitz egin dute. Ikusten duzuen bezala, argi itzela sortu dute. Baina izan al dute distirarik gure gizartean?

Egunero, telebistan nahiz irratian, sukaldariak, politikariak eta kirolariak ikusten ditugu. Horiek dira distiratsuak guretzat, beste hainbat gauzaren artean, gugandik oso gertu baitaude. Hain justu, komunikabideek gerturatzen dizkigute egunero. Baina ikerlariak ez. Nik dakidala, Euskadi Irratiko Faktoria saioan bakarrik egin diote elkarrizketa bat Mikel Artetxeri. Bejondeizuela, benetan! Noiz ikusi behar ditugu horrelako pertsonak albistegietan? Noiz gure egunkarietako leku garrantzitsuetan? Hainbeste argi igortzen duten ikerlariak gizartera gerturatu behar ditugu, haien distira ikus dadin. Gizarteak uler dezan zeinen garrantzitsua den haiek egiten duten lana. Zientzia eta teknologia dira aurrerapenaren motorrak. Ez ditzagun motor hori martxan mantentzen dutenak urruntasunera kondenatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.