Eibarrek Ipuruan ekingo dio gaur ligari, Huesca igo berriaren aurka

Aitor Manterola -

2018ko abuztuak 19
Prest da Eibar Lehen Mailan egingo duen bosgarren denboraldiari ekiteko, eta etxean hasiko du ibilbidea gaur, Huesca igo berriaren aurka (18:15). Etxekoen artean, badira berrikuntzak aurreko sasoiko taldearekin alderatuta, eta gaurko, berrien artean, jokalari hauek aukeratu ditu Jose Luis Mendilibarrek deialdirako: Pedro Bigas erdiko atzelaria, eta Sergio Alvarez eta Pablo Hervias erdilariak. Hemezortzi jokalari hautatu ditu lehen hiru puntuak eskuratu ahal izateko, eta hamaikakoari dagokionez, baliteke atean Yoelek jokatzea; atzealdean, eskuinetik ezkerrera, Ruben Peñak, Paulok, Arbillak eta Jose Angelek; euskarriak Escalante eta Jordan izango lirateke, eskuin hegalean Hervias eta ezkerrean Orellana dituztela, eta aurrean Enrich eta Kikek jokatuko lukete. Mendilibarrek herenegun esan zuenez, «erabakita daukat zein jokalari atera, eta garbi daukat aulkian geratuko direnak ere hasieratik ateraz gero taldeak lan ona egingo lukeela». Denboraldiaz, hauxe da haren iritzia: «Ez dut uste pare bat talde atzean azkar geratuko direnik, eta hamarren bat ariko gara ez jaisteko lehian».

Athletic-Leganes, bihar

Athleticek jokatuko du lehen jardunaldiko azken partida, Leganesen aurka, bihar San Mamesen (22:00). Eduardo Berizzoren estreinakoa izango da zuri-gorrien entrenatzaile lanetan. Gaur emango du deialdia, eta baliteke Iñigo Martinezek tokia izatea, hobera egin baitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna