Girona 1-1 Alaves

Betiko zigilu bera

Alavesek lan egin behar izan du Gironan puntu bat lortzeko. Stuanik gola sartu du, eta Bastonek berdindu egin du
Alaveseko jokalariak, Borja Baston zoriontzen, aurrelariak banakoa sartu ondoren, atzo, Gironan.
Alaveseko jokalariak, Borja Baston zoriontzen, aurrelariak banakoa sartu ondoren, atzo, Gironan. ROBIN TOWNSEND / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 13
Golak. 1-0: Stuanik (12. min). 1-1: Borja Bastonek (50. min). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Gironako Douglas Luizi, Stuaniri eta Pere Ponsi; eta Alaveseko Calleriri eta Laguardiari. Bestelakoak. 10.303 ikusle Montilivin.

Klubaren historiako lehen itzulirik onena Gironaren aurka berdinduta bukatu zuen atzo Alavesek. Bere ohiko zigilua jarri zion partidari, eta, modu horretan, puntu baliotsu bat patrikaratu zuen Montilivin. 32 ditu jada; beraz, oker handirik ezean, berandu gabe ahaztu ahalko da mailari eusteko helburuaz. Arabarrek erabat barneraturik daukate Abelardoren plana, eta partidaz partida aplikatzen dute, ia okerrik gabe. Atzo ere, lanerako atorra jantzi, eta jo eta su aritu ziren pikotx eta palarekin. Lehen zatian estu hartu zituen Gironak, baina gasteiztarrek odol hotz handia erakutsi zuten berriz ere. Aurrerapausoa eman zuten bigarren zatian, eta, lehia berdindu ostean, sendotasun handiz eutsi zioten emaitzari.

Lehen minutuak elkarri neurria hartzeko baliatu zituzten bi taldeek. Dena den, berehala piztu zen partida, 11. minutuan gol ikusgarria sartu baitzuen Stuanik. Baloia area barruan kontrolatu, eta txilenaz bidali zuen sarera. Kolpeak min egin zion Alavesi, eta asko kosta zitzaion altxatzea. Gironak zuloa topatu zion ezker hegalean, eta Arabako taldeak ezin izan zuen itxi. Porrok eta Portuk erotu egin zuten Duarte. Erasoan, berriz, ezer gutxi egin zuten Abelardoren mutilek. Asko kosta zitzaien jokaldiak ehundu eta areara gerturatzea. Hots, Ibairen eta Jonyren falta sumatu zuten. Aukerarik garbiena 34. minutuan izan zuten, Alcalak Bastoni baloia ateko zulotik atera zionean.

Atsedenaldiak on egin zion Alavesi, alor guztietan egin baitzuen hobera aldagelatik bueltan. Berehala egin zuten banakoa (49. min): Calleriren erremate oso kaskar bat gola sartzeko pase bihurtu zen, eta Bastonek zartako batekin profitatu zuen. Hortik aurrera, aurkaria baino erosoago aritu zen Gasteizko taldea zelaian. Defentsan ondo itxi zituen lehen zatian utzitako zuloak, eta aukeraren bat izan zuen 1-2koa egiteko; garbiena, 70. minutuan Bonok Calleriri gelditu zion burukada bat. Azken minutuetan gose gehiago izan zuen Gironak, premiazko hiru puntu lortzeko —bost partida zeramatzan irabazi gabe—, baina Alavesen defentsa sendoarekin egin zuen topo.