Alaves 1-2 Vila-real

Bihurrikeria egin dio

Alaves esku hutsik utzi du Niño hasiberriak neurketaren azken hatsean sartutako gol batek. Arabarrak txukun aritu dira, baina jo handiagoa izan du Vila-realek

Alaveseko Joselu aurrelaria etsita, atzo, Mendizorrotzan. Hark sartu zuen berdinketaren gola. JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Baccak (10. min.). 1-1: Joseluk (80. min.). 1-2: Niñok (89. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Alaveseko Elyri eta Duarteri; eta Vila-realeko Quintillari. Bestelakoak. 18.153 ikusle Mendizorrotzan.

Festa bihurtzeko osagai guztiak zituen atzo Alavesek Vila-realen aurka jokatu zuen partidak. Arabako kluba 99 urte bete berria zen, eta denboraldiko boladarik emankorrena kateatuta ospa zezakeen. Kandelei putz egiteko prest ziren Mendizorrotzan bildutako zaleak. Haatik, gauzak berandu gabe hasi ziren okertzen. Kanpokoek berehala egin zuten lehen gola; beraz, norgehiagoka osoa haize kontra jokatu behar izan zuen Arabako taldeak. Gogor ahalegindu zen markagailua berdintzen, eta lortu zuen azkenean, Joseluk amaiera partean sartutako gol bati esker. Landutako puntua lortzeko bidean ziren gasteiztarrak; ordea, azken unean, esku hutsik utzi zuen Fernando Niñoren bihurrikeria batek. Aurrelariak debuta zuen Espainiako Lehen Mailan; bada, sartu eta bi minutura egin zuen gola, ukitu zuen lehen baloia baliaturik.

Neurketa erritmo biziarekin abiatu zen. Ekimena Vila-realek hartu zuen, eta Alaves kontraerasoan zorrotza izaten ahalegindu zen. Hots, esperotako norabidea hartu zuen partidak. Lehen imintzioa etxekoek egin zuten, hasi eta berehala. Riojak sarera bidali zuen baloia jokaldi azkar batean, baina epaileak baliogabetu egin zuen gola: jokoz kanpo zegoen Lucas Perez, azken pasea eman zuen jokalaria. Baccak 10. minutuan sartutakoa, ordea, bai, markagailura igo zen. Albiolek luze jokatu zuen Martinen bizkarrera, eta Moiren erdiraketa oztoporik gabe errematatu zuen aurrelari kolonbiarrak. Barruraino errazegi sartu zitzaizkion Alavesi.

Erasoan eroso ziharduen Vila-realek. Nahieran zebiltzan erdilariak, Trigueros buru. Alaves, ordea, lanak ari zen izaten Asenjoren ate ingurura hurbiltzeko. Nolanahi, lehia orekatzea lortu zuen minutuek aurrera egin ahala. Area inguruan geroz eta maizago agertzen hasi ziren arabarrak, batik bat Aleix Vidal, Joselu eta Lucas Perezen eskutik. Hurbilketa arriskutsuak izan zituzten, baina azken metroetan asmatzea falta izan zitzaien aurkaria benetan estutzeko. Areaz kanpotik, Joseluk eta Vidalek egindako saiakera bana izan ziren etxekoen gol aukera bakarrak lehen zatian.

Atsedenetik bueltan, atezainen unea iritsi zen. Alavesek erritmoa gogortu zuen, eta bi aukera izan zituen erreskadan, 56. eta 60. minutuetan. Lehenik, Vidal bakar-bakarrik gelditu zen ate aurrean, Camarasaren lerro arteko paseari esker, baina kataluniarraren ahalegina ezerezean utzi zuen Asenjok. Hori gutxi ez, eta Vila-realeko atezainak sekulako gelditua egin zion Manu Garciari, erdilariak buruz indartsu errematatu ostean. Pachecok ere bere abileziaren berri eman zuen, buruz buru gelditu ederra eginda Chukwuezeri.

Alavesek ez zuen amore eman, eta ekinean jarraitu zuen, harik eta 80. minutuan Joseluk banakoa egin zuen arte. Arabarren jokaldi klasikoa izan zen: luze jokatu zuen Laguardiak, baloia buruz ukitu zuen Joseluk, eta hark amaitu zuen jokaldia, Lucasen pasea jaso ondotik. Gauzak hala, 87. minutuan Niño zelairatu zuen Callejak, eta, bi minutu geroago, hemeretzi urteko gazteak Vila-realen bigarrena egin zuen. Kontrol zoragarria egin, eta zartako batez gainditu zuen Pacheco.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.