Errealitate birtualetik 'Realpolitik'-erat Ukrainan

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Badirudi ibilbide politiko edota instituzionalik gabeko hautagaiak lehia politikoan sartu eta bat-batean gailentzea ohiko afera bihurtzen ari dela nazioartean —horra hor Trump edo Beppe Grillo, bertzeak bertze—. Ukrainan outsiderren joera horrek esperimentazio maila gorena lortu duela ematen du, Zelenski presidente hautatu berria ez baita soilik «berria» politikagintzan, baizik eta ez baitu babesten duen alderdi ezagunik. Areago, hauteskunde hauetarako propio sortutako alderdiak, «Herriaren Agindupekoa», telesail ospetsu batean Zelenski aktoreak haragitzen duen presidente bilakaturiko irakaslearen alderdiaren izen berbera hartzen du. Telebista kate pribatuek estaldura desorekatua eta partziala eskainita eta hauteskunde kanpaina etengabeko reality show gisa garatuta, surrealismoa gailendu da, eta fikzioa errealitatea bihurtu da, non eta Realpolitik-ek adibide argienetakoak ematen dituen herrialdean.

Izan ere, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubi kokapena izanik, Europar Batasunerako garrantzi geoestrategiko handiko herrialdea dugu Ukraina. Horren Auzotasun Politika Europarraren kide inportantea izanik, 2017an sartu zen indarrean bien arteko Elkartze Akordioa. Azken hamarkadetan 45 milioi biztanle arima europarraren eta arima errusiarraren artean kulunkatuz, Errusiarekiko tentsioa puri-purian bizi du: Krimeako penintsula Errusiak duela bortz urte anexionatua du, eta latente dago ekialdeko Donetsk eta Lugansk erregioetan 13.000 hildako eta 1,2 milioi barne desplazatu sortu dituen gerra. Horri gehitzen zaio Europar Batasuneko ekialdeko herrialdeak —Polonia, Alemania, Austria, e.a.— elikatzen dituen gas-hodi nagusiaren pasabidea izatea.

Horrez gain, Europako herrialderik pobreenetakoa da Ukraina. Gutxieneko pentsioa 60 euro baino gutxiagokoa eta batez bertzeko soldata 300 euro ingurukoa izanik, zerbitzu publikoen prezioen igoerak eta %10en gaineko inflazioak biztanleen erosahalmena nabarmen kaltetzen dute. Lan baldintza kaskarrek eta langabezia altuak lau milioi ukrainar emigraziorat bultzatu dituzte azken urteotan. Kieveko dinamismo ekonomikotik harago, oso bertzelako errealitatea dago. Eta hori guztia gutxi balitz, bizitza publikoak ustelkeriaz gainezka egiten du.

Janukovitx errusiazalea presidentetzatik bota zuten Euromaidaneko mobilizazioek Poroxenko europazaleari agintearen bidea erraztu zioten. Horrek gerra mantentzeko aurrekontu militarra igo, eraikuntza nazionala indartu, EBrekiko Elkartze Akordioa erdietsi eta Rada Gorenean (Parlamentua) EBn eta NATOn integratzearen aldeko «atzeraezinezko» bidea konstituzio-emendakin bidez onartzea bultzatu du, baina ez dio ustelkeriari jazartzeari edota egoera ekonomikoa hobetzeari eutsi, biztanle gehienek eskatzen zioten bezala. Ondorioz, hauteskundeok elite politikoen kontrako eta bereziki Poroxenkoren aurkako erreferendum itxura hartu dute. Eta horren emaitza izan da Macron eta Bolsonaro bezain ezberdinak diren liderrak miresten dituen Zelenski iritsi berriak irabaztea, gehiengo zabalez, ia herrialde osoan, lehenengoz eztabaida marko europazale argi baten baitan.

Irabazi bai, baina proposamen argirik gabe. Herrialdean Monitorizazio Misio Berezia duen eta hauteskundeak behatzen dituen Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak berak (OSCE) afera azpimarratu du presidentetza-hauteskundeei buruzko Aurretiko Ondorioen Adierazpenean: «hauteskundeak lehiakorrak izan dira, eta oinarrizko askatasunak errespetatu dituzte (...) Hala ere, bi itzulietako kanpainari interes publikoko gaien inguruko egiazko eztabaida falta izan zaio».

Zelenskiren esperientzia falta baino gehiago, programa argi eta zehatza aurkeztu ez izanak sortu du kezka nazioartean, bereziki segurtasun eta estrategia mailan. Erronkak handiak dira: Errusiak ongi daki gas horniduraren bidez EBren baitan desadostasunak eragiten dituela, eta eragina irabazten; horretan ari da oraingo Ukrainako gasbidea eta garatzen ari den Nord Stream 2 proiektua baliatuz. Azken hori gauzatzeak, gainera, egun Ukrainak jasotzen dituen igarotze zergen bilketa murrizterat eraman lezake, herrialdearen egoera ekonomikoa okertuz, seguruenik atsekabe soziala areagotuz. Aldi berean, Errusiak berriki zabalduriko Krimearekin lotzen duen Kerch itsasartearen gaineko zubiak eragindako EBren eta NATOren gaitzespenek ezin izan dute nazioarteko zuzenbidearen urratzearen errealitate egoskorra ekidin. Donbassen Minskeko Akordioen inplementazioaren zailtasunak etengabeak dira, OSCEren Monitorizazio Misio Bereziak jakinarazten duenez. Zein izanen da Zelenskiren politika kontu horietan guztietan?

Erranak erran, ez dirudi EBrengandik baldintzarik gabeko babesik jaso ahal duenik: brexit-en gorabeherak, Mediterraneoko mugako errefuxiatuen krisiak, AEBekiko harreman zailtasunak eta gasaren aferan izandakoen moduko barne desadostasunak nahiko zail bihurtzen dute Europaren jarrera bateratu eta batez ere eraginkorrik eskaintzea Ukrainan ere. Gauzak horrela, argi dago berebiziko inportantzia izanen duela oraintxe ez duen barne babesa lortzea: presidente berriak azaroko hauteskunde parlamentarioei begira bere alderdi sortu berria gorpuztu eta aliatuak lortzeko ahalegin handia egin behar izanen du. Realpolitik-ek fikzioaren magia goizegi haustea nahi ez badu, errealitate birtuala bigarrenez egiazko errealitate bihurtzeko beharra izanen du Zelenskik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.