Giza desjabetzaren arrakalak

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ziurgabetasun eta noraezak baldintzatutako aro garaikidea da gurea, non elkarbizitza harreman beroak eta aurrez aurrekoak higatuz doazen eta gizakia bera ulertzeko modu bat iraungitzen hasita dagoen. Hara nola, Zaintzaren kapitalismoaren (Shoshana Zuboff) morrontza logikak norbanakoen bizitza osoa zipriztindu eta bereganatzen diharduen. Zuboffek dioenez, zaintzaren kapitalisten jomuga berria ez da jada izadia mendean hartzea, giza izaera bere osoan mendean hartzea baizik, norbanakoen jabetza eta kontrola bereganatuz giza taldeen portaera aurreikusgarri egin eta mendean harturik nahieran maneiatu ahal izateko. Hara zelan bizi dugun sistemaren digitalizazio abiadura hedakorrak berebiziko eragina izaten ari den, eta gizatasuna bera, hilzorira daroan zauri zornatuaren gisan, alferrekoa, bazterrekoa eta arazotsua egiten zaion zaintzaren sistema digitalari.

Aldi berean, baina, ikusten ari garenez, sortu dugun aurrerabideak ahuldu egin ditu giza biziera beraren biziraupen baldintzak, ekosistemaren jasangarritasuna kolapsora eramanda, eta orain, lehen baino ageriago ikusten dugu ez gaudela hain ziur edozelan egindako aurrerabideaz, are gutxiago, etortzear dugun etorkizunaz.

Teknologiak dakarren aurrerabidea ez da jadanik arazo guztien konponbide gisa ikusten, arrisku-iturritzat ere jotzen dugu, eta, aldi berean, zein helburutarako balio beharko ote duenzehazteko, jasangarritasunaren kontzientzia handitu egin dugu. Giza bizitzaren gaineko honako ideia ez da alferrekoa: aurrerabidearen eta ongizatearen izenean sortutako hondamendiek nahiko ez genituzkeen ondorioen menpe jartzen gaituzte, morrontza berriak sortuz; hori bederen ondo barneratu eta ikasi dugu igaro dugun mundu mailako Shock (Naomi Klein) luzean. Hau da, patroi zibilizatorioaren krisia aspalditik zetorren arren sakoneko arrakala haragiturik bizi ahal izan dugu, bai norbanako gisa zein talde gisa. Adituek diotenez, sistema leheneratzeko ahalegina antzua izango da honezkero, eta susperraldiak izango diren arren, deshazkuntza derrigortuaren joera beheranzko bidean izango da.

Sortutako arrakala sakona dela ikasi dugu: krisi ekologikoa, krisi klimatikoa, krisi energetikoa zein finantza krisia daudela arrakala horien artean. Hondamendi horiek, ondoezak jota dagoen zibilizazio patroiaren sintoma garaikideak direla erakutsi digute. Halabeharrez, zer ekonomia, zer hazkuntza, zein garapen eredu eta zein gizaki mota den etorkizunari begira dagoena, saihetsezineko kezka-gaiak bihurtu zaizkigu.

Giza identitatearen galdera zaharrak balio liezaguke norabide bat zertzen ari garen honetan. Egungo zibilizazio patroiaren krisiak, erdiguneko kezka-gaia dela erakutsi digu. Baina egin litezkeen aurreikuspenak ez dira hain onak. Gizatasun ondorengo aroan sarturik ote gara dagoeneko? Giza ostearen ataria al da bizitzen hasita gaudena? Atzean utzi dugu gizaki neurriaren araberan eraikitako giza identitatearen ulerkera bat, Ilustrazioaren ondorengotik edan duguna. Gaur, abiaduraren, informazioa teknologien, bioteknologien eta globalizazio kulturalaren mendean, giza oinarriek pairatu duten krisirik sakonena, humanismo tradizional horren gainbeheratik uler bailiteke: liburuaren kulturak, hezkuntza-kanonak, teknika pedagogiko jakineko instrukzioaren bidea, ezagutza ulertzeko mundu baten akabera dakarte, eta horrekin batera gizakia ulertzeko modu bat ere bai.

Egungo gizakiaren sozializazioari begira jarriz gero, komunikabideetako informazio-bitartekoen eta teknologia berrien mendean bizi garela ikusten dugu. Hara, komunikabide teknologien eta bioteknologien erabilera, giza portaera maneiatzeko garatutako tekniken adibideak dira. Egungo teknikaren potentzial apokaliptikoari, giza portaera bideratzeko duen gaitasuna ez ezik, giza espeziearen iraupena arriskuan jartzeko duen gaitasuna gaineratu behar zaio, bi ahalmen erraldoi horiek, ikusten ari garenaren lez, gizateriaren jokabidea elite baten mesedetan bideratzeko botere-lehia erakusten baitute. Hala ere, elite baten mesedetan elikatzen den etorkizun teknologiko digitala goratzen dihardugu, nahiz horretarako lurraren gaineko bizi-baldintzak suntsitzera zuzen goazen.

Zaintzaren kapitalismoaren logika iraunkorrak, sistema digitalizatzailea bere-berea egin duela ikusten ari gara; hiper-kontsumismoaren azal abegikor eta mozorrotuan, aurrerabidearen noraezak, ezjakintasunari buruzko ezjakintasuna estaltzea du xede: kapitalista teknokraten funtsezko tabua da. Izan ere, kultura teknokratiko horren kontrakoa aldarrikatzen duen diskurtso zientifiko batekin mozorrotzen da iritzi publikoaren aurrean: gizateriaren noraeza, ziurtasun absolutu gisa saltzen diren egiaz eta epe laburreko arrakasta berriz estaltzen da. Zaintzaren kapitalisten diru gosea ase ezina baita: gizateria bere osotasunean bereganatu nahi lukete; eta guztiaren gainetik, Zuboffek hala dio, giza esperientzia (giza identitatea) bereganatzea zatekeen altxor berria, gainerako guztion desjabetza derrigortuaren bidez, norbanakoa sistemaren morroi mekanizatua bihur ahal izateko.

Giza desjabetza hori da jada gertatzen ari dena, izan ere, giza ostearen arrakala ikusten hasita gaude honezkero, giza izaera desjabetuz, mundu teknologiko eta biologikoarekiko sinbiosian, gorpu-objektu-merkantzia bihurtzeko bidean goaz, konputagailu eta robotekin bat eginda harmoniatsu bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.