urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Entsegu orokorra

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Historiarekin hitzordua dauka gaur Kanakyk, Kaledonia Berriak. 165 urteko kolonialismoaren ondotik, independentziari buruzko erreferenduma egingo dute, duela bi hamarkada Noumeako akordioetan adostu bezala. Mende amaiera odoltsu bat bideratzeko eta gatazka armatu bati konponbidea emateko ituna zen, frantses inperialismoak hamarkada luzez Pazifikoan egindako gehiegikerien ostean.

BERRIAren paperezko aleak kiosko edo etxeetara heltzerako, galdeketa amaitzear edo amaituta egongo da, Ozeaniarekin dugun ordu aldaketagatik, eta igandean zehar jakingo ditugu emaitzak. Uharte nagusia eta artxipelagoa bera aski handia izan arren hedaduraz, ez dira milioi laurden han bizi direnak; are gutxiago, 174.000 baino ez, Kaledonia Berriaren etorkizunaz bozkatzeko eskubidea dutenak. Ohiko hauteskundeetan artxipelagoan erroldatutako frantses herritar orok du boto eskubidea; autodeterminazio ariketa honek, baina, inplizituki aitortzen du kolonialismoak Kanakyn erabilitako politika arrazista, gizarte mailakatzea eta biztanleria aldaketa. Aljeriaren ostean Le Caillou izan baitzen Europatik populatzeko bigarren kolonia. Gaur egun, hamar biztanletik lau ere ez dira kanakak; aldiz, Noumea ondoko Camp Est espetxeko presoen % 90 kanak gazteak dira.

Horren ondorioz, kanak herritar guztiei Kanakyrekiko lotura onartzen zaienez, badute gaur bozkatzerik; gainontzeko herritarren artean (europar jatorriko zuriak zein Asiako edo Pazifikoko beste uharteetakoak), baldintza bat ezartzen zaie: duela bi hamarkadatik han bizi direnek edo haien ondorengoek baino ez dute erreferendumean parte hartzerik. Horietako gehienak Noumea hiriburuetan eta aldirietan bizi dira, Hexagonoaren luzapen tropikal bat balitz bezala. Handik iparrera, eta uharte txikiagoetan, biztanle indigenak dira nagusi. Besteak beste, munduko nikel meatzerik garrantzitsuenetakoak dauden lurretan. Petrolioarekin gertatu bezala, ondasun naturalak herriarentzako aberastasun izan ordez, zama eta galga izaten dira gehienetan, aberastasun hori epe luzeko egitasmobatekin kudeatzen asmatu ezean.

Erreferendumerako zerrenda berriarekin kanak boto emaileak %46ra iritsita ere, sekulako ustekabea litzateke baietza kopuru horren inguruan ibiltzea. Baietzaren garaipena ia ezinezkotzat jotzen dute denek gaurko galdeketan. Azken batean, Al Jazeerak Florena Nirikani militante independentistarekin egindako bideoan aitortzen duenez, «independentzia hitzak beldurra ematen dio jendeari, ez dakielako zer dagoen gero». Behin baino gehiagotan esan dugu, autodeterminazio eskubidea deskolonizazioarekin baino ezin dela lotu diotenen aldean, XXI. mendean kolonia horiek direla loturak mozteko zailen dutenak: Komoreetatik Mayotte frantsesera doaz migratzaileak, Karibeko uharteetatik Guadalupe edo Martinikara bezala. Aime Cesaire poeta eta negritude mugimenduaren sortzaileak behin baino gehiagotan egin zuen independentziaren aurka: antikolonialismoak ezin zituen hiru mendetako krimenak, lapurretak eta esklabotza ahantzarazi. Metropoliari koloniez libratzea komeni zitzaionean, aski ustiatu zituela iritzita, ziur aski kolonietako biztanleek frantses herritar bihurtzeko abagunea zen. Britainiar edo frantses inperioetako biztanle guztiak herrialdeotako herritar balira gaur egun, nigeriar edo maliar gazteak bere europar pasaportearekin etorriko lirateke, Mediterraneoan ito gabe.

Kontuak kontu, independentismoak ahalegin berezia egin du ohiko hauteskundeetan izena ematen ez duten kanak herritar horiek aktibatzeko, eta mila gutxi batzuk mobilizatzeak nabarmen alda dezake azken emaitza. Noumeako akordioek hiru erreferendum egiteko aukera ematen baitute, eta gaur irabazi gabe ere, baietza indartsu geldituko balitz, helburua lorgarria den seinale litzateke.

Parisko sarraskitik eta Aljeriako independentzia gerratik bost hamarkada eta erdira onartu du Frantziako presidente batek armadak aljeriarren aurka erabilitako tortura eta gerra zikina sistematikoak izan zirela. Melanesian eta Polinesian frantses inperialismoaren, kolonialismoaren, proba nuklearren eta politika arrazisten biktima izan diren herriek ere izanen dute ispilu aurrean jartzeko aukera. Lehen hitzordua gaur da, Kanakyn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.