OSASUNA 2 BARTZELONA 2

Harresiak zutik dirau

Osasunak partida handia jokatu du Bartzelonaren aurka, eta puntu bat urratu du. Hala, eutsi egin dio Sadarreko boladari. Torresek sartu ditu nafarren bi golak

Osasunako jokalariak, atzo Bartzelonari sartu zizkioten bi goletako bat ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Roberto Torres (6. min.). 1-1: Ansu Fati (51. min.). 2-1: Arthur (63. min.) 2-2: Roberto Torres (80. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Osasunako Fran Meridari, Brandoni eta Moncayolari; eta Bartzelonako Sergi Robertori, De jongi eta LeNgleti. Bestelakoak. 16.742 ikusle Sadarren.

Norgehiagoka handia jokatu zuen atzo Osasunak Bartzelonaren aurka, eta puntu bat urratu. Hala, eutsi egin dio Sadarreko boladari. Torresek sartu ditu nafarren bi golak

Osasunak azkar batean hartu dio neurria Lehen Mailari. Lehen bi partidetan, parez pare lehiatu zen bi aurkari zuzenen aurka, eta, atzo, beste horrenbeste egin zuen txapelketako kolosoetako batekin. Oso estu hartu zuen Ernesto Valverderen Bartzelona, eta ondo merezitako puntu bat patrikaratu zuen harresi bihurtutako Sadarren.

Gorritxoek 26 partida zeramatzaten etxean galdu gabe, baina azterketa oso zaila zuten atzo, Espainiako Ligako txapeldunaren aurka. Bada, oso nota onarekin gainditu zuten. Kate motzean lotu zituzten kataluniarrak, eta apenas utzi zieten beren talentua azaleratzen. Gainera, zorrotz aritu ziren erasoan, Meridaren sormena eta Brandonen eta Avilaren borroka profitaturik. Hala, garaipen kutsuko berdinketa bat lortu zuten.

Ikustekoa izan zen nafarren lehen zatia. Jagoba Arrasatek arbeleko lehia irabazi zion Valverderi, presio itogarri eta aurreratua ezarriz. Bartzelonak, akaso, aurkari otzana espero zuen; bada, Osasunak erauntsi batekin egin zion ongietorria. Arrapaladan ekin zion lehiari, eta berehala jaso zuen saria, 6. minutuan. Roberto Torresek boleaz errematatu zuen Brandonen erdiraketa, eta Ter Stegenek ezin izan zuen ezer egin erdilariaren jaurtiketa indartsua gelditzeko. 1-0ekoarekin, nafarrek atzerantz egin zuten pixkanaka, baina jokaleku berrian ere eroso aritu ziren. Zirrikitu guztiak itxi zizkieten kataluniarrei, lerroak ondo kokatuta, eta zaintza oso estua eginaz. Hala, baloiaren jabe izanagatik, kanpokoek ez zuten batere sakontasunik izan, eta Ruben Martinezen atera jaurtiketa bakarra egin gabe joan ziren aldageletara.

Ansu Fati, pizgarri

Gauzak aldatu egin ziren bigarren zatia hasi orduko. Valverdek Ansu Fati gaztea zelairatu zuen Nelson Semedoren ordez, eta aldaketak on egin zion taldeari. Hainbeste, ezen ginearrak banakoa egin baitzuen 51. minutuan. Nacho Vidal eta Aridaneren artean sartu zen area barruan, eta buruz egindako erremate zehatz batekin gainditu zuen Ruben. Hortik gutxira, Arthur atera zuen Valverdek, eta aldaketa horrekin ere, asmatu. Brasildarrak argitasuna eman zion Bartzelonaren jokoari, eta, hori gutxi balitz bezala, 1-2koa sartu zuen 64. minutuan. Estupiñani izkin egin, eta jaurtiketa neurtu batekin bidali zuen baloia sarera.

Zirimolan sartuta zegoen Osasuna, baina lortu zuen zorabiotik osatzea. Gola jaso eta berehala, binakoa egitear izan zen Brandon, baina ez zuen asmatu baloia buruz sareratzen. Gorritxoak adoretzen hasi ziren pixkanaka, Arrasatek egindako aldaketen laguntzarekin. Robert Ibañez, Moncayola eta Villar sartu ziren zelaira, eta indarberritu egin zuten taldea.

Hori horrela, 81. minutuan eztanda egin zuten berriro Sadarreko harmailek. Piquek eskuarekin ukitu zuen baloia area barruan, eta Torresek ez zuen barkatu penalti puntutik. Azken txanpan,2-3koa egitear izan zen Carles Perez, baina oso adi egon zen Ruben. Hala, bost puntu ditu jada Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.