Ezkerreko abertzaleak bozetan

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Munizipalak dei ditzagun datozkigun hauteskundeak, eta ez herrietakoak; herriaren desegituraketa hain da sakona non herririk oraindik ba ote den duda baitezakegu.

Edozein gairi buruz gogoetatzerakoan egin behar genukeen bezala, presondegitik kanpo hausnartzen saia gaitezen. Gaiarekiko distantzia kritikoa har dezagun.

Horrela ohartuko gara hauek ez direla abertzaleon hauteskundeak; frantses patriotenak baizik. Gogora dezagun frantses errepublika, hiru eragile historiko nagusiren ondorioz dagoela indarrean Euskal Herrian: estatuaren inposizioa, bertako batzuen kolaborazioa eta gehiengoaren auto-morrontza.

Sistema politiko hori arrotza zaigu, lehenago gure herrian beste bat bazela ondorioztatuko dugu. Gure-gurea den hori azter dezagun, beraz, eta iragan hurbileko eta urruneko biltzarretan interesgarri iruditzen zaizkigun ibilmoldeak topatuko ditugu.

Oraindik abertzaleak garenez, hots independentistak, frantses hauteskundeetan esku hartu aitzin, nahi genukeen Euskal Errepublika nolakoa litzatekeen hausnartuko dugu interesa dugunon artean, eta zuzenki eraikitzen hasiko gara.

Frantses hauteskundeetan esku hartuko dugu, soilik euskal herritarren burujabetasuna bermatzeko sortuko ditugun euskal instituzioen jarduerak frantses instituzioetatik indartzen ahal baditugu; bestenaz, ez diegu batzuei gure zapalkuntzan bidea erraztuko.

Oraindik ezkerrekoak garenez, hots esplotazioaren aurkakoak, hau da, historikoki gizonek emakumeen eta gizonen aurka gauzatu duten esplotazioaren kontrakoak, frantses hauteskundeetan esku hartu aitzin, esplotaziorik gabeko jendartea nolakoa litzatekeen hausnartuko dugu interesa dugunon artean, eta zuzenki eraikitzen hasiko gara.

Frantses hauteskundeetan esku hartuko dugu, soilik jendarte mota horren eraikitzea frantses instituzioetatik indartzen ahal badugu; bestenaz, ez diegu batzuei gure esplotazioan bidea erraztuko.

Frantses instituzioetatik helburu hauek lortzea oso-oso zaila izanen zaigula ikusiko dugu, frantses iraultzatik datorkigun sistema politiko errepresentatiboa, boterearen delegazio iraunkorrean oinarritzen dena, herriari burujabetasuna kentzeko sortu baitzuten gizon burgesek, emakumeak eta gizonak esplotatzen segitu ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegora ere hauteskundeak datoz laster. Horiek ere ez direla abertzaleon hauteskundeak ohartuko gara; espainol patriotenak baizik. Espainol konstituzioa ere arestiko hiru eragile historikoen ondorioz dago indarrean Euskal Herrian.

Espainiako eta Frantziako legediek euskaldunona desagerrarazi digutela? Gure legedia berreraiki dezagun, laguntasun osoz espainiar eta frantziar ororekin. Bi estatuek desegin dituzten gure instituzioen ordez indarrean ezarri dituztenek ez dietela gure beharrei erantzuten? Gure egitura politikoak eraiki ditzagun, elkartasunean espainiar eta frantziar herritar guziekin. Estatuek armak erakutsiko dizkigutela? Hortzak erakusteko molde hoberena irri egitea dela erakutsiko diegu. Eta ez badute barre egin nahi? Defendituko gara, elearekin bereziki, «La palabra es una arma cargada de futuro» hitzen ildotik, baita aurkariarekiko laguntasunarekin ere, ez laguntasun inozoa, baizik eta onginahiaren bidez parekoaren zilegitasunik gabeko jokamoldea aldarazi nahi duen laguntasuna. Armak gure aurka erabiliko dituztela? Auto-defendatuko gara, etikoki eta eraginkorki. Ez dugu etsairik, aurkariak aldiz anitz, eta egiten dizkiguten bidegabekeriak desagerrarazteko esku bat erabiltzen badugu, bestea beraiena tinkatuz bakea egiteko luzatzen diegu.

Frantses eta espainol lege arrotzek inposatzen dizkiguten joko arauetan mugitzen ari gara, gureak gogoetatu, zehaztu eta gauzatu behar genituzkeelarik. Hausnarketa honentzat, gure iraganeko auzo biltzarren adibideaz elikatzeaz gain, hain zuzen frantziar iraultzan herritarren boterearen delegazio iraunkorraren aurka eta beraz zuzeneko gauzapenaren alde borrokatu ziren egiazko iraultzaileen esperientzian edanen dugu.

Oso lagungarria izanen zaigu ere haien ondorengoak izan ziren Pariseko 1871ko La Communeko emakume eta gizonen borroka. Eta iraultzaile horiek ez ditugu ahantziko. Bereziki datorren urtean gogoratuko ditugu, beren masakrearen 150. urteurrenean. Eta arrazoia emanen diogu garai hartan ondoko hau erran zuenari: «Gorputzak lurrean dira, baina ideiak zutik dirau».

Eta 150 urte hauetan askatasun egarri horren lekukoa eraman duten mugimendu libertarioak aztertuko ditugu, azken 20 urteetan esku artean daramaten zapatistei arreta berezia ezarriz.

Eta euskaldunok azken horiekin lekukoa eramanez, ezkerreko abertzaleok esplotaziorik gabeko euskal nazio bat eraikiko dugu, botere delegazio iraunkorra bermatzen duten hauteskunderik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.