Karabakh Garaia

Su-etena indarrean sartzeko eskatu diete Azerbaijani eta Armeniari

Errusiak, AEBek eta Frantziak «pausoak» ematea exijitu dute Karabakh Garaiko gatazkako bi aldeek adosturiko neurriak ezartzeko

Armeniako eta Errusiako Atzerri ministroak, herenegungo bilkuran. EPA / EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Armeniako eta Azerbaijango Atzerri ministroek iragan asteburuan hitzartu zuten su-eten bat Karabakh Garairako, arrazoi humanitarioak medio, baina, erabakia indarrean sartu eta berehala, bi aldeek elkarri egotzi zioten menia urratzea. Erevanek atzo bertan berretsi zuen kritika hori, Baku «fronte guztietan» ari dela erasoan argudiatuta; Azerbaijango armadak, berriz, adierazi zuen Armeniakoa bere eremuan erasoak egiten ari dela. Testuinguru horretan, bitartekari lanetan ari den Minskeko taldeak bi aldeei exijitu zien «berehala» sartzeko indarrean iragan asteburuan adosturikoa.

Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Frantziak ohar baten bidez adierazi zuten «beharrezkoa» dela «hilotzak berreskuratzea, eta atxilotuak eta gerra gatibuak trukatzea». Horri begira, Armeniari eta Azerbaijani eskatu zioten zehaztu dezatela su-etena indarrean dagoela argituko duen mekanismo bat. «Biktima zibilak onartezinak dira. Irtenbide bat beharrezkoa da», dio testuak.

Testuinguru horretan, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakinarazi zuen hilotzen eta presoen trukaketa ahalbidetzeko harremanetan jarri dela gatazkako bi aldeekin: «Proposamenak eta planak aurkeztu ditugu. Horietan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatu beharko da».

542 militar hil dira

Karabakh Garaiko agintarien arabera, 542 militar dira asteotako borroketan hildakoak; kopurua txikiagoa zen iragan larunbat eguerdian sartzekoa zen su-etenaren aurretik, 404.

Irailaren 27an piztu ziren Bakuren eta Erevanen arteko borrokak, eta, geroztik, egunero izan dira horien arteko liskar armatuak, Karabakh Garaiko eskualdeari buruz duten lurralde gatazkari lotuta. Atak Beglarian arartekok jakinarazi duenez, lehen datuen arabera, «herritarren erdiek eta emakume eta haurren %90ek ihes egin dute beren etxeetatik».

Karabakh Garaiak, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteak ez dion estatus hori onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.