Eibar 0-0 Celta

Dmitrovicen eskuetan dago

Eibarrek puntu bat lortu du etxean Celtaren kontra, ligako lehen partidan. Erasoan oso makal aritu da, eta atezain serbiarraren geldiketei esker iraun du zutik. Epaileak txartel gorria atera dio Diopi

Marko Dmitrovic Eibarreko atezaina, baloia eskuetan duela, atzo, Ipuruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak: Eibarreko Bigasi, Sergio Alvarezi; eta Celtako Nolitori, Olazari, Yokusluri. Txartel gorria Eibarreko Diopi, bi txartel hori ikusi ondoren (87. min).

Orellana, Escalante, Ramis, Charles... Funtsezko jokalariak galdu ditu Eibarrek, eta, oraintxe, atepean du izarra. Hala erakutsi zuen atzo Dmitrovicek, Espainiako Lehen Mailako liga abiatu zuen norgehiagokan. Eibarrek Celtaren aurka neurtu zituen indarrak, eta puntu bat patrikaratu zuen, atezain serbiarrari esker. Partida lakarra izan zen, eta gipuzkoarrek apenas erakutsi zuten ezer erasoan. Atzean, berriz, erabakigarria izan da Dmitrovic, Celtaren hiruzpalau aukera garbi zapuztu baitzituen. Beti da baikorra txapelketa puntuak batuz hastea, baina, jokoari dagokionez, askoz gehiago erakutsi behar du Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak, are eta gehiago etxean.

Gipuzkoarrek gogotsu ekin zioten lehiari. Hasi eta berehala izan ziren aurreneko gola egitear, Kike Garciak goian egindako presio batetik abiatuta. Baloia Enrichi iritsi zitzaion area barruan, eta hark bularrez pasatu zion Pedro Leoni. Erdilariak dena zuen alde Celtaren atea zulatzeko, baina gora joan zitzaion boleaz egindako jaurtiketa. Baloirik gabe bizi hasi zen Eibar, eta baloiarekin ere, berdintsu.

Alabaina, galiziarrek zirrikituak topatu zituzten kaiolatik irteteko, ezker hegalean batik bat. Aspas asko mugitu zen, eta arazoak sortu zizkion Eibarri. 14. minutuan, aurrelariak pase zorrotza eman zion Olazari, eta hark atzera egindako pasea indarrez errematatu zuen Nolitok. Haatik, ondo kokatuta zegoen Dmitrovic, eta, luzatua eginda, kornerrera bidali zuen baloia. Hortik minutu batera, haren aurrean bakarrik gelditu zen Emre Mor, baina jokoz kanpokoa adierazi zion epaileak. Pixkanaka, arazotan sartzen ari zen Eibar.

Borrokaren bidez orekatu zuen partida. Baloi zozkatu gehienak irabazi zituen, eta gutxirekin arriskua sortu zuen, kanpokoen ahuldadea baliatuz. Hegaletatik saiatu zen, baina ez zen erremate garbirik izan.Celtak, berriz, aukera itzela izan zuen 33. minutuan: Brais barruraino sartu zen, Aidooren pase luzea dotore kontrolatu ostean, eta baloia Dmitrovicen gainetik loratzen saiatu; oker jaurti zuen, ordea.

Lehen zatiko berdintasunaren ondotik, Galiziako taldea gehiago izan zen atsedenetik bueltan. 50. minutuan, Aidoo bakarrik gelditu zen korner baten osteko jokaldian, baina penagarri jaurti zuen. Eibar askoz ere apalago atera zen zelaira, baina markagailuan aurreratzear izan zen 55. minutuan, Bigasen zartako bati esker. Atzelariak areaz kanpotik jaurti zuen, ezkerrez, eta baloiak kanpoko aldetik ukitu zuen sarea.

Beste aukerarik ez zuen izan Eibarrek. Minutuen joanean, geroz eta zuhurrago agertu zen. Mendilibarren aldaketek indartu egin zuten apustu hori. Celtak, berriz, ekinean jarraitu zuen, Emre Mor ikusgarri batek gidatuta. 70. minutuan, bi atzelari eserita utzi zituen turkiarrak, baina hor zen berriro Dmitrovic. Eta beste gelditu bat egin zuen aldaratzearen ostean.

Azken txanpan hamar jokalarirekin gelditu zen Eibar, sei minutuan bi txartel hori ikusi baitzituen Diopek. Hala ere, eutsi egin zion berdinketari. Aurrera begira, badu lana Mendilibarrek; baita Fran Garagarza kirol zuzendariak ere, agerikoa baita fitxaketen premia. Atzo bertan jakin zenez, Kevin Rodrigues utzita iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.