Etxetik hurbil

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Etxetik hurbil gertatzen ari da. 300 gauza eder gertatuko da gaurtik eta urte amaiera arte. 600 aldiz gertatuko da. Aro honek, bizi dugunak edo bizi gaituenak, nahi duguna, nahi genukeena, eta nahi dugunik jakin ere ez dakiguna, guztia momentuan bertan eskuratzeko modua eskaintzen digu, inposatzen digu, aldi berean hamaika gauza eginaz, gainera: entzun, ikusi, iritzia eman, mezuak bidali, komentarioak egin... baina telefonia kuotak eta megak ederki ordainduz, iragarkiak irentsiz, gure datuak eta gure apetak desiraren industriari doan eskainiz. Aro honetan bitxia gertatzen da, eta joeraz kontrakoa, etxetik irtetea zerbait jasotzeko, propio joatea leku batera ia ordu betez edo ordu eta erdiz gauza bakarrari arreta emateko. Etxetik kanpo. Sakelakorik gabe. Ilunpean. Isilik. Zaila dirudi. Ezohiko bihurtu da. Ongi etorri eremu arriskutsuetara.

Harritu zaitzaten onartzen baduzu, astindu, kulunkatu, laztandu, liluratu edo hankaz gora jarri zaitzaten espero baduzu, dagoeneko ezaguna duzunaz harantzago joan nahiko bazenu, etxetik gertu dauzkazu antzokiak. Kaxa magikoak dira. Betikoa betiko moduan nahi dutenek hobe dute abstenitu.

Gaurtik eta urte amaiera arte 300 antzerki-lan eta dantza emanaldi daude ikusgai Euskadiko antzokietan. 62 herri edo auzotan. Bertaratzen dena leku ilun batean sartuko da, eta hango taula gainean gertatzen den zera hura biziko du. Bizi. Bertan egonik. Tarteko izanik. Negar egiteko, barre egiteko, hunkitzeko, atseden hartzeko, asaldatzeko, pentsatzeko. 300 emankizun horien artean denetarik dago. Proposamena esaten ohi diote. Ez baita ziur egileek eskaintzen duten hori beraiek pentsatu izan duten moduan gertatuko denik, beraiek uste edo nahi bezala helduko zaionik ikusleari. Ezer ez da ziur. Dena dago zabalik. Ongi etorri abenturaren eremura.

Proposamena baino nahiago dut beste hitz bat: gonbita. Inorako edo ezertarako gonbidapena heltzen denean, gonbita nork egiten duen begiratzea komeni ohi da. Erreferentziak behar izaten dira. Badira. Eta erreferentziak, mundu honetan, izenak dira. Kukai, Ttanttaka, Marie de Jongh, Paraiso, Aukeran, Artedrama... tankera horretako izenak. Asko dira. Batzuk, esandako horiek adibidez, badute ospea. Hilabeteotan gure antzokietan dabilen askok lortu izan du Euskadin, Espainian eta nazioartean txaloa. Txalotuak izan dira, gurean eta atzerrian. Baina txalotzen ditugu nahikoa? Txalotzen ditugu hemen? Ezagunak zaizkigu gonbita egiten diguten izen horiek? Ongi etorri euskal jendea euskal sortzaileak ezagutzera.

Hau guzti hau abentura da (ez da makina batek, edo makina bat hedabidek gomendatua); bizitzeak dituen arriskuak dauzka (inor aspertu edo haserretu egin liteke inoiz); deskubrimendua da (inork ez digu zer gertatuko zaigun ziurtatuko) harrigarria da (inor ez da indiferente geratuko), bitxia da (etxetik irten behar da propio, dena etxera eta sakelara ekar litekeen mundu honetan). Ongi etorri antzokietara.

Antzokiak ere tarteko baitira. Eta antzokietako teknikariak, programatzaileak, sortzen den guztiaren iragazki direnak. Hautatu egiten dute, onena, egokiena, erakargarriena aukeratu, eta jendeari atsegin eta kitzikagarri gerta dakion moduan antolatu eta komunikatu. Haien lanaren ondoren ausartzen naiz neu ere, guztiak ezagutzen ez ditudalarik, ni ere sorpresan harrapatuko nautela ziur nagoelarik, gonbita egitera. Ondo funtzionatzen duen eta, hala ere, hobetzen joan behar dugun sistema baten emaitza baita eskaintza hau guztia: hiru hilabetetan, 300 proposamen, 600 aukera.

Sistema horri SAREA deitzen zaio. Izenak esaten duen lez, askoren artean ehundutako amarauna da. 62 herrik, herri horietako udalen kulturarekiko ahaleginak, 62 herrietako antzokik, 62 antzokietako programatzailek, euskal antzerkigileek eta dantzariek osatua. Sortzaileen talentuan, programatzaileen konpromisoan eta antzeztokien lan bateratuan oinarritzen da sistema hori.

Udalek eusten diete antzokiei. Guri, Eusko Jaurlaritzan, sarearen saretasuna zaintzea dagokigu, koordinazioa eta bateratasuna sustatzea. 62 antzoki horien eskaintza koordinatzea, 62 antzoki horien euskal ekoizpenarekiko ardura areagotzea, sortzaileen, programatzaileen eta ikusleen arteko katea sendotzen saiatzea. Gure eginkizunetan dago euskal sortzaileak goraipatzea goraipatzeko modukoa delako eta haien lanaren kalitatea sistema honen guztiaren oinarria delako, egiten diguten goi mailako gonbita eskertzea, abenturak merezi duela behin eta berriz aldarrikatzea, gure arreta, gure txaloa eta gure errespetua aitortzea.

Guztion ardura da gogoraraztea ez dagoela gonbitik ez badago ospakizunik, ez dagoela ospakizunik ez badago festakiderik, ez dagoela jakirik ez badago goserik, ez edaririk ez bada egarririk, eta premiazkoa zaigula arretaz zaintzea eta areagotzea, eskaintza masibo eta globalaren bulimia aro honetan, euskal jendearen euskal kulturarekiko gosea eta egarria.

Guri dagokigu, baita ere, informazioa bideratzea, nork bere festa antola dezan. Zehatz jakin nahi duenak zer duen aukeran, non eta noiz, begiratu beza atari hau: sarea. euskadi.eus.

On egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.