Donostia, mugarri bat bidean

Maria Mungia del Pozo eta Andoni Etxebeste
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Donostiako hegoaldea Mendeurren plazan amaitzen zen 1945ean. Hortik hegoalderako lurretan ez zegoen gaur egungo etxebizitza blokerik, eta Urumea ibaiertzeko marismek hartzen zuten Gipuzkoako hiriburuaren zonalde hori, Morlansko gas fabrika salbu. Egun Amara Berri denak 1960ko hamarkadan hartu zuen gaur egungo itxura, etxebizitza bloke handiak eraikita. Mendebaldean ere, etxebizitzek hartu zuten behinola fabrikek Benta Berriko lurretan hartutako lekua. 2018an, Antiguako eta Amara Berriko bizilagunen topaguneetako batzuk dira Jose Maria Sert eta Olaeta plazak, hiriak berak eta donostiarren bizimoduak azken hamarkadetan izandako bilakaeraren erakusle.

Azaroaren 18an, hautetsontzi bana egongo da Sert plazan, Antiguan, eta Olaetan, Amara Berrin. Antiguan bertan, baita Gaskuña plazan ere. Loiolako Eliza kalean, Groseko Katalunia plazan eta erdialdeko Gipuzkoa plazan ez dira faltako. Intxaurrondoko auzotarrek Sagastieder plazan izango dute bat, eta Martutenekoek, gasolindegian; guztira, 35 hiri osoan zehar. Galdera bati erantzuteko aukera eskainiko dute hautetsontziok: nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?

Jokaleku politikoa ezegonkorra da gaur egun; Javier Perez Royo irakasleak esana duenez, Espainiako Konstituzioa indargabetuta dago de facto, eta Espainiako sistema politikoak oraindik ez dio irtenbiderik eman bere burua ulertzeko duen erari. Agortu da 40 urtez iraun duen sistema politikoa, baina oraindik ez da gai izan hura berrituko duen hitzarmen konstituzional bat erditzeko.

Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politikoa zehazteko lanetan jardun da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea. Ponentzia horretan adostutako oinarrietan jasotzen da, besteak beste, estatus politikoari buruz galdeketak egiteko eskubidea, eta, eskubide sozialen alorrean, adostasuna legebiltzarreko ordezkaritzaren hiru laurdenekoa da.

Aldaketa aroan gaude, beraz, eta gaurko bultzadek eta posizioek zedarrituko dute biharko errealitatea. Testuinguru horretan, aparteko garrantzia hartzen du Donostian azaroaren 18an egitekoak garen galdeketak.

Batetik, Gure Esku Dago-k 2016an abiatutako kontsulta zikloari eta, era zabalagoan, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak GEDekin 2013an abiatutako bideari segida eta bultzada berri bat emateko aukera dugulako. Ez dugu Donostiakoa mobilizazio bakan edo isolatu gisa ulertu behar; egun berean egingo dituzte kontsultak Irunen, Zallan, Alonsotegin eta Balmasedan. Guztira, 200.000 lagun inguruk izango dute etorkizun politikoari buruzko iritzia emateko aukera, herritarrek herritarrei galdetuta. Eta galdera horri botoaren bidez erantzutera animatzen den orok bat egingo du 203 herritan botoa eman duten 189.000 herritarrekin. Pausoz pauso, Etxarri Aranatzen hasitakoa herriz herri eta bailaraz bailara hedatu da, galdeketa multzo bakoitzean etorkizun politikoa modu askean erabakitzearen aldeko herritarren multzoa zabalduta, behetik gora, herri ekimenez.

Hain justu, herri ekimenekoak izatea da kontsulta hauen indargune nagusietako bat. Ez gaude nork galdetuko zain; herritarrok galdetuko diegu herritarrei zein iritzi duten erabakitzeko eskubideaz. Bihar instituzioek galdetu diezaguten, erakutsi nahi dugu galdera horri erantzuteko prest dagoen jendetza dagoela, milaka eta milaka garela geure etorkizuna erabaki nahi dugun herritarrak.

Galdetze hutsarekin, hautetsontziekin batera, plazara aterako dugu estatus politikoaz gogoeta egiteko beharra. Demokrazia zuzenaren aldeko aditu ugarik defendatzen dutenez, herri ekimeneko galdeketek balio dute gai zehatz bat agenda politikoan txertatzeko, jendea horren inguruko hausnarketara bultzatzeko, informatzeko eta bere posizioa finkatzeko: azken batean, boteretzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren saio batzuetara etorrita, hala esan zuen Anja Heidelberger aditu suitzarrak, 2017ko azaroan: «Kontua ez da zenbat jendek bozkatzen duen, baizik eta denek dutela botoa emateko aukera». Horixe nahi dugu: herrikide guztiei ematea gaiaz iritzia emateko aukera.

Donostian, baditugu zumeak horretarako. Ez dugu sarerik eta funtsik gabeko jauzirik egin. Izan ere, azaroaren 18ra eramango gaituena urteetako prozesua izango da, erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioek gure hirian izandako erantzun positibotik abiatua. Bermeak nahi genituelako jarri genion geure buruari GEDek berak Donostiaren tamainarako eskatzen duen sinaduren langa baino altuagoa. Gainditu genituen prozesuarekin aurrera jarraitzeko beharrezko sinadurak, ia 10.000ra iristeraino. Datorren igandean emaitza edozein delarik ere, urteotan agerian geratu da donostiarrok geure buruari galdetu nahi diogula zer eta nola izan nahi dugun etorkizunean.

Jendeak botoa eman ahal izan dezan, ordea, erraztasunak ematean datza gure erronka; hautetsontziak Donostiako txoko ahalik eta gehienetara iritsiko direla ziurtatzean. Hori bermatzeko, auzo guztietan irekiko ditugu hauteslekuak eta 1.000 boluntariotik gora ariko dira lanean galdeketa aurrera ateratzen. Ekimenaz informatzeko eta galdeketa laguntzeko informazio guztia plazaratu dugunwww.donostiagaldeketa.eus webgunean zabaldu dugu boluntario izena emateko aukera ere. Era berean, galdeketa egunean Donostian egon ezin direnek, bozka aurreratua emateko aukera izango dute larunbata bitarte Euskal Herria kalean.

Azaroaren 18an aitzindari izango gara, Donostia izango baita hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua, herritarren eskutik eta herritarrentzat, modu erabat autonomo eta autofinantzatuan. Gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria erakutsiko dugu galdeketaren bitartez. Erabakitzeko eskubidea herri gisa gauzatzeko bidean, garrantzi handiko ariketa praktikoa izango da; entsegu garrantzitsua, gure herriaren etorkizuna erabakitzeko balioko duen erreferendumari begira. Erabakiaren bidean mugarri garrantzitsu bat jartzera goaz, azaroaren 18an Donostian, Irunen, Zalla, Balmasedan eta Alonsotegin posible izango dena, etorkizunean Euskal Herri osoan posible izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.