Txikira jokatzen

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Musa euskaldunon jokoa dela diote. Gure herri gehienetan urteetan mantendu den karta jokoa, belaunaldiz belaunaldi igaro dena. Eztabaida sakonak izan, badaude; musa, benetakoa, lau erregerekin edo zortzirekin jokatzen den, esaterako. Eta zein teknika diren hobeak. Niri Azpeitiko amamak erakutsi zidan musean eta berak esana da karta jokoa estrategia eta artea dela, itxura eta egia, parean duzuna konbentzitzeko abilidadea. Alderdi politikoek ere, horregatik, musean pasatzen dute urte osoa, elkarri enbido eta hordagoka, bakoitzak bere posizioa hobeto finkatzeko asmoz. 2018. urtean, hauteskunde gabeko urtea izanik ere, ikusi ditugu zalantzarik gabe 2019 hau baldintzatuko duten politikako hainbat karta joko eta konbentzimendu saio.

Autogobernu ponentziak eman zuen nahikoa zeresan pasa den urtean. Hasiera batean, EAJ eta EH Bilduren arteko akordio batek jarri zuen martxan testuaren hitzaurrea, eta, azkenean, artikulatu osoa eztabaidatzeko ezinbestekoa izango den zirriborro eta prozedura. Elkarrekin Podemos ere dantzan dabil inguruan, gehiengoaren aldeko jarrera hartuko duen edo ez pentsatzen, karta jokoan, itxuraren eta mezuaren artean borrokan. Azkenean, bost pertsonako aditu talde baten esku utzi dute proiektua, horiek argi apur bat eman diezaioten, gizartearen gehiengoak prozesua distantzia apur batekin jarraitzen duen bitartean, azken inkestetako datuetan ikusi ahal izan dugun bezala.

Aurrekontuen negoziazioak ere beste eszenatoki garrantzitsu bat ekarri zigun iaz, hauteskunderik gabeko urtean. 2018ko azken hilabeteetan ikusi genituen Jaurlaritza eta EH Bilduren arteko negoziazioen nondik norakoak, egun batean bai, bestean ere bai, fruitua ematera bideratuta zeudela ematen zutenak. Baina ez zen hala izan. Egunen batean jakingo dugu ezezko horren benetako zergatia, baina, bitartean, alderdien barne dinamikek bultzatutako erabakia izan zela sinestera behartuta gaude, ezinezkoa baita errua ofizialki aldarrikatutako pentsioen inguruko kopuru horrek izan zuela pentsatzea eta sinestea. Egiari zor, orrialde hauetan orain dela hilabete batzuk idatzitako artikulu batean aurreikusten genuen ez zela akordiorik egongo. Akordio garaiak, arlo honetan, behintzat, zail eta berandu iritsiko direla ematen du, norberaren barne dinamikak baldintzatuta, epe luzera ari baitira jokatzen partidak.

Azkenik, eta hirugarren elementu bat azpimarratzearren, hauteskunderik gabeko 2018. urteak Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren inguruan sortutako lan dinamikaren ondorioen aurkezpena ere ekarri du berarekin. Prozesuak berak izandako gorabehera guztiak barne, eta ikuspegi ezberdineko ehunka pertsonaren lanaren ondorioz, aurrera begira jarriko gaituen liburu zuria plazaratu dute; herri honek mahai gainean dituen erronka nagusien inguruan bide orri bat zehaztu nahi du liburu zuri horrek.

Harimutur horiei helduta, eta 2018ko aurrekariak mahai gainean jarrita, galdera nagusi bat formula daiteke segidan: akordio zabalen urtea izango al da 2019a? Posible izango al da, adibidez, Demokrazia Bai manifestuak aldarrikatzen duen moduan, erabakitzeko eskubidea erdigunean izango duen nukleo indartsua eratzea? Aurretik datozenak ikusita, partida zaila dirudi.

Alde batetik, hauteskunde zita ugariren urtea izango da sartu berri garena. Ziurtasun osoz, maiatzean izango dira udal, foru eta Europako hauteskundeak. Zalantza gehiagorekin, urte amaieran izan daitezke Espainiako gorteetarako hauteskundeak ere. Eta, dena behar bezala joanez gero, legebiltzarrerako hauteskundeetarako sei hilabete faltako dira urte amaieran. Lehen begiratu batean, ez dirudi eszenatokirik egokiena akordio zabaletarako.

Baina ziur eszenatoki horrek aspaldian harrotzen hasita zeuden hautsak are gehiago harrotuko dituela. VOXen igoerarekin ez da samurtuko C's jada astintzen hasia zegoen Kontzertu Ekonomikoaren aurkako diskurtsoa. Aitzitik, euskal gobernuen kontrako erasoak modu gordinean ikusten hasiko gara, dagoeneko Nafarroan nabaria den bezala. Ultraeskuinaren gorakada ez da gure eremutik kanpo geratuko den fenomenoa, etxeko telebistan lasaitasunez ikusiko duguna. Eragin zuzena izango du gure egunerokoan, agian ez emaitza eta ordezkaritza politiko zuzenean, baina bai politikako markoak ezartzerakoan eta baita kalean sor daitezkeen eztabaidagaiak finkatzeko orduan ere. Ez dezagun ahaztu zein komunikabidek eta nola baldintzatzen duen gure egunerokoa.

Gauzak horrela, ausartuko al dira alderdi nagusienak handira jokatu eta aurtengoan akordio zabalen aroari benetako bultzada ematen? Desiragarria den arren, ez dirudi hala gertatuko denik. Ikusteke dago autogobernu ponentziak (adituak medio) zer ematen duen. Baina, legegintzaldia bukatzera doan honetan, uste baino luzeagora jo dezakeela dirudi. Ikusteke dago hauteskundeek (eta, batez ere, ondorengo egoerak) zer ematen duten. Emaitzetan ez dela ezusteko handiegirik egongo dirudien honetan, egongo al da baten bat biharamuneko akordioetan? Neguko danborrada giro honetan, sentsazioa dut galdera horien emaitzak aurreikus ditzakegula, eta beste urtebetez alderdiek txikira jokatzen jarraituko dutela, epe motzeko begiradarekin. Nere amamak argi esaten zuen musean egiten genuenean: txikira jokatuz, partida galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.