Baliabiderik gabeko 'normaltasuna'

Ana Perez eta Nagore Iturrioz
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan bizitzea egokitu zaigun egoera zientzia fikziozko film batetik atera dela dirudi. Irudikatu ezin genuen konfinamendu egoera batera eraman gintuen, eta paisaia apokaliptiko horren lehen seinalea ikastetxeak ixtea izan zen. Horren ondorioz denak konfinatuta gelditu ginen, publikoa eta pribatua espazio bakar bilakatu ziren. Gauza askotara ohitu behar izan dugu azken hilabeteotan, besteak beste, irizpide argirik gabe lan egitera eta aparteko esfortzuak egitera.

Kontziente izan gara denok jarri behar genuela gure harritxoa egoera berri hau sostengatzeko, eta irakasleok ez gara atzean gelditu. Estres handiko egoerei aurre eginez, buru-belarri aritu gara lanean teleirakaskuntzan, edo agianurrutiko irakaskuntzan, batek daki! Guztiz ezustean harrapatu gaituen egoerari aurre egiteko gure ordutegiak malgutu ditugu, helburuak birplanteatu, ebaluatu gabe ebaluatzeko tresnak asmatu... eta gure etxeetatik ikasturtea ixteko eta hurrengoa antolatzeko ahalegin guztiak egin ditugu.

Aparteko esfortzua egiteaz gain, ezjakintasunean lan egitera ohitu behar izan dugu, arauak eta baldintzak bermatu behar zituztenak ez baitira hori egiteaz arduratu. Hezkuntza Sailak noraezean izan gaitu ikastetxeak eta langileak, irizpide garbirik eman gabe eta normaltasunaren itxura mantendu nahian, zientzia fikziozko egoera areagotuz, eta guztiz ulertezinak ziren erabakiak hartuz. Esate baterako, Cristina Uriartek bat-batean maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseetara itzuliko ginela esan zuen inongo aurreikuspenik gabe, eta dagoeneko langile guztiek ikasturtea ixteko eginiko plangintzari entzungor. Aldebakarreko inprobisazioz eta berme juridikorik gabe hartutako erabakiak hezkuntza komunitate guztiaren plantoa topatu zuen aurrez aurre, eta, noski, gu guztion zentzutasunari esker lortu zen erabaki hori etetea eta egoera modu egokian bideratzea. Edonola ere, Cristina Uriarte triunfalista agertu da komunikabideetan bere itzulera planaren arrakastaz mintzatzen, zientzia fikziozko film honetan, gure hizkuntza bera hitz egiten ez duen estralurtarra dirudiela.

Ildo beretik, prentsaren bidez jakin dugu, berriro ere (sindikatuekin ez baitituzte langileen lan baldintzetan eragina izango duten neurriak adosten), datorren ikasturterako ez dela salbuespen-neurririk egongo. Hau da, dena normala balitz bezala jokatuko dugu, gertatu den guztia normala ez beste guztia izan bada ere. Etengabe entzun diegu Hezkuntza Saileko buruei pandemiak ez lukeela ikaslerik atzean utziko, baina neurriak hartzeko unea iristen denean ez ikusiarena egiten dute. Begi-bistakoa da bizi izan dugun egoerak ondorioak izan dituela, bereziki egoera zaurgarrian dauden ikasleengan; ikasleen arteko arrakala areagotu du, hezkuntza premia bereziko ikasle askok baliabiderik gabeko konfinamendu bikoitza bizi izan du, eta, orokorrean, ikasle asko egoera lazgarrietan egon da etxean, klaseak ezin jarraitu. Orain egoera hori konpentsatzeko baliabideak jarri beharko dira eta horretarako salbuespenezko aurreikuspen bat egitea dagokio Hezkuntza Sailari. Normaltasunaren itxura egiteak ez du normaltasunik ekarriko; neurriak eta baldintzak jartzeak, ordea, bai.

Bitartean, Urkulluk egoerari aurre egiteko elkartasuna eskatzen die funtzionarioei, egoera normaltasunez kudeatu behar bada ere, badirudi kalte-ordainak noren lepora izango diren erabaki duela gobernuak oraingoan ere. Langileok argi dugu egoera honi aurre egiteko gure esfortzua ezinbestekoa izan dela eta izango dela Horrela jokatu dugu orain arte eta gure prestasun osoa agertzen dugu horrela lanean jarraitzeko. Baina ez dugu onartuko EAJk salbuespenezko egoera hau baliatzea gure bizitza prekarizatzeko, gure eskubideak murrizteko eta eskola publikoa are gehiago alboratzeko. Bizi dugun egoera lazgarri hau gainditzeko zerbitzu publikoen aldeko apustu garbia eta berorien pribatizazioa etetea ezinbestekoak dira, baita hezkuntzan ere. Gogoan izan dezagun administrazio publikoko lan baldintzak gizarte osoaren lan baldintzen termometroa direla; beraz, kontuz ibili beharko dugu, dirudienez gure bizi baldintzei dagokionez normaltasuna ez baita irizpidea izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.