Granada 2-0 Athletic

Elastikoa bezain grisa

Gaizki ekin dio ligari Athleticek, Granadan galduta. Agerian geratu da berriz taldeak gola sartzeko zailtasun handiak dituela

MIGUEL ÁNGEL MOLINA / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Yangel Herrerak (49. min.). 2-0: Luis Millak (55. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Granadako Yangel Herrerari, Germani eta Gonalonsi; eta Athleticeko Morcillori, Iñigo Martinezi, Unai Lopezi eta Yeraly Alvarezi.

Amaitu bezalaxe hasi du liga Athleticek, Granadaren aurka galduz. Aurreko denboraldiko gol faltarekin jarraitzen du taldeak, baina beste sasoietan defentsa lanetan erakutsitako sendotasun hori gabe. Atzean eginiko bi akats erabakigarriak izan ziren partidaren bilakaerarako. Ez da ondo hasi talde zuri-gorria.

Intentsitate gehiagorekin atera zen etxeko taldea berdegunera. Gaizka Garitanorenek, baina, minutuak aurrera egin ahala, partidaren agintea hartu zuten. Pixkanaka-pixkanaka, Jon Morcilloren barneraldiei esker, Granadaren area zapaltzen hasi ziren zuri-gorriak, baina gola egiteko aukera garbirik sortu gabe. Lehen zatia amaitzear zela, berdinketa desegiteko aukera bana izan zuten bi taldeek. Granadak estrategia jokaldi batean Unai Simonen atea zulatzea lortu zuen, Yangel Herreraren burukada baten bitartez. Baina Matheu Lahoz epaileak gola baliogabetu zuen, jokaldi horretan bertan Raul Garciari egindako falta batengatik. Hurrengo jokaldian etorri zen Athleticen erantzuna; Iker Muniainek orpoz utzi zion baloia Raul Garciari area barruan, baina aurrelari nafarrak ez zuen baloia ondo jo, eta ezker zutoinetik gertu atera zen baloia.

Bigarren zatiaren hasieran iritsi ziren etxeko taldearen bi golak. Partida berriz abiatu bezain pronto, 48. minutuan, iritsi zen Granadaren lehen gola. Atzetik iritsita Yangel Herrerak bikain errematatu zuen Montorok jarritako erdiraketa. Handik bost minutura iritsi zen bigarrena; De Marcosek baloia ateratzerako orduan eginiko akatsa baliatu zuen Luis Millak, eta sekulako gola egin zuen area ertzetik. Bigarren zatia hasi besterik ez zen egin, eta 2-0 zen aurretik etxeko taldea.

Argitasunik gabe

Golak jasotzean berehala erreakzionatu zuen Garitanok, eta aldaketa bikoitza egin; Iñaki Williams eta Unai Lopez zelairatu zituen Capa eta Vesgaren ordez. Bi aldaketa horiekin pauso bat aurrera egin zuen talde zuri-gorriak, baina susperraldi hori ez zen nahikoa izan. Athletic Rui Silvak zaindutako atera nekez iritsi zen. Williamsek langara bidalitako baloia izan zen bisitariek gola sartzeko izan zuten aukera garbi bakarra. Ezintasun sentsazioarekin amaitu zuen partida Athleticek; Granadaren zelaian jokatzen amaitu arren, azken metroetan ez zen fin ibili, eta ez zuten lortu Diego Martinezen jokalariek osatutako harresia gainditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.