Reala 2-2 Betis

Lehendik ikusitakoa da

Reala 2-0 jarri da aurretik, baina ez da gai izan irabazteko, eta Betisek aprobetxatu egin du partidaren azken txanpan bi gol sartu eta berdintzeko

Ander Gebara eta Jon Bautista, jota, zelai erditik ateratzeko prest, Betisek binakoa sartu berritan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Isakek (48. min.). 2-0: Oiartzabalek (57. min.). 2-1: Canalesek (85. min.). 2-2: Joaquinek (92. min.). Epailea. Soto Grado. Txartel horiak: Realeko Merinori eta Zalduari; eta Betiseko Mirandari eta Pauli.

Inor gutxi harritu zen atzo Betisek bigarren gola sartu zuenean: «Aurrez ikusia zegoen», esan zuen zalerik baikorrenak. Hobe da kontrarioek esandakoa ez aipatzea. Lotsagorritzea izango baitzen. Izan ere, lotua zuen garaipen bat kareletik bota zuen atzo Realak. Betisen aurka irabazten joan zen 85. minutura arte, baina azkenean puntuak banatu egin zituzten espainiarrekin. Joaquin Sanchezek gola egin zuen 90. minutua gainditua zela, eta orduantxe amaitu zen donostiarren alegrantzia.

Hasi, ondo hasi zuen partida Realak. Espainiako Kopan zelairatutako hamaikakoari jaramon egin zion Imanol Alguacilek, eta saiatu zen zerrenda orekatu bat prestatzen. Apustua ez zitzaion balekoa izan, ordea. Lehen zatian orekari eutsi arren, ez zuen alderik atera, eta garesti ordaindu zuen hori bigarren zatian.

Batere fresko ez jokatu arren, Alexander Isak izan zen donostiarren aldetik gehien saiatu zena, eta lortu zuen bere saria. Hark jarri zuen aurretik Reala, 48. minutuan. Bazirudien zaleak ahaztu egin zirena Willian Joseren irteeraz.

Isakek lehen saialdian kale egin zuen, eta bigarrenean bere aldera jausi zitzaion baloia. Jo zuen, zetorkion moduan, sareratzeko. Suediarrak ez zuen huts egin, eta, gisa horretara, aurretik jarri zuen Reala.

Ordura arteko poza are gehiago poztu zen atsedenaldiaren ondoren. Reala markagailuan aurretik zela, saiatu zen aurkariari neurria hartzen, baina ez hori bakarrik, diferentziak markatzeko saiakerak ere egin baitzituen. Ez baita gauza bera gol baten aldea izan, edo birena.

57. minutuan heldu zen hori. Erdiz erdi egindako jokaldi baten ondoren, Isakek asmatu zuen bi atzelarien artean zuloa aurkitzen, eta Mikel Oiartzabalek bakar-bakarrik hartu zuen baloia. Eibartarrak ez zuen huts egin: Betiseko atezain Joel Roblesen gainetik bota zuen baloia, eta 0-2koa egin zuen. Ordu erdiren faltan, ezin gusturago ziren realzaleak.

Kukuak oker jo zien, ordea. Ordutik aurrera, ezin asmaturik aritu ziren txuri-urdinak, eta kosta egin zitzaien norgehiagokari norabidea hartzea.

Betisek asmatu zuen horretan. Realak hirugarren gola sartzeko abaguneak izan baldin bazituen ere, ez zuen asmatu, eta hori ezin hobeto baliatu zuten Manuel Pellegrini entrenatzaile txiletarraren jokalariek.

Galdetu, bestela, hark zuzendutako jokalariei. Markagailuak 85. minutua zela azaldu zuenean izandako aukera aprobetxatu egin zuen Sergio Canalesek. Realeko jokalari ohiak ez zuen barkatu atearen aurrean izan zuen aukera, eta 2-1ekoa egin zuen.

Egoera horretan, markagailuari eustea beste zereginik gabe aritu ziren Realeko jokalariak. Ordura arte lortua zuten altxorra, praktikan hiru puntu emango zizkien, baina ez zuten asmatu emaitza horri eusten.

Epaileak amaiera adierazi baino lau minutu lehenago heldu zen sorpresa. Donostiarrak 2-1 aurretik zirela, erasora egin zuten Pellegriniren jokalariek, eta Joaquinek ez zuen barkatu. Ordura arteko txuri-urdinen abantailak ezerezean utzi zituen erdilari espainiarrak.

Gol hori kolpe latza izan zen txuri-urdinentzat. Dena den, Realeko jokalariek ez dute atsekaberako denbora askorik. Hain justu, Betis berriz ere aurkari izango dute datorren asteartean, Benito Villamarinen, Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Joan zen urtean finalerako sailkatu izana berritu nahi dute Imanolenek; hori bai, azken minutuetan akats gutxiago egin beharko dituztesailkatu nahi badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.