Vila-Real 1-2 Alaves

Iritsi, ikusi eta irabazi

Alavesek ia lotuta utzi du salbazioa, Vila-realen zelaian irabazita. Laugarren posturaino igo da

Alaveseko jokalariak, elkar besarkatuta, Takashi Inuik atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. DOMENECH CASTELLO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Maripanek (54. min). 1-1: Casorlak (pen. 60. min). 1-2: Inuik (77. min). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Vila-realeko Alvaro eta Ruizi; eta Alaveseko Calleri, Jony eta Laguardiari. Bestelakoak. 15.488 ikusle Zeramikaren Estadioan.

Oso gutxirekin asko lortu zuen Alavesek atzo Vila-realen zelaian. Erasoan nekez harilkatu zuen taxuzko jokaldirik, eta atera bi jaurtiketa baino ez zituen egin; haatik, gehiagoren beharrik ere ez zuen izan aurkaria mendean hartzeko. Iritsi zen Zeramikaren Estadiora, ikusi zituen aurkariaren beldurra eta hauskortasuna, eta, eraginkor izanda, lortu zituen urre gorrizko hiru puntu. Dagoeneko 40 ditu zakuan, eta oraindik hamabi lehia jokatu behar ditu; alegia, betetzat eman dezake mailari eusteko helburua. Heldu zaio Europako postuei beldurrik gabe begiratzeko garaia.

Erronka berri horretan, Alavesen lehiakide izan beharko luke Vila-realek; alabaina, putzuan leporaino sartuta dago Javi Callejaren taldea. Jaitsiera postuetatik irteteko aukera zuen atzo, eta nabaritu zitzaion neurketa hasieran; gogotsu zelairatu zen, bizi jokatu eta hegaletatik sartu nahirik. Haatik, hezur oso gogorra zuen aurrean. Alaves, baina, beste behin, altzairuzko bihurtu zen atzean sartu zenetan. Ondo itxi zituen zirrikitu guztiak, hegaleko erdilarien lana tarteko, eta, hala, etxeko taldeari pixkanaka zalantzak sortuz joan zen.

Zelai erdian galdutako bizpahiru baloi kenduta, borobila izan zen arabarren defentsako jarduna. Aitzitik, ezin daiteke gauza bera esan erasoko jokoaz. Pina aulkian gelditu zen, eta haren falta sumatu zen. Oso baloi gutxi iritsi zitzaizkien Jony eta Inuiri, eta zer esanik ez Baston eta Calleri aurrelariei. Hori horrela, Bastonek tokitara bidalitako burukada bat izan zen lehen zatian Alavesek izandako gol aukera bakarra.

Bigarren zatian ere, oso zehaztasun gutxi izan zuen paseetan; ez, ostera, jaurtiketetan. Izan ere, bi jaurtiketa egin zituen Asenjoren atera, eta biak heldu ziren sarera. Gasteiztarren lehen gola 53. minutuan iritsi zen, korner batean, Maripanen bidez. Txiletarrak lehia itzela osatu zuen defentsan, eta burukada indartsu batekin jarri zion ginga. Dena alde jarri zitzaion Alavesi, baina, bost minutu geroago, Manuk penalti inozo bat egin zuen, area barruko aldaratze bat eskuarekin ukituta. Cazorlak sartu zuen.

Berdinketak suspertu egin zituen etxekoak, eta haien oldarraldiei eusteko lanak izan zituen Alavesek. Ordea, egoera goitik behera aldatu zen Pina eta Burgui zelairatu ostean. Hala, 78. minutuan garaipenerako gola sartu zuen Inuik, zortea lagun, Pinak hasi eta Jonyk gidatutako jokaldi batean. Minutu bat geroago, Burguik huts egin zuen gol aukera garbi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.