Eibar 2-0 Atletico Madril

Inoiz ez da berandu

Eibarrek garaipen historikoa lortu du Atletico Madrilen aurka. Lehen Mailan, aurreneko aldiz irabazi dio Ipuruan. Burgos eta Exposito izan dira golegileak

Esteban Burgos Eibarreko atzelaria eta atzoko lehen gola egin zuena, Correarekin lehian, atzo Ipuruan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Burgosek (15. min). 2-0: Expositok (90. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak Eibarreko Burgosi; eta Atletico Madrileko Sauli. Bestelakoak. 6.429 ikusle Ipuruan.

Garaipen historiko handi batekin ekin dio bigarren itzuliari Eibarrek. Lehen Mailan denetik, atzokoa da Atletico Madrili Ipuruan irabazi dion aurreneko aldia. Lehen zati oso ona eginez eta bigarrenean gehiago sufrituz lortu zituzten etxekoek oso garrantzitsuak diren hiru puntuak.

Eibarri jokalari asko falta zitzaizion atzo ere, eta Jose Luis Mendilibarrek aurrelari bakar baten aldeko apustua egin zuen aspaldiko partez: Sergi Enrich bakarrik atera zuen aurrean. Hori azkeneko aldiz hamargarren jardunaldian egin zuen, Valladoliden. Atzoko aurkariaren zelaian jokatu izan duenean, azken hiru denboraldietan atzo bezala jokatu izan du, aurrelari batekin, eta partida onak egin zituen taldeak. Gauza bera lortu nahian egingo zuen atzoko hautua Mendilibarrek, eta asmatu egin zuen.

Zoragarri ekin zion partidari etxeko taldeak, bizi, gogotsu, arreta handiz eta buruarekin jokatuz. Zelaiaren erdiaren jabe egin ziren Sergio Alvarez eta Exposito, eta Orellanak ere eman zien laguntza ona esparru horretan. Bigarren baloi ia guztien jabe ziren hirurak, eta gero baloia zelaira jaitsitakoan, ondo mugitu zuten etxekoek. Kanpotarrek ez zuten 30. minutura arte igo intentsitate maila, eta batzuen jardun ona eta besteen nolabaiteko lasaitasuna kontuan hartuta, eroso antzean aritu zen Eibar lehen ordu erdian.

Aurreneko aukera Pedro Leonek izan zuen, bosgarren minutuan, alboko falta batean. Oblakek urrundu zuen kornerrera. Handik hamaika minutura sartu zuen gola Burgosek, korner batean. Buruz atzerantz ondo ukitu zuen baloia Enrichek, eta erdiko atzelari argentinarrak lehen gola sartu zuen Eibarrekin, ateko zuloan. Marrazainak baliorik gabe utzi bazuen ere, haren akatsa zuzendu zuen VAR-ak. Inuik 23. minutuan bigarrena sartzeko aukera izan zuen, taldeko jokaldi on batean, baina atzelariak urrundu zuen errematea. Kanpotarrek bi aukera izan zituzten lehen zatian: Joao Felixek 15. minutuan zartakoa eman zion baloiari, eta Dmitrovicek urrundu zuen. 25.ean, Correak erdi huts egindako errematea kanpora joan zen. Suspertu egin zen kanpoko taldea gero, eta 45. minutuan, Correak berak beste aukera on bat izan zuen.

Sufrimenduari, saria

Bigarren zatian aldatu egin zen lehia. Galtzaile zen taldea baloiaren jabe egin zen, zelai erdia indartuz, eta presioa goian egiteko aukera eman zion horrek. Baloia erraz galtzen zuen Eibarrek, eta haren zelaitik atera ezinda ibili zen. Atleticok aukerak izan zituen, baina asmatu ez. Bai, ordea, Expositok 90. minutuan. Berriz ere geldikako jokaldi batean, lehen golean bezala. Area kanpoko zartakoak itxi zuen emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.