Errusiako Munduko Kopa. Alemania 2-1 Suedia

Ez etsitzeak suspertu du

Alemaniak bi hankak izan ditu Munduko Kopatik kanpo, baina Krossek 95. minutuan sartutako gol batek salbatu du. Merezita irabazi du Lowren taldeak
Alemaniako jokalariak, azken unean lortutako garaipena ospatzen.
Alemaniako jokalariak, azken unean lortutako garaipena ospatzen. SEBASTIÃO MOREIRA /EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko ekainak 24
Golak. 0-1: Tolvonen (32. min.). 1-1: Reus (48. min.). Epailea. Szymon Marciniak (Polonia). Txartel gorriak: Alemaniako Boatengi (81. min); eta horiak Suediako Ekdali eta Larssoni. Bestelakoak. 44.287 ikusle Sotxiko Fisht estadioan.

Frantziari gertatu zitzaion Korea-Japonian (2002), Italiari Hegoafrikan (2010), eta Espainiari Brasilen (2014). Munduko Kopa irabazten duen taldearen patua da, azkenaldian, hurrengo txapelketan ez duela lehen fasea igarotzen. Alemaniak gertu izan zuen atzo madarikazio hori. Baina 95. minutuan Krossek faltaz sartutako golak ia hilda zegoen txapelduna suspertu zuen, eta orain aukera asko ditu sailkatzeko. Hego Koreari irabazita, ia ziurra du sailkatzea. Beste behin, azkenera arte ez duela etsitzen erakutsi zuen Lowren selekzioak, bat gutxiagorekin lortu baitzuen garaipena. Merezitakoa izan zen, aukera asko izan baitzituen irabazteko.

Alemaniak ondo hasi zuen partida, eta lehen minutuetan lau aukera garbi izan zituen, Werner, Draxler eta Reusen eskutik. Kimmich eta Hector, gainera, hegaletatik igotzen ziren, min handia eginez. Suediak aski zuen eustearekin eta tarteka Neuerren atera gerturatzearekin. Baina, minutuak aurrera joan ahala, baloi jabetza izan arren, gero eta min gutxiago egiten zuen Alemaniak. Hala, askotan futbolaren legea dena gertatu zen: barkatzen duenak ordaindu egiten du. Krossek pase txarra egin zuen zelai erdian; Suediak baloia berreskuratu, eta Tolvonenek ederki aprobetxatu zuen Claessonen erdiraketa Neuerri baloia gurutzatu eta Alemaniaren atea zulatzeko. Tolvonek, lehen zatiko azken jokaldian, aukera aparta izan zuen bi eta hutsekoa egiteko, buruz, baina Neuerrek ederki atera zuen eskua.

Zerbait aldatu behar zuen bigarren zatian Alemaniak, kanporatua ez izateko. Hala, Lowk Mario Gomez zelairatu zuen, Draxlerren ordez. Hark beste bizitasun bat eman zion jokoari. Alemaniak zailena egin zuen: Reusek banakoa egin zuen, 48. minutuan. Bigarren zati osoa zuten garaipena lortzeko eta madarikazioa uxatzeko. Horretarako aukera mordoa izan zituen: Mullerrek buruz, Hectorrek atzetik iritsita, Rusek eskuinez, Krossek urrutitik... Baina ezin asmatu.

Alemaniarrek ezin zuten sinetsi. 81. minutuan, gainera, epaileak bigarren txartel horia atera zion Boatengi. Zoriak ere bizkarra emango ziola zirudien. 92. minutuan Brandetek zutoinera bidali baitzuen baloia. 95. minutuan jaso zuen ez etsitzearen saria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna