Amazonen irria, geurea ere ba ote?

Elena Martinez Tola - Ekonomian doktorea EHUn

2019ko otsailak 24
Aurten 25 urte beteko dira Jeff Bezos gazteak bere gurasoei pentsio-planetan gordeta zituzten aurrezkiak apustu bitxi batean arriskatzeko eskatu zienetik. Harrezkeroztik, Interneten hedapenari heldurik Amazonek munduko lehen bost enpresa baliotsuenen zerrendan sartzea lortu du eta pasa den irailean bilioi bat dolarreko burtsa-balioa gainditu zuen. Olatuak daramala pentsa liteke. Izan ere, Internet bidezko salmentak etengabe hazten doaz, baina aldeko itsaso hori inor baino hobeto baliatzen ari da Bezos-en konpainia. Estatu Batuetan online egindako gastuen erdia bereganatzen du, eta Espainian eztanda itzela izaten ari da.

Liburuak liburu-denda tradizionaletan erosteari uzten ari gara, prezioak Amazonen merkeagoak direlako. Arropa gutxiago erosten dugu gure hirietako dendetan, Amazonen paketeari etxean itxoitea erosoagoa zaigulako. Eta horrela, progresiboki, gero eta produktu gehiago plataforma horren bitartez erosteko ohitura barneratzen ari gara. Eta gure inguruan ondorio argiak izango dituzten erabakiak hartuz goaz. Betiko dendak ixten joango dira, gure auzoetako bizitza intentsitatea galduz joango da komertzioek euren dinamismoa galtzen duten heinean, eta saltokiei loturiko lanpostuak gutxitzen joango dira.

Amazon bere produktu eskaintza gero eta zabalagoa bihurtzeko gai izan da, sortu zenetik daraman enpresa-estrategiari esker. Izan ere, enpresaren berezitasuna bere epe luzeko begiradan aurkitu izan da beti. Hasieratik, bere irabazien zati ikaragarriak berrinbertitu izan ditu bere zerbitzuak hobetzeko, unean uneko mozkinak sakrifikatuz enpresaren hazkundearen mesedetan. «Get big now, profit later» (hazi orain, irabazi gero) lelopean, konpainiak etengabe handitu ditu bere webgunearen gaitasunak, zerbitzariak eta gune logistikoak, merkatuari aurre hartuz eta erabiltzaileari Internet bidez erosteko esperientzia gero eta erakargarriagoa eskainiz. Horri esker, Amazonek produktu eta zerbitzu oso merkeak eskaintzen ditu, eta bezeroek klik batekin etxean bertan jaso ditzakete eskaerak, egun edo ordu gutxiren buruan. Hori lortzeko, Bezos sektoreka inbertituz joan da, banan-banan merkatuak bereganatuz. Eskaintzen duen produktu eta zerbitzuen zerrenda amaigabea da, eta hazkunde horrek unibertso digitalean soilik izaten den elur bola efektu (sareko efektua) delakoa oparitu dio: zenbat eta erosle gehiago izan, orduan eta enpresa gehiagok saldu nahiko dute Amazonen, eta horrek aldi berean bezero gehiago erakartzen ditu, amaigabea den zirkuitu hedakor bat martxan jarriz. Horrela, ingelesez ezaguna den «the winner takes all» (irabazleak guztia eskuratzen du) formula betetzen da. Modu horretan, garai berri batean murgilduz goaz, zeinetan enpresa teknologikoek gero eta alor gehiagotan joko-arauak ezartzeko gaitasuna duten. Enpresa handiegiak dira, askotan erregulatuak izateko konplexuegiak, eta zailtasun nabariak daude euren fakturazioaren arabera bidezkoak liratekeen zerga-aitorpenak lortzeko, sortzen dituzten lanpostuek dituzten lan baldintza prekarioak ahaztu gabe.

Beraz, estrategia horri jarraituz, esan daiteke Amazon ez dabilela zuri produktu bat saltzeko lehian bakarrik. Badirudi xedea merkatu osoa bereganatzea dela, edo are gehiago. Garatzen ari den azken berrikuntzei erreparatuz, badirudi Amazon orain arte ondasun eta zerbitzuen eskaintza kontrolatzean zentratu dela, eta hemendik aurrera eskariaren kontrolerako estrategia baten aurrean aurkitzen garela. Datorren fase berri horretan, konpainiak gordeta dituen kontsumitzaileen datu kopuru handiak baliatuz eta baita gero eta gehiago erabiltzen doazen ahots-laguntzaile birtualei esker, badirudi produktuen eskaria modulatzeko bidean aurkitzen dela. Horrela, baliteke laster Alexak (Amazonen ahots laguntzaileak) gehien komeni zaigun aste honetako menua aholkatzea, gure gustuen arabera egokienak izango liratekeen oporrak iradokitzea, dugun aisialdiari ondoen egokitzen zaizkion planak gomendatzea, gure interes politikoekin bateragarrienak diren jarduerak eskaintzea, etab. Horrela, ondasun eta zerbitzuen eskaintza edo gomendio gidatu batzuen aurrean aurkituko gara, haiek, erakusten joan garen gustu edo lehentasunen ondorio izateaz gain, enpresaren interesei komeni zaizkien iradokizunak ere izan daitezkeelarik. Modu horretan, enpresaren eragina ez da mugatuko ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzeko modura, baizik eta modu erabakigarribatean gure bizi-estiloan sakonki erasateko gaitasuna izango du.

Beraz, Jeff Bezosek zioen moduan, «hartzen ditugun erabakiak gara», nahiz eta, Amazonek gure bizitzan duen presentzia handitzen doan heinean, badirudien gero eta arrazoi gehiago daudela zalantzan jartzeko benetan gu geu izango ote garen gure erabakiak hartuko ditugunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna