Zalantzan jartzen

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Euskaraz oso ondo bereizten dugu zalantzan egon eta zalantzan jarri. Zalantza egiteak edo zalantzan egoteak zerbaiti, normalean erabaki bati, buruzko zalantzak izateari egiten dio erreferentzia, hots, gauza bat edo bestea aukeratzeko zailtasuna izateari. Baina zalantzan jarri edo eztabaidatu, ez da, bai da berbei dagokio, alegia, alderdi baten eta bestearen arrazoiak, frogak eta oinarriak proposatzeari. Finean, lehenengo ariketaren bitartez bigarrenera heltzeko aukera daukagu. Hau da, zalantzan egoteak auzitan jartzera, ikastera, imajinatzera eta sortzaileak izateko gaitasunera bideratu gaitzake.

Bigarren bide horretatik, pentsamendu kritikoa garatzeko aukera zabaltzen da. Prozesu intelektual diziplinatu bati buruz hitz egiten dugu, hau da, behaketa, esperientzia, gogoeta eta arrazoiketa jokoan jartzen duen ariketa mentalari buruz. Ebidentziatan oinarritzen den informazioaren azterketan eta ebaluazioan oinarritzen da pentsamendu kritikoa.

Elhuyarrek plazaratutako pentsamendu kritikoa lantzeko dekalogoan argibide hauek agertzen dira pentsamendu kritikoaren bideari ekiteko: Seguru zaude zure usteez? Ospetsua delako sinetsiko diozu? Hipotesi bat baino gehiago egin dituzu? Baduzu zenbakizko daturik? Argudio kateak hasieratik bukaerara funtzionatzen du? Gertaerak berretsi dituzu? Egiazkoa da ala fake news-a? Kontuz falaziekin; Zuk ez ezagutzeak ez du esan nahi existitzen ez denik; eta Metodo zientifikoa da oinarria.

Pentsatzeko modu bakarra ez dela existitzen bistakoa da, baina gure hezkuntza sistema memorian oinarritutako pentsamendu mugatuaren ikaskuntzan oinarritzen da. Modu horretan, badirudi pentsamendu bakarra dagoela eta soilik pentsamendu bakar batek balio duela. Pandemia garaian agerian geratu den ebidentzia bat izan da. Zerbait zalantzan jartzeko ausardia izan baduzu, gehiengo batek zure burua negazionistatzat jotzeko irainari aukera eman diozu. Jakinda ere ahalik eta aukera sorta zabalenetik abiatzen den azterketa dela pentsamendu bakarraren aurkako antidotoa, oso arriskutsua izan da COVID garai hauetan hautu hori gorpuztea.

Suediako lagunak badituzue edo Suedian bizi den norbait ezagutzen baduzue, jakingo duzue herrialde horretan musukoaren erabilera ez dela derrigorrezkoa izan. Niretzat oso deigarria izan da Suediako Osasun Publikoaren Agentziako epidemiologo buruak, Anders Tegnellek, lideratu duen COVID-19ari aurre egiteko politika. Suediarrek konfinamendua, etxeratze-agindua edo maila horretako beste edozein neurriri zer den jakin gabe jarraitzen diote. Suediako Konstituzioak galarazi egiten du bake-garaian herritarren mugimendu askea murrizten duen larrialdi-egoera deklaratzea. Horregatik herrialde horretan Osasun Publikoaren Agentziako adituek erabaki dituzte pandemiari aurre egiteko neurriak, eta haien kontrolpean egon dira erabakiak.

Estatu espainolean, aldiz, osasun krisi bati baino gehiago ordena publikoko krisi bati aurre egiteko politikak hartu dira. Horren adibide, Koronabirusaren Kudeaketa Teknikorako Batzordeak, pandemia hasieran, egunero, osasun-krisiaren bilakaeraren berri emateko erabiltzen zituen ordezkariak dira. Osasun Saileko ordezkari bat —ia beti Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria, Fernando Simon—, armadako ordezkari bat, Guardia Zibilaren ordezkari bat, Polizia Nazionaleko ordezkari bat eta garraioetako bozeramaile bat.

EHUko irakaslea den Iñigo Urrutiak azaltzen duen moduan, eskubideak mugatzearen gainean ez da eztabaida sozialik planteatu, zer arrisku maila onartu nahi dugun eta zein ez. Suedian tabernak eta jatetxeak irekita egon dira momentu oro, zenbaitetan, epe txiki batzuetan muga batzuekin izan bada ere, bereziki barraren erabilerari dagokionez. 2021eko urtarrilean, lehen aldiz, garraio publikoen erabiltzaileei aurpegia estaltzea gomendatu zieten, batez ere puntako orduetan. Zehazki goizeko zazpiak eta bederatziak artean eta arratsaldeko laurak eta seiak bitartean erabiltzea gomendatu zuten, eta ez guztientzat, baizik eta 2004an eta aurretik jaiotakoentzat bakarrik, baldin eta, gainera, erreserbatutako eserlekurik ez bazuten. Beraz, garraio publikoaren erabiltzaileen erdiek baino ez dute maskara benetan eramaten puntako orduetan.

Eta zeintzuk izan dira emaitzak? COVID-19ari egotz dakizkiokeen heriotzen kopurua zehazteko metodorik fidagarrienetako bat aipatuz, Suedia Europan heriotza-tasa txikienak dituzten 5-10 herrialdeen artean dago: Danimarka (-%12,2), Belgika (-%10,8), Zipre (-%10,1), Alemania (-%9,9), Suedia (-%7,9), Finlandia (-%4,9), Portugal (-%4,8), Herbehereak (-%3,1) eta Letonia (-%2,3). Suedian alde teknikoak garrantzi handia izan du, eta epidemiologoek erabaki dute zein neurri izan daitezkeen egokiak eta zein ez. Osasun buruak Nature aldizkarian horrela justifikatu zituen beraiek hartutako neurriak: «Ixteak, konfinamenduak, mugak ixteak, ezerk ez du oinarri zientifiko historikorik, Europako inon ere ez da lortu kutsatzea nabarmen geldiaraztea».

Hego Euskal Herrian pandemiaren ondorioz 5.278 pertsona hil dira. 1,844 hildako 1.000 biztanleko, planeta osoko heriotza-tasarik handienetako bat, hamabi herrialdek bakarrik gainditzen baitute.

Francis Bacon filosofoarentzat pentsamendu kritikoa, arakatzeko gogoan, zalantzan jartzeko pazientzian, gogoeta egiteko zaletasunean, baieztatzeko moteltasunean, hausnartzeko prestutasunean, ordenatzeko arretan eta era guztietako inposturen gorrotoan oinarritzen da. Beldurrak pentsamendua itsutu egiten du, baina gure usteak edo gure agintarien usteak zalantzan jartzeko jarrerak edozein izu edo ikararen gainetik egon behar du, beti. Pandemia garaian, are gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.