Noiz sortua: 2020-03-08 00:30:00

Abdulah Arabi. Fronte Polisarioaren Espainiarako ordezkaria

«Marokoren nahierara ari da Espainia»

Arabik salatu du Espainiak Marokori men egiten diola Mendebaldeko Saharako auzian: «Marokoren diskurtsoa bere egiten ari da».
JAIZKI FONTANEDA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Kristina Berasain Tristan -

2020ko martxoak 8
Iragan larunbatean abiatu zen elikagaiez betetako elkartasun karabana Donostiatik Tindufera. Abdulah Arabi (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1966) bertan izan zen. Agur beroa egin zioten bezperan Gasteizen. Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaria izan da bi urte luzez, uste baino denbora laburragoz: «Euskal Herrian ikusten nuen etorkizuna. Eredugarriak dira hemengo elkartasuna eta konpromisoa; ekintzazkoak dira, ez soilik hitzezkoak». Fronte Polisarioaren Espainiarako ordezkari izendatu berri dute; beraz, sahararrei traizio egin zien herrialdearekin hitz egitea izango du aurrerantzean zeregin, bi herrialdeen arteko giro politikoa tenkatuta dagoen honetan.

Arancha Gonzalez Espainiako Atzerri ministroak idatzitako txio batek zeresan handia eman du. Koalizio gobernuko ordezkari bat Fronte Polisarioko ordezkari batekin elkartu izana justifikatzen zuen txioan. Nola hartu duzue mezu hori?

Atentzioa eman digu, bereziki formengatik, ez baita ohikoa diplomazian estatu bateko ministroak azalpenak eman behar izatea publikoan horrelako kontu batengatik. Espainiako agintariak maiz bildu dira gurekin azken 44 urteetan; hortaz, ez dugu ulertzen zergatik desenkusatu behar izan duen ministroak oraingoan, ez bada xantaia huts batengatik. Marokoko Gobernuko Atzerri ministroak egin zion deiarengatik idatzi zuen txioa. Badakigu presioa eta manipulazioa etengabeak direla.

Podemos koalizio gobernuan egotearen beldur al da Maroko?

Urduri dagoela esango nuke. Maroko lehenengo minututik saiatu da koalizio gobernu berriaren jarrera neurtzen eta baldintzatzen. Podemosek oso mezu sendoa izan du Saharako herriaren eskubideen alde, autodeterminazioaren eta independentziaren alde, eta, ageriko konpromiso horren aurrean, presioa are itzelagoa da, noski. Espainiak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ez duela aitortzen esatera atera behar izan du ministroak. Espainiako Gobernua, hala ere, azken urteotan saihesten ari da Saharako herriaren autodeterminazio eskubideari erreferentzia egitea. Marokoren diskurtsoa bere egiten ari da, eta dinamika horretan kokatzen dugu azken asteotako zalaparta.

Podemosekin Saharako auziak beste norabide bat hartuko duen itxaropena al duzue?

Sahararrok berez baikorrak gara, eta bai, badugu itxaropena. Espainiaren akats historikoa zuzentzeko unea dela uste dugu, baina, zuhurrak ere bagara, eta jakin badakigu estatu politika egitea ez dela erraza, hortaz, arretaz zelatatuko dugu. Espainiak erantzukizun historikoa eta politikoa dauka sahararrekin, eta, hortaz, horri erantzun behar dio. Hori da exijitzen dioguna, nazioarteko zuzenbidea errespetatzea, eta ebazpenetan jasota dagoena gauzatzea.

Podemosek ez du ministroaren jarrera salatu, publikoki behintzat...

Podemosek ez du bere jarrera aldatu, eta guk koherentzia eskatuko diogu, hitzekin eta ekintzekin. Sahararrok ekintzak nahi ditugu. Urteetan hitz asko entzun ditugu, promesa asko, alderdi guztien aldetik, eta, gero, agintera iristean, hutsean geratu dira promesa horiek. Espero dezakegun bakarra da kontraesan gehiagorik ez egotea. Goiz da ondorio sakonak ateratzeko, baina espero dugu alderdiak orain arteko koherentziari eustea, eta, horrela ez bada, jarreraz aldatzen badu, gu izango gara aurrenekoak hori salatzen.

Traiziorik handiena PSOErena izan da. Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkari zaren heinean, hitzartua al daukazu bilera Pedro Sanchezekin?

Atzerri Ministerioaren bidez bideratzen ditugu elkarrizketak, eta bilera bat eskatu dugu, besteak beste, azken gertaerez hitz egiteko. Oraingoz, erantzunaren zain gaude.

Zer eskaera egingo diozue?

Espainiak Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea izaten jarraitzen du deskolonizazio prozesua bururaino eraman arte. Espainiak ez du beldurrik izan behar sahararren autodeterminazio eskubidea aipatzeko. Nazioarteko legedia errespetatzea eta giza eskubideak errespetatzea baino ez diogu eskatzen. Marokok Mendebaldeko Saharan sartu nahi zuen delegazio katalan bat kanporatu berri du. Lurralde okupatuetan ekintzaile sahararrek bizi duten egoera bertatik bertara ikusi nahi zuten, baina kanporatu egin dituzte, eta gobernuak oraindik ez du ezer esan. Marokoren eta Espainiaren aldebiko harremanen adierazle da isiltasun hori. Epaiketa batera zihoan abokatu bat ere kanporatu dute, estatuaren abokatuaren izenean zihoana. Eta ez da erreakzio bakar bat ere izan. Espainiak men egiten die Marokoren nahi espantsionistei.

Espainiak itxi berri du sahararrek tramiteak egiteko Aaiunen zuten egoitza ere.

Bai. Tramiteak egiten zituzten han, eta orain ehunka kilometro egin behar dituzte tramite horiek egiteko. Maroko presioa egiten ari zaio Espainiari Mendebaldeko Saharan kontsulatu bat zabaldu dezan, lurraldearekiko subiranotasuna aitortzeko modua bailitzateke. Marokok Espainiarekin egiten duen etengabeko xantaia politikoaren beste adibide bat da.

Estrategia berri bat ere jarri du abian. Hainbat herrialdek kontsulatuak zabaldu dituzte Mendebaldeko Saharan.

Herrialde horiek ez dute inolako interesik Mendebaldeko Saharan. Afrikako estatu txikiekin egin dute, trukean dirutza ordainduta, horrela okupazioaren statu quo-ari eutsi ahal izateko. Mekanismo berri bat da, baina herrialde ñimiñoak dira, gutxi batzuk, beste batzuk uko egin baitiote horri. Orain, Europako estatuekin saiatzen ari dira.

Mendebaldeko Saharako urak ere bereganatu nahi ditu. Marokoko Parlamentuak lege bat onartu du itsas eremua bereganatzeko.

Horrek politikoki ez dauka ibilbiderik, juridikoki oso argi zehaztuta dagoelako norenak diren ur horiek. Marokok ez du ez gure lurraren eta ez gure uraren gaineko subiranotasunik. Auzi horrekin beste interpretazio bat egiten dugu: Kanaria uharteetako urak ere bereganatu ditu lege horren bidez. Horrela, Espainia behartu nahi du hitz egitera, eta, dinamika horretan, akaso, Espainia behartuko du aitortzera Marokok Mendebaldeko Saharako itsas eremuaren subiranotasuna daukala. Azpijoko bat da.

Espainiak ez du ezer esan...

Marokoren nahierara ari delako. Espainiak ez dio irmo erantzuten, atzean immigrazioaren gaia dagoelako, drogen trafikoarena, arrantza interesena, Ceuta eta Melilla... Espainiak irmotasunez erantzun beharko lieke xantaia etengabeei.

Marokok duela 44 urte okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Paperean idatzita dago irtenbidea. Zergatik ez da gauzatzen?

Interes ekonomikoak nazioarteko legediaren eta giza eskubideen mendean jartzen diren bitartean, sahararrok realpolitik-aren biktima izaten jarraituko dugu, nazioarteko politikaren inkoherentziaren eta hipokrisiaren biktima. Bake plana garatu behar da. Irtenbidea oso erraza da, baina betikotzen ari da, eta sahararron pazientzia bukatzen ari da. 29 urte dira su-etena sinatu genuela, eta ordutik ez bakean eta ez gerran bizi gara. Su-etenari eusteak asko esaten du herri honen izaeraz.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak esan berri du kolonialismoa amaitu behar dela.

Afrikako azken kolonia da Mendebaldeko Sahara. Eta Afrikan bertan egin zituen adierazpen horiek, pikoa zauriaren gainean jarriz, alegia. Diskurtsoa praktikara eraman behar du; lotsagarria da. Abenduan esan genuen bake plana berraztertu egingo genuela ez bada neurri zehatzik hartzen. Autodeterminazio erreferendumaren zain gaude, eta hori eskatzen dugu, ordezkari bat izenda dezatela, berandu baino lehen, eta negoziazioak martxan jar ditzatela. Ez dugu beste dinamika bat onartuko. Hori da gure jarrera. Borroka eta erresistentzia bere horretan daude.

Umea zinela gertatu zen okupazioa. Zer gogoratzen duzu?

Okupazioaren unean 9 urte baino ez nituen. Aaiunen sartu ziren batailoiak ditut gogoan, etxez etxe nola ibili ziren, guk futbolean jokatzen genuen bitartean. Anaia gerran hil zuten. Nik, gerora, beste hogei sahararrekin, Tangertik Ceutara egin nuen ihes, modu klandestinoan. Tindufera bidali gintuzten. Handik Kubara joan nintzen ikastera.

BENETAKO EPOPEIA BAT

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ©Irekia
Lanbidek Bilbon duen buego bat, aurreko astean ©Luis Tejido (Efe)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna