Elx 0-3 Reala

Hiru, golkoa bete puntu

Realak sasoiko lehen garaipena lortu du, Elxen. Nagusi izan da, eta bigarren zatian askatu du mataza. Portu, Januzaj eta Roberto Lopezenak izan dira golak

Realeko jokalariak, Roberto Lopez zoriontzen, hark hirugarren gola sartu eta gero, atzo, Elxen. RAMON / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Portuk (55. min). 0-2: Januzajek, penaltiz (76. min). 0-3: Roberto Lopezek (91. min). Epailea. Diaz de Mera Escuderos. Txartel horiak: Elxeko Verduri, Gutiri eta Fuliri; eta Realeko Silvari.

Jokoan zeuden puntu guztiak etxeratu zituen Realak atzo, Elxen (Herrialde Katalanak). Horri esker, denboraldiko lehen garaipena eskuratu du. Kosta egin zitzaion Elxen atea zulatzea, baina behin lortu eta gero, bi egin zituen segidan. Lehendabiziko zatian nagusi izan ziren txuri-urdinak, baina, ez zuten lortu golik sartzea, eta Alex Remirok atepean izan zuen segurtasuna baliatu zuen garaipena egonkortzeko.

Izan ere, eraginkor aritu zen Reala. Horixe azpimarratu zuen Imanol Alguacilek joan zen ostiraleko prentsa agerraldian, eta jokalariek ez zioten hutsik egin. Bi berdinketaren ostean, garaipena zuen xede Realak, eta partidako aurreneko gola nahikoa izan zuen huraxe lortzeko. Beste bat ere egin zuen, ordea, zalantza guztiak uxatzeko. Cristian Portugues Portu izan zen Realeko estreinako golegilea. Adnan Januzajek penaltiz egindako bigarren golak lotu zuen garaipena donostiarrentzat. Hiru puntuak ziurtatzeko balio zuen jaurtiketa izan zen. Hirugarren gola, berriz, Roberto Lopezek partidaren hondarrean egindakoa, lortu beharreko garaipenaren sinadura izan zen. Konfiantza emango dio astearte honetan Anoetan Valentziari aurre egiteko.

Bost sasoi ziren Realak Elxen zelaian jokatzen ez zuela, eta ezin egokiagoa izan zen itzulera. Sasoiko lehendabiziko garaipena eskuratu zuten txuri-urdinek. Atzo arte, bere maila erakutsi zuen Imanolek entrenatutako taldeak, baina irabazterik ez zuen lortu. Hori baita garrantzitsuena futbolean.

Hiru partida jokatu dituzte txuri-urdinek denboraldia hasi denetik, eta gol bakarra jaso dute. Hala, irabazita, aurrera begira jarri da Reala. Hirugarren da sailkapenean.

Atzo, lehendabiziko zatian gauza askorik ez zutenegin bi taldeetako jokalariek, baina denborak aurre egin ahala, geroz eta hobeto moldatu zen Reala. Jakin zuen behar zenean markagailuari eusten —ederki aritu zen Remiro—, eta aldeak ateratzean itxurarik onena eman zuen.

Realak 55. minutuan sartu zuen lehendabiziko gola. Mikel Merinok izugarri ondo mugitu zuen baloia, eta Portuk eduki zuen behar adina pazientzia baloia sareetara botatzeko. Horixe behar zuen Realak; zelaian nagusi izan arren, azken urratsa egitea falta zitzaion, eta behin hori eginda, segidan etorri ziren gainontzekoak.

Izan ere, markagailuan aurretik jartzeak ez zuen Elxen suspertzea ekarri. Alderantziz izan zen; partidak makaltzera egin zuen, eta Reala eroso egon zen egoera horretan.

Sarri gerturatu zen etxekoen ate ingurura, baina min handirik egin gabe. Behin partidaren hiru laurdenak igaro ziren arren; 76. minutuan txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, eta Januzajek ez zuen barkatu. Handitu egin zuen gipuzkoarren abantaila, eta ia ezinezko egin zuen Elxek egoera aldatzea. Ondo kokatu ziren Imanolenak.

Iraun egin zuten azken minutura arte, eta Roberto Lopezek une hori baliatu zuen garaipenari distira emateko. Hiru puntu etxeratu zituen Realak. Behar zuen, bi berdinketen ostean. Suspertzeko bidean lehendabiziko txinparta jo dute txuri-urdinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.