Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Katu jendea

2016ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ke artifizialaren artean agertokiaren ertzak marrazten hasi ziren. The Underground Youth taldekoak gitarrak gogor eusten, eta proiektorea martxan. Ezkerraldean, VJ (videojockey) bat prest irudiak botatzeko musikarien gainetik. Alerta gorria piztu zen bere buruan. VJ-en moda ez da pasatu, ulertezina. Irudi bukle hipnotiko horiek kontzertuarekiko arreta desbideratzen zioten beti. Gau hori ez zen izango salbuespena.

Bat-batean, aurpegi familiarra pantaila erraldoian. Aspaldiko begirada aski ezaguna bere aurrean, berriz, tinko behatzen. Eta berriro, gorputz osoa dardaraz astindu zitzaion, lehenbizikoan ikusi zuenekoan bezala, hamar urte zituela. Edozein armagabetzeko gai ziren begi-nini aztoragarriek, bizi eta adierazkorrak, kontzertutik guztiz atera zuten.

Ardura handirik gabe, bere burua Parisen dabil, Texas estatuko herri txikian. Nastassja Kinski sex-shopeko kabinan dago, hieratiko eta hauskor. Bere semea abandonatzera behartua zegoen stripperra antzezten ari da, munduan ospea emango zion rolean sartuta. Betiko begiradarekin, tolesgabea eta sumindua. Tristea eta norabiderik gabea. Cat People filmeko begirada berbera da, Nastassjarekin maitemindu zen pelikulakoa. Piztiez beteriko zoo batetik bere gorputz gaztea ilargipean biluzik paseatzen zuen hartan, katu-begirada laƱoaz.

Agertokian, musikariak abestien indarra handitzen ari dira, alferrik, bere burua urrun dago jada, Nastassja ezagutu zuen unea gogoratzen. Hasieran, izar urrunduak ez zuen fan sutsu ezezagun hura agurtu nahi, baina biporlaki ezezkoa eta baiezkoa segundo berean eman zuen. Nahasia zirudien Nastassjak, fisikoki ezagutezina, antzinako amorruaren arrastorik ez bere begiradan, soilik tristura. Jatorra izan zen ezezagunekin, beraien proiektuei buruz berriketan. Hurrengo egunean, Zinemaldiko gala batetik ateratzen, ezezagun ohia berriro ezezaguna bilakatu zen Nastassjaren begietara, eta hitza ahoan utzi zion bere zaleen autografoak sinatzeko.

Ikusi zuen azkenekoa, Miramar jauregiaren lorategietan ilargipean paseatzen izan zen, festatik kanpo. Bakarrik, isil, galduta, barnerakoi. Eta une horretan, betiko begirada zuela konturatu zen.

Gitarren riff batek bere baitatik atera du. Pantailan, VJ-ak irudia aldatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.