Bartzelona 1-1 Athletic

Puntua eta autoestimua

Athletic bide onera itzuli da Camp Noun merezitako berdinketa batekin. Lehen zati oso ona jokatu du, baina, Messi zelairatu denean, sufritzea egokitu zaio

Oskar de Marcos, ukabila altxatuta korrika, atzo Camp Noun sartu zuen gola ospatzen. ANDREU DALMAU / EFE.
haritz gallastegi
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: De Marcosek (34. min). 1-1: Munirrek (84. min). Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Bartzelonako Rakitic, Busquets eta Messiri; eta Athleticeko Yeray eta Nolaskoaini. Bestelakoak. 78.015 ikusle Camp Noun.

Etxetik kanpo etxean baino erosoago ari da Athletic. Baloia ez daukanean baloiaren jabe denean baino lan hobea egiten duela berretsiz. Zuri-gorriek meritu handiko puntua eskuratu zuten Camp Noun. Bartzelonaren etxean inoiz ez da izan erraza emaitza onak eskuratzea, eta Leo Messiren aroa hasi zenetik ia ezinezko bilakatu da. Atzo irabazitako puntuak asko eman diezaioke taldeari. Txapeldunaren etxean puntu bat eskuratzeak hasiberria den proiektua sendotzen lagunduko du. Berizzok plan bat dauka, baina denbora behar du.

Lehoiek oso itxura ona eman zuten lehen zatian. Berizzok Betisen kontra puntua lortu zuten jokalarien aldeko apustua egin zuen, orduko lan onari jarraipena emateko asmoz. Hortaz, Yury Bertxitxek zelai erdiaren ezker hegalera aurreratu zuen bere postua. Bartzelonan, Messi eta Busquets aulkian lagatzea erabaki zuen Ernesto Valverdek. Gironaren eta Leganesen kontra puntu bakarra eskuratu berritan erabaki ausarta izan zen.

Kontuak kontu, Athletic ausart zelairatu zen. Aurkariaren zelai zatian presioa egiteko agindu zion entrenatzaileak taldeari, eta aurrez prestatutako estrategiak emaitza ona eman zion. Luis Suarezek faltaz egindako jaurtiketaren ostean eman zuen Athleticek bere onena. Lau minututan lau aukera on izan zituen. Lehen agerraldia Jaime Latreren marrazainak eten zuen, Balentziagaren jokoz kanpokoa adierazi baitzuen. Bakarrik geratu zen Ter Stegenen aurrean. Hurrengo jokaldian Williamsek izan zuen aukera, bainajaurtiketa loratua zutoin ondotik kanpora joan zen. Handik gutxira, Raul Garcia ahalegindu zen areaz kanpotik, eta, Bartzelonak atetik atera orduko, Williamsek izan zuen beste aukera on bat. Lau agerraldi interesgarri ordu laurdena bete aurretik. Handik gutxira, IƱigo Martinezek min hartu zuen eskuin izterrean. Ondarroarraren lesioa izan zen eguneko albiste txarrena. Haren lekua hartu zuen Nolaskoainek erakutsi zuen nortasuna, berriz, notiziarik onenetako izan zen.

Apurka Bartzelona askatzen hasi zen. Ordu erdia bete aurretik Luis Suarez bakarrik geratu zen Simonen aurrean, baina aparta izan zen atezainak oinarekin eginiko geldiketa. Uruguaitarrak beste jaurtiketa bat egin zuen hurrengo erasoan. Baina lehen zatia amaitzear zegoenean zakur zahar biren elkar ulertzeak ekarri zuen zuri-gorrien gola. Susaetak ezker hegaletik area txikira egindako erdiraketa bikain gurutzatu zuen De Marcosek boleaz.

Espero zen bezala, bigarren zatian aldatu egin ziren gauzak. Valverdek Messi zelairatu zuen egoera iraultzeko. Eta lortzeko zorian egon zen. Hark aginte makila hartu zuen, eta Bartzelona aukera garbiak sortzen hasi zen. Hasteko, Coutinhok langara jaurti zuen baloia. Ondoren, Messik bota zuen zutoinera, Albarekin ormarena egin ostean. Azkenean, zelairatu berri zen Munirrek sartu zuen banakoa area txikian Messiren erdiraketa bat baliatuta. Partida amaitu aurretik Messiren eta Rakiticen arteko jokaldi batean garaipena izan zuen kroaziarrak, baina jaurtiketa gora joan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.