Reala 3-0 Leganes

Askatu dute mataza

Realak aise azpiratu du Leganes bigarren zatian, eta eskura du seigarren postua. Oiartzabalek gidatu du garaipena, bi gol sartuta. Alex Solak debuta egin du
Januzaj eta Oiartzabal, Realak atzo Leganesi sartutako bigarren gola ospatzen.
Januzaj eta Oiartzabal, Realak atzo Leganesi sartutako bigarren gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko otsailak 17
Golak. 1-0: Oiartzabalek (50. min.). 2-0: Oiartzabalek (59. min.). 3-0:Willian Josek (XX. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Llorenteri, Willian Joseri, Navasi; eta Leganeseko Siovasi,. Bestelakoak. 22.997 ikusle Anoetan.

Korapilatsu zegoen partida, baina Realak lortu egin zuen hura askatzea. Kezka zena festa bilakatu zen harmailan, eta zaleek olatuarena egin zuten azkenean Anoetan. Ez da gutxiagorako; bitsetan dabiltza txuri-urdinak, eta Zubietak albiste bikainak ematen dirau. Alex Solak debuta egin zuen atzo; sasoi honetan lehen taldearekin lehenengoz aritu den zazpigarren jokalaria da, eta bertan geratzeko heldu da atzelaria.

Halere, epel hasi zen partida. Leganesek ez zion nahi besteko jokorik egiten utzi Imanolen taldeari, eta astun igaro zen lehendabiziko zatia. Aurkariaren jokoa mozten aritu ziren bi taldeak, eta horrek distira kendu zion neurketari. Ez zirudien horren bolada onean zeuden bi talderen arteko norgehiagoka. Alabaina, tarteka arriskua sortu zuten bisitariek, eta horren adibide da 15. minutuan egindako jokaldia. Zutoinak eragotzi zuen Leganes markagailuan aurretik jartzea.

Hurrengo minutuetan ere, partidak katramilatuta jarraitu zuen Realarentzat, eta bi taldeak zulorik zabaldu ezinik iritsi ziren atsedenaldira.

Jokoari berriz ekitearekin batera, ordea, erabat aldatu zen gidoia. Bizi itzuli ziren donostiarrak, eta saiakera bakoitzari zukua ateratzea zuten xede. Eskuin hegaletik sortu zituen aukerak Realak, eta handik iritsi ziren txuri-urdinen golak.

Atzeko lerroko eskuin hegalean hutsunea zuen Imanolek, eta Solaren alde egin zuen apustu atzokoan: «Harrobiko taldea gara; honetarako gaude. Ez dut zalantzarik egin Alex hasieratik jartzeko orduan». Bete-betean asmatu zuen. Hark piztu zuen sua lehendabiziko golean. Erasora egin zuen, eta Adnan Januzaji eman zion baloia. Belgikarrak, birritan pentsatu gabe, erdiratu egin zuen, eta Oiartzabalek buruz bota zuen sarera. Matazaren hari muturra aurkitu zuen erdilariak.

Hura askatzeko prestasunik handiena erakutsi zutenak izan ziren eskuin hegaleko jokalariak. Bizkor zebilen Januzaj, eta, halakoetan, eskertu egiten du Realak. Haren ekinaldiek ekarri zuten bigarren gola ere: «Erditik ezin bagenuen, hegaletatik egitea zen beste aukera, eta hortik lortu dugu», esan zuen Imanolek partida amaieran.

Willian Josek borobildu zuen neurketa. Brasildarrak buruz errematatu zuen Ruben Pardoren erdiraketa bat, eta festa piztu zuen Anoetan. Ondo ari da Reala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna