Athletic 2-0 Atletico Madril

Ziztatzaileari egin dio zizta

Athleticek garaipen handia lortu du Atletico Madrilen aurka, oso partida sendoa jokatu eta gero. Aurkariak lortu ohi duen bezala erdietsi dute garaipena zuri-gorriek: gutxiago zirela bi gol sartuz

Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Williamsek (73. min.). 2-0: Kodrok (85. min.). Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Athleticeko Yeray, Raul Garcia eta San Joseri; eta Atletico Madrileko Rodrigori. Bestelakoak. 39.659 ikusle San Mamesen.

Handia, saiatua eta konfiantza emailea. Horrelakoa izan zen atzo Athleticek San Mamesen Atletico Madrilen aurka lortu zuen garaipena. Aurkariak nekarazten eta nazkatzen abilik bada, hori Diego Simeoneren taldea da. Bada, atzo Gaizka Garitanok eta jokalariek menderatu egin zuten haren aurka jokatzeko hain desatsegina den taldea. Atleticok berak askotan egin ohi duen bezala menderatu ere: jokoa berdindua zegoela, edo etxeko taldea gutxitzen bezala zihoala, bi ziztada mingarri emanda.

Garitanori ez zaio gustatzen taldeen estiloaz mintzatzea, baina, atzo, bereak sekulako haizea eta indarra hartu zuen. Sinesgarritasuna irabazi. Entrenatzaileak nahi duen horretara asko gerturatu zen etxekoen jokoa, eta lehendik ere indartuta bazegoen Deriokoaren lana, atzokoak handitu baino ez du egin harengan dagoen konfiantza. Asko balio du atzoko garaipenak.

Partidaren bilakaerak, lehen zatian behintzat, ez zuen ezusterik azaldu. Baloiaren jabe direla oso eroso ez dauden bi talde jarri ziren parez pare, eta, horren jakitun, elkarri baloia ukitzen laga zioten, lerroak atzeratuta jarriz defentsako lanean. Oso erritmo makalean mugitu zuten baloia bi taldeek, eta ez bakarrik horretara ez dutelako jokatzen, aurkariaren indargunea bera izanik, aukera hori ez emateko batak besteari: debekatua zeukan talde bakoitzak aurkariari kontraerasoan ateratzeko aukerarik ematea.

Horrela zihoan partida, makal, eta aukerarik ere apenas zegoen San Mamesen. Ibaik izan zuen aurrenekoa, ona, 31. minutuan, eta Santutxukoaren zartakoari erantzun bikaina eman zion Oblak atezainak, baloia urrunduz. Alboko sake batean sortu zuen aukera hori Athleticek. Hurrengoa ikusteko lehen zatiaren amaiera arte itxoin behar izan zuten zaleek, eta Griezmann area barruan sartzean heldu zen. Baina Yerayk ederki kendu zion baloia, penaltia egiteko arrisku handik hartuz izan bazen ere. Aldageletara atseden hartzera joan baino pixka bat lehenago, Nuñezek egin zuen burukada langatik gora, korner baten segidan.

Bi taldeek nahi zuten lekuan zegoen partida: aukerarik ez nik, baina zuk ere ez. Berdinketa. Halako zurruntasun taktikoa hausteko bi aukera zeuden, ikusitakoak ikusita: geldikako jokaldi batean edota jokalariren batek egindako oparian hautsiko zen huts eta hutsekoa. Beste aukerarik ez zen.

Kodroren lehen gola

Aldagelatik bueltan, Atletico jokoan nagusitzen hasi zen, baloiarekin. Jokalariak gehiago mugitzen hasi ziren; Griezmann barrurantz joana zen Juanfran gorago jarriz, eskuin hegalaren jabe. Bigarren baloien jabe ere egin zen aurkaria, eta Athletic atzean zebilen, Williamsen abiadurari errezoak eginez. Gimenezi Cordobak baloia kendu zion arte kanpotarren zelaian, 73. minutuan. Jaurtiketa kaskarra pase bihurtu, eta Williamsek ateko zuloan sartu zuen lehen gola. Bigarrena Kodrok egin zuen, 85. minutuan, Athleticekin duen lehena,Gimenezen laguntzarekin, zelairatu eta ukitu zuen bigarren baloian. Horra bi ziztada, eta hiru puntu gozo. Estilo zehatz batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.