Levante 0-0 Eibar

Iturrira joan, eta urik ez

Eibarrek hutsean berdindu du Levanteren zelaian, eta bigarren puntua batu du bost jardunalditan. Lehen Mailan denetik hasierarik kaskarrena osatzen ari da

Cabaco eta Rochina Levantekoak Orellana Eibarrekoari baloia kendu nahian, atzo Valentzia Hiria zelaian jokaturiko partidan. MANUEL BRUQUE / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak:Eibarreko Pedro Leon eta Dmitrovici. Bestelakoak. 18.904 ikusle Valentzia Hiria estadioan. Eibarren zale batzuk ere bertaratu ziren.

Levantek eta Eibarrek elkarri gonbita egina zioten atzo ere, iturrira joateko, baina gol tantarik gabe zegoen. Joan , joan ziren, baina urik ez zen Valentzian.

Ez zen horrelakorik espero, are gutxiago bi taldeen arteko azken zortzi partidetan zer gertatu zen kontuan izanda: 34 gol sartzeko gai izan ziren. Atzo ez, alerik ere ez. Partidaren ondoren, Jose Luis Mendilibarrek ondorengo hau esan zuen: «Bi taldeek sortu ditugu aukerak, eta izan zitekeen binakoa azken emaitza». Arrazoi. Irekia izan zelako lehia, baloia berreskuratu eta ziztu bizian aurkariaren areara joaten abilak direlako bi taldeak. Iritsi ere, askotan iritsi ziren areetara, baina, arratsalde beroak eraginda, edo kamuts bezain ilun ibili zirelako, ezin iturritik urik atera.

Inuik egin zuen aurreneko saialdia, seigarren minutuan, alboko sake baten ondoren. Pedro Leonen pasea ondo harrapatu zuen, baloia astindu ere bai, baina Aitor atezainak oinarekin urrundu zuen. Lehia hasi besterik ez zen egin, baina Levantek erakutsia zeukan nola nahi zion min eman Eibarri: eskuin hegalera baloia eraman, eta, ahalik eta azkarren, hortik ezkerraldera mugitu jokoa. Horrez gain, zelai erdian baloia berreskuratu bezain azkar, eibartarren atzelarien bizkarrean egon ohi den zuloa baliatu nahi izan zuen. Campañak zerura bota zuen baloia zazpigarren minutuan, ezkerraldean baloia jaso zuenean, bakarrik.

Eibarren minutu onenak 25. minututik 30.era bitartekoak izan ziren. Ondo itxi zizkion bideak Levanteri, baloia jokatuta ateratzen saiatu zenean, eta etxekoen hutsei armaginek aurkariaren areatik gertu lapurturiko baloiak gehituta, Expositok gora egin zuen jaurtiketa 27. minutuan, eta bat geroago, Diopen zartakoa Aitorrek urrundu zuen kornerrera eskuarekin.

Bero zapari aurre egiteko, epaileak geratu egin zuen partida, hiru minutuz jokalariek atseden har zezaten, eta ura edan. Halako geldialdien ondoren, Eibar ez da bizi ibili ohi, eta atzo ere Levantek gaina hartu zion lehen zatiaren azkeneko pusketa horretan.

Taldeak hautsita, zuloak

Mendilibarren taldeak ondo ekin zion bigarren zatiari, eta aukera oso ona Quiquek izan zuen [hasieratik aritu zen atzo, Charlesen kaltetan], baina zutoinak galarazi zion gola. 48. minutuan izan zen jokaldi hori, baina berriz ere Levante esnatu egin zen, eta bi aukera oni hesia jarri zien Dmitrovic atezainak. Gero, berriz, Eibarren txanda etorri zen, baina ezin asmatu atzo, batzuetan presaka aritzeagatik eta besteetan konfiantza handirik gabe.

Partida bukaera oso luzea egin zitzaien bi taldeei, jokalariak porru eginda zeudelako beroagatik, eta, horren eraginez, irekia zen lehia gehiago ireki zen, hautsi egin zirelako taldeak: gora iristen ziren jokalariei ikaragarri kostatzen zitzaien itzultzea. Mendilibarrek esan zuen bezala, «talde bakoitzak bi talderekin amaitu dugu». Joan eta etorri horretan, Inuik izan zuen aukerarik ederra, 90. minutuan, baina area barrutik egindako jaurtiketa oinarekin urrundu zuen Aitorrek.

Segituan bukatu zen partida, eta, atzoko puntuarekin, bigarrena du Eibarrek bost jardunalditan. Lehen Mailan denetik, hasiera txarrena ari da osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.