Athletic 1-0 Eibar

Hasi, sartu, erabaki eta lotu

Athleticek irabazi dio San Mameseko derbia Eibarri, partidako 40. segundoan Raul Garciak sarturiko golari esker. Eroso aritu dira zuri-gorriak, eta ezinean Eibar, ohiko jokoa josi ezinda

Raul Garcia, Iker Muniain eta Yuri Berchiche, besarkatuta, aurrenekoak sartutako gola ospatzen, partidako bakarra. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Raul Garciak (1. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Athleticeko Yeray, Beñat eta Iñigo Martinezi, eta Eibarreko Diop, Oliveira, Charles eta Arbillari. Bestelakoak. 43.363 ikusle San Mamesen, eta tartean, Eibartik joandako hainbat zale ere bai.

Hasi orduko erabaki zen atzo gaueko derbia San Mamesen, eta Athleticek bereganatu zuen Eibarren aurrean. Gol goiztiarra nahikoa izan zuen etxeko taldeak atzo, eta zortzigarren jarri da sailkapenean. Eibarrek erdialdean segitu beharko du.

Plan bat zeukan Gaizka Garitanok Eibar geratzeko, eibartarren indarguneak ahultzeko. Badaki nondik sortzen duen erasoko jokoa atzo aurkari zuen taldeak, eta leku horiek estaltzeko agindua emana zien jokalariei. Erdiko atzelariei baloia luze jotzen galarazi behar zieten, eta hegaleko atzelariak eroso ez aritzea ere nahi zuen lortu. Planik onena, ordea, partida hasi eta berehala gola sartzea izan zuen Athleticek. Horra aurkaria ahultzeko eta zalantzetan murgiltzeko estrategia zehatzena.

Minutua ere ez zen Melero Lopez epaileak txistua jo zuenetik partida hasteko. Eibar ari zen erasoan, baina baloia galdu zuen. Etxekoek eroso atera zuten baloia eskuin hegaletik, eta azkar eraman ezkerraldera. Yuriren pasea atzerantz bidalia Raul Garciak hartu zuen area barruan, bila joan zelako. Ez zuten gauza bera egin Eibarreko euskarriek, Diopek eta Jordanek, eta erdilari nafarrak ondo baliatu zuen zuloa. Baloiari ondo jo, eta konturatzerako aurretik jarri zuen bere taldea.

Garitano Athleticen denetik, aurretik jarri izan denean lerroak atzeratu ditu, eta baita atzo ere. Baina atzokoa ez da jakingo golaren ondorioz izan zen, edo hori bera zen hasieratik egin beharreko estrategia. Kontua da Eibar indarge utzi zuela etxeko taldeak. Ezin ezer sortu. Hainbestetan eta hain ondo erabiltzen dituen sakontasuna eta hegaletako jokoa azaldu ere ez ziren ari egiten San Mamesen. Ondorioz, ezin hain gustukoa duen erritmo bizia ezarri, eta Eibar ezezaguna zen Bilbon azaltzen ari zena.

Bitartean, eroso zebilen Athletic. Defentsan batere estuasunik gabe, eta bakarkako lehiak irabazten: Yeray eta Iñigo Martinez atzelariak Kike eta Charles aurrelariei. Erasoan ez zen ari ezer egiten Garitanoren taldea, baina beharrik ere ez. Nahikoa izan zuen Beñatek Kikeri baloi bat kentzea Eibarren areatik gertu jaurtiketa dotore batekin langa jo eta ia bigarren gola sartzeko. Hamazazpigarren minutuan gertatu zen jokaldi hori.

Eibar zein kamuts zebilen erakusten du ondorengo datu honek: lehen errematea 28. minutuan egin zuen, eta falta batean Oliveirak buruz egindakoa izan zen. Handik bost minutura egin zuen bigarrena, eta lehen zatiko azkena: Kikeren zartakoa Herrerinek urrundu zuen kornerrera. Athleticek ez zuen gehiago egin, Muniainek galdu zuen kontraeraso garbi bat izan ezik.

Bigarren zatian, antzera

Ez zen asko-asko aldatu atsedenalditik bueltako jarduna. Muniainek ia baliatu zuen Jose Angelen oparia lehen minutuan, baina Riesgoren eskura egin zuen jaurtiketa.

Eibarrek susperraldia izan zuen hamar bat minutuz, eta Cucurellak eduki zituen bi aukera: jaurtiketa kanpora joan zen, eta burukada Enrich taldekideak atera zion. 60. minutuaren bueltan izan ziren bi jokaldi horiek. Hortik aurrera, Athletic kontraeraso arriskutsuak sortzen hasi zen, eta aukerak ere izan zituen, baina asmatu ez. Lehen jokaldiko golarekin nahikoa izan zuen beste garaipen bat eskuratzeko, eta arnasa sakon hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.