Mallorca 1-0 Alaves

Aldapa behera ere, ezin

Alavesek lehia eskasa osatu du Mallorcan, eta merezita galdu. Ez zaio aski izan Pachecoren eta VAR-aren laguntza. Suspertzen utzi dio aurkari zuzen bati

ATIENZA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Cucho Hernandezek (62. min). Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak: Alaveseko Magallani eta Laguardiari. Bestelakoak. 12.329 ikusle Mallorcako Son Moix estadioan. Bi taldeen arteko historiako seigarren partida izan da jokaleku horretan.

Beste martxa bat sartu ezinik dabil Alaves. Azeleragailua sakatzeko ordua iristen zaionean, nahastu egiten da, eta balazta zapaltzen du. Halaxe egin zuen atzo, Mallorcaren zelaian. Sevilla eta Eibarren aurka lau puntu bilduak zituen; konfiantza bazuen. Ez, ordea, aurkariak: jaitsiera postuetan zen Mallorca, azken hiru partidak galdu eta gero. Aukera ezin hobea zen Alavesentzat bolada onari segida emateko. Areago, partidak zer bilakaera izan zuen ikusirik. Lehen zatian, aurkako penalti bat izan zuten arabarrek, baina salbatu egin zituen Pachecok. Eta atsedenetik bueltan, epailearen eta VAR-aren babesa izan zuten, baliorik gabe gelditu baitzen Dani Rodriguezen gola. Hau da, aldapa behera jokatu zuten. Ordea, ez ziren inertziaren indarra baliatzeko gai izan. Temati aritu zen Mallorca, eta baloia sareratzen asmatu zuen azkenean. Hutsaren hurrengoa izan zen Alavesen erreakzioa, eta, hala, ez zuen kolokan jarri etxekoen garaipen lasaigarria.

Hamaikako erasokorra zelairatu zuen Asier Garitanok: Fejsak eta Camarasak jokatu zuten zelai-erdian, Burkek eta Vidalek hegaletan, eta Joseluk eta Lucas Perezek puntaren puntan. Oldarkor zelairatu zen taldea, lerroak aurrean paratu, eta aurkaria gogor estututa. Hain zuzen ere, presio aurreratuari esker iritsi zen gasteiztarren lehen aukera garbia, norgehiagoka hasi eta berehala. Fejsak oso goian lapurtu zuen baloia, eta, gero, azkar jokatu zuten Joseluk eta Lucasek. Burkeri iritsi zitzaion baloia area barruan, baina ez zuen asmatu atera jaurtitzen. Hortik gutxira, Laguardiari gora joan zitzaion areaz kanpotik boleaz egindako jaurtiketa. Nagusi zen Alaves. Nahieran zebilen.

Ordea, arabarren indarra apalduz joan zen minutuek aurrera egin ahala. Ekimena kendu egin zion Mallorcak, eta orekatu egin zen partida. Etxekoek 24. minutuan izan zuten gola sartzeko lehen aukera garbia, Sevillak motzean ateratako korner batean. Budimirrek gurutzatu egin zuen jaurtiketa, eta estu hartu Pacheco. Geldiketa ona egin zuen arabarren atezainak. Eta askoren arteko lehena izan zen. Berandu gabe egin zuen hurrengoa, epaileak Magallani penalti zorrotza adierazi ostean. Sevillak zehatz jaurti zuen, baina Pachecoren esku miragarriarekin egin zuen topo.

Atezainaren agerraldiak hauspotuta, korrikaldi bizia egin zuen Burkek ezker hegalean, eta haren erdiraketa bere atean sartzear egon zen Baba. 1-0ekoa gertu izan zuen hor Alavesek, bigarren zatiaren hastapenean bezalaxe. Reinaren aurrean gelditu zen Lucas, Aleixen pasea jaso ondotik, baina gaizki eman zion baloiari. Hortik aurrera, gauzek okerretik okerrera egin zuten Arabako taldearentzat.

Aldaketen eragin urria

Kubo zelairatu ostean, baloia hobeto mugitzen hasi zen Mallorca. Hala, 53. minutuan jokaldi ederra egin zuten Cucho eta Kubo beraren artean, eta japoniarraren erdiraketa sareetara bidali zuen Dani Rodriguezek. Sutsuki ospatu zuten gola etxekoek. Balekoa zirudien. Ordea, VAR-eko epaileek Cuchoren eskua atzeman zuten jokaldiaren jatorrian. Hala, gola baliogabetu egin zuen epaileak. Beste erabaki zorrotz bat.

Mallorca oztopo guztiei aurre egiteko prest agertu zen, eta saria jaso zuen azkenean, 62. minutuan. Pachecok geldiketa bikaina egin zion Cuchori, baina aldaratzean ez zuen barkatu aurrelari kolonbiarrak. Ordurako, Edgar zelairatua zuen Garitanok, eta aulkian ez zitzaion gelditzen beste jokalari erasokorrik, harrobiko Borja Sainz salbu. Gauzak hala, Manu Garcia eta Martin zelairatu zituen, hots, erdilari defentsibo bat eta atzelari bat, eta moldatu egin zuen sistema. Alabaina, aldaketek ez zuten eraginik izan. Arabarrei irudimena falta izan zitzaien etxekoen presioa gainditzeko. Amaiera samurra izan zuen Mallorcak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.