Sevilla 0-1 Osasuna

Zangotraba lan onari

Osasuna esku hutsik gelditu da Sevillaren zelaian, nahiz eta txukun aritu den. Garesti ordaindu du Moncayolak area barruan egindako sarrera baldarra

Oier Sanjurjo, protestaka, Munuera Monterok penaltia adierazi ostean. Jokaldi horretan sartu zuen Lucas Ocamposek partidako gol bakarra. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Ocamposek, penaltiz (59. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Sevillako Rakitici eta Fernandori; eta Osasunako Unai Garciari, Oierri eta David Garciari.

Jakina da Osasuna edonoren aurka eta edonon izan daitekeela lehiakorra. Aurkaririk handienek nekez ibiltzen dute hankapean; horren adibide dira azken bi partidak. Duin jardun zuen orain dela astebete Atletico Madrilen aurka, baita atzo ere, Sevillaren zelaian. Aldiz, ez da kapaza izan puntu bat bera ere urratzeko. Zergatik? Halako aurkarien kontra hasi eta buka egon behar delako adi. Atzo apenas galdu zuen arreta, baina Moncayolak penalti inozoa egin zuen atsedenetik bueltan, eta taldeak larrutik ordaindu zuen akatsa.

Juan Cruz Budimir eta Torro izan ziren Arrasateren hamaikakoko berritasunak. Erdilariak, alabaina, berehala utzi behar izan zuen zelaia, zaintiratu batengatik. Edonola, albiste txar horrek ez zuen nafarren partida hasiera ona trakestu. Arrasatek garbi esana zuen funtsezkoa izango zela Sevilla deseroso sentiaraztea, eta teknikariaren esana hasieratik bete zuten jokalariek. Atzeko lerroa asko aurreratu zuten, lehia metro gutxian jokatu zedin, eta Lopetegiren taldeak ez zuen kaiola irekitzeko giltzarik topatu.

Aurkariaren jabetza antzuak ez zituen batere artegatu gorritxoak. En-Nesyrik eta Oliver Torresek area ertzetik egindako jaurtiketa oker bana; horra hor lehen zati osoan Sevillak izan zuen uzta eskasa. Osasuna dezentez arriskutsuago aritu zen, Jony eta Budimirren bidez. 23. minutuan, bataren erdiraketa buruz sareratzear izan zen bestea. Kroaziarrari oso gutxigatik joan zitzaion baloia kanpora. Beste horrenbeste gertatu zitzaion Jonyri 35. minutuan, areaz kanpotik indarrez jaurti zuenean. Norgehiagoka nahi zuen tokian zeukan Iruñeko taldeak.

Haatik, okertu egin zitzaion aldageletatik itzuli eta gutxira. Moncayola baldar moldatu zen area barruan, eta zangotrabatu egin zuen Ocampos. Epaileak, bitan pentsatu gabe, penaltia adierazi zuen. Ocamposek berak hartu zuen jaurtitzeko ardura, eta lehen ahaleginean gailendu egin zitzaion Herrera. Atezaina nabarmen aurreratu zen, ordea, eta bigarren aukera ez zuen alferrik galdu Ocamposek.

Hortik aurrera, merezi gabe lortutako sariari eustea izan zen etxekoen lehentasuna. Behin markagailuan aurrea hartuta, hezur gogorra izaten da Sevilla, eta hala izan zen atzo ere. Ohi bezala, kolpetik altxatzeko borondatea erakutsi zuen Osasunak, baina nahi izate hutsa ez zitzaion aski izan. Argitasuna falta izan zitzaion aurkariaren defentsa eraisteko, eta, hori gutxi izan balitz bezala, esfortzuaren zama sumatzen hasi zen minutuen joanean.

Jony eta Budimir, temati

Taldea hauspotzeko asmoz, aldaketak guztiak egin zituen Arrasatek, bi txandatan banatuta: lehenik Roberto Torres eta Nacho Vidal zelairatu zituen, eta bukaera aldera, Adrian Lopez eta Iñigo Perez. Azken minutuetako protagonistak, ordea, Jony eta Budimir izan ziren berriro. Erdilariak beste bi erdiraketa dotore egin zituen area barrura, eta aurrelariak gertu izan zuen gola, bere garaiera baliatuz. Ez zen ohi bezain eraginkorra izan ate aurrean, baina, etorkizunari begira, albiste ona da Jonyrekin sortu duen konexioa. Azken bi neurketak galdu arren, gorritxoak ondo iritsiko dira geldialdira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.