Eibar 1-1 Valladolid

Denak berdin jarraitzen du

Eibarrek berdindu egin du Valladolidekin Ipuruan, eta nahi baino urrats txikiagoa egin du mailari eusteko lehian. Kike Garciak sartu du Eibarkoen gola, eta Cotek jokatu egin du, aspaldiko partez

Takashi Inui, Valladolideko bi jokalarirekin lehian, atzo, Ipuruan. JON URBE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Roque Mesak, penaltiz (7. min.).1-1: Kike Garciak (23. min.). Epailea. Diaz de Mera. Txartel horiak: Eibarreko Soaresi, Pozori eta Kike Garciari; eta Valladolideko Olazari eta Orellanari.

Ezer gutxi aldatu da Eibarrentzat. Aldaketarik handiena helburua betetzeko partida bat gutxiago geratzen dela da. Mailari eusteko lehiatik pixka bat urruntzeko aukera izan zuen atzo, aurkari zuzen baten aurka, baina bana berdindu zuen Valladolidekin Ipuruan, eta puntu gazi-gozo batekin konformatu behar izan zuen. Oraindik liga amaitzeko hamabost jardunaldi geratzen badira ere, berebiziko garrantzia zuen partida izan zen atzokoa bi taldeentzat, eta hori asko nabaritu zen berdegunean. Irabaztera atera ziren, baina galtzeko beldurrarekin.

Maldan gora jarri zitzaion partida hasiera-hasieratik Eibarri, bosgarren minuturako atzetik baitzen. Azken jardunaldietan gertatu bezalaxe, atzean eginiko akats larri baten ondorioz jaso zuen gola. Arbillak Guardiola zangotrabatu zuen area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Roque Mesak ez zuen hutsik egin: 0-1.

Oso erritmo baxua izan zen lehen ordu laurdenean, eta horrek ez zion mesederik egin etxeko taldeari. Deseroso ari zen zelaian, tokia hartu ezinik. Sergio Gonzalezek partida nahi zuen tokian zuen: markagailuan aurretik, eta Eibar bere zelaian sartuta, Masipek zaindutako atetik urrun.

Minutuak aurrera egin ahala, bere jokoa egiten hasi zen Eibar, baloia hegaletara eraman eta hain ondo menderatzen duten erdiraketa errematearen bidez berdintzeko abaguneak sortuz. Minutu gutxian, hiru aukera huts egin zituzten, baina laugarrenean ez zuten barkatu. 22. minutuan Bryan Gilen erdiraketa sarera bidali zuen Kike Garciak.

Berdintzearekin partida bera ere parekatu zen. Lehen zatiko azken hamabost minututan bi taldeak ez zioten elkarri batere arriskurik sortu. Zelai erdia irabazteko borrokan ibili ziren, eta nekez iritsi ziren aurkarien areara.

Bigarren zatia lehena amaitu bezalaxe hasi zen: parekatuta eta gol aukerarik gabe. Partidaren garrantzia nabaria zen bi taldeetan. Batak zein besteak gutxi arriskatu zuen baloiarekin, gauzak erraz egin zituzten, galtzeak zekarren ondorioaren jakitun. Ez zuten puntua ontzat ematen, baina zuten apur hori ez zuten galdu nahi, eta are gutxiago aurkari zuzen bati eman.

Funtzionatzen duena ez omen da aldatu behar, eta bi entrenatzaileek ere ez zuten asko arriskatu aldaketak egiteko orduan. Ez Jose Luis Mendilibarrek, ez Sergio Gonzalezek ere ez zuten eskema aldatu, eta biek 4-4-2koari tinko eutsi zioten azken minutura arte.

Minutuak pasatzen ari ziren, eta tentsioa geroz eta handiagoa zen soropilean. Partidak, baina, berdin jarraitzen zuen: gol aukerarik gabe. Azken hamar minutuetan iritsi ziren presak bi taldeentzat. Etxean jokatzearen inertziaz, Eibarrek partidari erritmoa igo zion, eta garaipenaren bila joan zen. Azken jokaldira arte saiatu ziren Eibarkoak, baina ez zen golaren saria iritsi.

Jose Angel Cote-k denboraldiko lehen minutuak jokatu zituen aurreko sasoiko azken partidan eskuin belaunean min hartu zuenetik. Atzelari espainiarra oso jokalari garrantzitsua izan da Eibarren azken denboraldiotan, eta erdiraketa erremate joko hori egiteko giltzarria da. Ondo badago, Mendilibarrek minutuak emango dizkio datozen partida erabakigarrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.