Errusiako Munduko Kopa. Frantzia 4-3 Argentina

Bapo egin du Mbappek

Frantzia merezita gailendu zaio Argentinari partida ikusgarrian, eta Uruguairen aurka jokatuko ditu final-laurdenak. Mbappe guztiz erabakigarria izan da
Maximiliano Meza eta Javier Mascherano, Kylian Mbappe harrapatu ezinik. Erakustaldia eman zuen aurrelari frantziarrak.
Maximiliano Meza eta Javier Mascherano, Kylian Mbappe harrapatu ezinik. Erakustaldia eman zuen aurrelari frantziarrak. ROBERT GHEMENT / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko uztailak 1
Golak. 1-0: Griezmannek, penaltiz (13. min). 1-1: Di Mariak (41. min). 1-2: Mercadok (48. min.). 2-2: Pavardek (57. min). 3-2: Mbappek (63. min). 4-2: Mbappek (68. min). 4-3: Aguerok (92. min). Epailea. Alireza Faghani (Iran). Txartel horiak: Frantziako Matuidiri, Pavardi eta Giraudi; eta Argentinako Rojori, Tagliaficori, Mascheranori, Banegari eta Otamendiri. Bestelakoak. 42.873 ikusle Kazan Arenan.

Errusiako Munduko Kopan orain arte izan den partidarik onena jokatu zuten atzo Frantziak eta Argentinak. Denetarik izan zuen final-zortzirenetako lehen norgehiagokak: erritmo ikaragarria, gol saldoa eta azken unera arteko zirrara. Ezin zaio gehiago eskatu futbol neurketa bati. Partida zeharo eroa izan zen, teknikariak sufriarazten eta zaleak gozarazten dituen horietakoa. Bada, eromen horretan Frantzia irten zen garaile, erakustaldi latza eman zuen Kylian Mbappek gidaturik. Etorkizun biziki oparoa du erasoko hegaleko gazteak, eta atzo erakutsi zuen jadanik munduko jokalaririk onenen artean dagoela. Ahalmen fisiko ikaragarriko basapiztia da Mbappe, eta teknikoki ere oso iaioa da. Atzo txikitu egin zuen Argentina, bi gol sartu eta penalti bat eraginda, eta hala, final-laurdenetara eraman zuen Frantzia. Hurrengo kanporaketan Uruguairen aurka neurtuko ditu indarrak Didier Deschamps baionarrak entrenatutako selekzioak.

Argentinak kuraia eta grina handiz jardun zuen, baina hori ez da aski gorengo mailan arrakasta izateko. Mirariz gainditu zuen ligaxka Jorge Sampaoliren taldeak, eta atzokoan bere errealitate petralarekin egin zuen tupust. Talde ona du, baina hautagai nagusiak baino koska bat edo bi beherago dago. Munduko jokalaririk onena edukitzea ongi dago, baina nekez atera ahal zaio zukua talde on eta proposamen egoki batez inguratu ezean. Atzokoan ere gozakaitz aritu zen Leo Messi, eta ezin izan zuen Argentinaren porrota galarazi. Talde dezentez hobea du Frantziak, alor fisikoan batez ere, eta alde hori agerian gelditu zen atzo. Atleta sorta ederra dute frantziarrek: hor dira Mbappe, Paul Pogba, N'Kolo Kante, Blaise Matuidi, Lucas Hernandez... Eta horien indar fisikoari Antoine Griezmannen kalitatea gehitu behar zaio. Duin eutsi zuten argentinarrek, eta bigarren zatian markagailuan aurrea ere hartu zuten; ordea, gainezka egin zuten frantziarrek beste martxa bat sartzean.

Mbappek triskantza eragin zuen orduan. Hori bai, haren erakustaldia dezentez lehenago hasi zen, partida hasi eta berehala. Hasteko, falta oso arriskutsua eragin zuen area ertzean, zortzigarren minutuan, eta Griezmannek langara bidali zuen baloia. Bi minutu geroago, baloia bere zelaian hartu, korrikaldi ikusgarri batekin Argentinaren defentsa lehertu, eta Rojok area barruan falta eginda gelditu zuen. Griezmannek ez zuen hutsik egin penalti puntutik. 12. minutua zen, eta 1-0 zen jada Frantzia. Hortik gutxira, PSGko jokalariak baloi luze bat jaso zuen atzelariei bizkarra hartuta, eta beste falta arriskutsu bat eragin. Alegia, geldiezin jardun zuen lehen hogei minutuetan. Edonola, Argentina ez zen amildu. Bere egin zuen baloia, eta aukera garbiak sortzea asko kosta arren, saiatzen segitu zuen. Hala, 40. minutuan ez etsitzearen saria jaso zuen, banakoa egin baitzuen Angel di Mariak, areaz kanpoko zartako eder batekin.

Kolpeari, kolpea

Lehen zatia ikusgarria izan bazen, zer esanik ez bigarrena. Zuten guztia eman zuten bi taldeek, eta bost gol sartu zituzten guztira. Aurrenekoa Gabriel Mercadok sartu zuen, 47. minutuan, eta horri esker 1-2 jarri zen aurretik Argentina. Messik eskuinez egin zuen errematea area barruan, eta haren jaurtiketa ate barrura desbideratu zuen atzelariak. Edonola, berandu gabe iritsi zen Frantziaren arrapostua, 56. minutuan binakoa egin baitzuen Benjamin Pavardek, bolea jaurtiketa estetiko batekin. Oinaren kanpoko aldearekin eman zion baloiari, eta alferrik izan zen Franco Armaniren ahalegina. Hortik aurrera, Mbapperen erakustaldiaren bigarren zatia iritsi zen. Lehenik, area barruan bakarkako jokaldia egin, eta ezkerrez baloia sareetara bidali zuen (63. min); eta ondoren markagailuko aldea handitu zuen, frantziarren jokaldi eder bati ginga jarriz (68.min).

Bost minutuan bi kolpe gogor jaso zituen Argentinak, baina ez zuen etsi. Luzapenean 4-3koa egin zuen Aguerok, eta azken jokaldian gertu izan zuen berdinketa Maximiliano Mezak. Baina atzo ez zen izan miraririk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna