Osasuna 1-3 Vila-real

Okerretik okerrera doa

Osasuna ezinean aritu da etxean Vila-realen kontra, eta laugarrenez galdu du jarraian. Hamarrekin aritu da 19. minututik, epaileak Aridane egotzi baitu

Jonathan Calleri, lurrera buruz behera erortzen, atzo, Osasunak eta Vila-realek Sadarren jokatutako partidako jokaldi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Gerard Morenok (6. min.). 0-2: Fer Niñok (29. min.). 1-2: Roberto Torresek, penaltiz (70. min.). 1-3: Gerard Morenok (86. min.). Epailea. Figueroa Vazquez. Txartel horiak: Osasunako Oierri eta Unai Garciari; eta Vila-realeko Yeremi Pinori eta Gerard Morenori. Txartel gorria: Osasunako Aridaneri.

«Non demontre dago Osasuna?». Galdera hori darabilte buruan zale gorritxoek. Jardunaldiak aurrera doaz, eta talde honek azken bi sasoietan mundu guztia liluratu zuenaren geroz eta antz gutxiago du. Ispiluak isla desitxuratua itzultzen dio: oso hauskor dabil defentsan, argitasunik ez dauka batere erasoan, eta itzaldu egin zaio aurkariei kosk egiteko grina, dela nekearengatik, edo dela zaleen hutsunearengatik. Aurkarientzat gozoki bihurtu da lehen haginetako mina baino gogaikarriagoa zen taldea. Atzo, esaterako, jostailu hautsia izan zen Vila-realen eskuetan, eta esku hutsik gelditu zen laugarrenez jarraian. Irabazi gabe, berriz, zazpi neurketa daramatza. Benetako krisialdia da.

Gainbeheran doa Iruñeko taldea, eta hori da okerrena. Argi printzak ikusi zituen Valladoliden kontra, baina atzo, ia erabatekoa izan zen ilunpea. Aldaketa esanguratsuak espero ziren Jagoba Arrasateren aldetik, baina bat baino ez zen izan, atepean: Ruben Martinezek jokatu zuen Sergio Herreraren ordez. Apustu harrigarria izan zen, lan oso txukuna ari baitzen osatzen Herrera, Valladoliden kontra egindako penaltiaz harago. Bestelakoan, azken lehiako hamaikako berarekin aritu ziren gorritxoak, eta lehiari modu berberean ekin zioten: berehala gola jasota. Vila-real agintari hasi zen, baloiaren jabetza bere eginda, eta 6. minutuan aurkitu zuen lehen zirrikitua. Pasabidea izan zen, zirrikitua baino gehiago, barrutik nahi bezala sartu baitzen Osasunaren arearen barrunbeetan. Triguerosek bakarrik utzi zuen Gerard Moreno, eta honek jaurtiketa loratu eder batekin bukatu zuen jokaldia. 0-1.

Nafarrek haserre bukatu zuten epailearekin. 13. minutuan, penaltia eskatu zuten, Albiolek Calleriri elastikotik tira egin ziola argudiatuz. Epaileari zorrotzegia iruditu zitzaion falta adieraztea; ordea, ez zuen erreparorik izan sei minutu beranduago Aridane kaleratzeko. Kanariarrak Fer Niñoren korrikaldia eten zuen, hura aterantz bakarrik zihoala. Zalantza, falta egin zen tokiak sortu dezake: atetik urrun samar zen oraindik jokaldia. Kontuak kontu, neurketa erabat malkartu zitzaion Osasunari. Zer esanik ez, 29. minutuan Niñok 0-2koa sartu zuenean, Pinok barrutik emandako pasea jasota. Atzelari gorritxoak hauskorregi aritu ziren berriro. Eta gainontzeko jokalariak ez ziren kapazak izan atsedenera bitarte gol aukera bakar bat sortzeko. Lehen zati etsigarria izan zen.

Oparia baliatu du Torresek

Balazta sakatu zuen Vila-realek atsedenetik bueltan. Eta hala ere, neurketak kanpokoen bakarrizketa izaten segitu zuen. Hirugarrena oso gertu eduki zuten Moi Gomezek, Gasparrek eta Gerard Morenok. Eta, halako batean, Pinok oparia egin zion Osasunari, Ruben Garciari arean ukabilkada emanda. Torresek patxada osoz sareratu zuen baloia. Hogei minutu falta gelditzen oraindik, eta nafarrek gol batera zuten berdinketa. Adore apur bat erakutsi zuten orduan. Bada zerbait. Itxaropena oraindik ez dute galdu. Alabaina, 85. minutuan Vila-realek azkena eman zion partidari, Morenoren bidez. Urteko azken bi partidak finalak izango dira Arrasateren taldearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.