Atletico Madril 2-0 Reala

Ernai egotearen balioa

Realak galdu egin du Atletico Madrilen aurka. Partida eskasa jokatu dute donostiarrek. Januzajek lehendabiziko minutuak jokatu ditu ekainaz geroztik

Realak ezin izan zuen Atletico Madrilen aurrean bere mailarik onena eman, eta galdu egin zuen. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Godin (44. min.). 2-0: Filipe Luis (60. min). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Atletico Madrileko Koke eta Savic; eta Realeko Zubeldia.. Bestelakoak. 59.512 ikusle Wanda Metropolitanoan.

Ezinaren irudia eskaini, eta galdu egin zuen atzo Realak. Hutsal aritu ziren donostiarrak jokoan, eta islatu egin zen hori markagailuan. Bi jaurtiketa nahikoa izan zituen Atletico Madrilek garaipena eskuratzeko. Eskas aritu ziren madrildarrak ere, baina ondo aprobetxatu zituzten neurketan izandako aukerarik garbienak; une egokienetan ernai egotea baliatu zuten. Madrildarrak nagusi izan ziren partidaren unerik gehienetan, baina eraginkortasuna izan zen partida erabaki zuena.

Iragan asteleheneko partidatik hiru aldaketa egin zituen Asier Garitanok, baina horrek ez zuen bizitu txuri-urdinen jokoa. Astun aritu ziren, eta Atletico Madrilek nahieran antolatu zuen jokoa; praktikotasunaren garaipena izan zen. Neurketa hasi bezain pronto, Antoine Griezmannek jakinaren gainean jarri zituen bere taldekide ohiak, area ertzetik egindako saiakera batekin. Atleticok argi utzi zuen garaipena zela helburua; bitartekoak ez zitzaizkion gehiegi axola.

Atsedenaldira iristeko minutu bat falta zenean horren erakustaldia egin zuen Atletico Madrilek. Eskuin hegaletik sartu zen Angel Correa, eta haren erdiraketa urrundu ezinik aritu zen Raul Navas. Realeko atzelariaren hutsa aprobetxatu zuen Diego Godinek errematea egin eta bere taldea markagailuan aurretik jartzeko. Azkar ibili zen uruguaiarra, eta txuri-urdinak galtzen joan ziren atsedenaldira.

Ez ziren bizkorrago itzuli Garitanoren jokalariak. Bigarren zatiaren hasieran Atletico Madril egin zen baloiaren jabe, eta nekez kendu zieten baloia donostiarrek. Filipe Luisek eman zion azken kolpea Realari; area ertzetik egindako jaurtiketa batekin egin zuen espainiarren bigarren gola, eta orduan amaitu ziren Realaren esperantzak.

Aldaketa parea egin eta taldea berpizten saiatu zen Asier Garitano, baina alferrik. Eroso zebilen Atletico Madril, eta ezinean Reala. Donostiarren partidaren laburpena izan ziren azken minutuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.