Atletico Madril 2-0 Athletic

Wandako betiko filma

Athleticek ondo hasi du partida, baina 2-0 galdu du Atletico Madrilen zelaian. Zuri-gorriek bosgarren jardunaldia dute hiru puntuak patrikaratu ezinik

Atletico Madrileko jokalariak Moratak sartutako gola ospatzen, atzean Muniain burumakur ageri dela. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Saulek (28. min.). 2-0: Moratak (64. min.). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Atletico Madrileko Correari eta Sauli; eta Athleticeko Unai Simoni eta Raul Garciari. Bestelakoak. 59.211 ikusle Wanda Metropolitanoan.

Wanda Metropolitanon gidoi berdina izan ohi duen filma ematen dute hamabost egunetik behin: Atletico Madrilek apenas jokatzen du, baina dituen gol aukera apurrak baliatu, eta defentsako lan oso on bati esker, hiru puntuak eskuratu ohi ditu Espainiako taldeak, aurkariaren etsipenerako eta bere zaleen pozerako. Atzokoan, Athletici egokitu zitzaion filmako zorigaiztoko protagonista izatea.

Azken bi neurketetan baino itxura hobea eman zuen Gaizka Garitanoren taldeak, baina esku hutsik itzuli da Bilbora, 2-0 galdu ostean. Hala, etxetik kanpo irabazi gabe segitzen dute zuri-gorriek, eta bost jardunaldi daramatzate segidan hiru puntuak patrikaratu gabe. Egoera ez da kezkatzekoa, baina hobe dute asteazkenean San Mamesen Espanyoli irabaztea, zalantzak ez hasteko.

Athleticek ondo hasi zuen neurketa, eta Iñigo Martinezek gertu izan zuen gola korner batean. Baina haren burukadari gelditu bikain batekin erantzun zion Jan Oblakek, hirugarren minutuan. Atzealdeak lo hartu zuen par.e bat jokaldi izan ezik, Athletic nagusi izan zen partidaren lehen txanpa horretan. Atletico Madril, berriz, zain zegoen bere aukera noiz iritsi, eta atzaparkada emateko.

Abagune hori 28 minutuan iizan zuen. Correak baloi bat borrokatu zuen arean, eta presioari esker Sauli iritsi zitzaion Haren jaurtiketa sareetara joan zen. Atletico Madrilek nahi zuen lekuan zeukan partida. Simeoneren taldea ondo moldatzen bada, halako egoeratan da. Aurretik jartzen denean, ia ezinezkoa izaten da hari partida bat buelta ematea, defentsan talde gutxik baitute haren sendotasuna.

Gaizka Garitanoren taldea ahalegindu zen banakoa lortzen, Atletico Madrilek jokoaren ekimena utzi baitzion. Aukera argiena 32. minutuan izan zuen. Baina berriro ere Oblaken eskuek zapuztu zuten. Oraingo honetan Raul Garciaren jaurtiketa geratuzuen.

Bigarren zatia antzeko bidetik hasi zen. Baina minutuak aurrera joan ahala, Atletico Madrilek partida are gehiago lokartu zuen, eta Athletic sakontasuna eta argitasuna galtzen joan zen. Simeoneren jokalariek ezarritako horman zuloa topatu ezinik ari zen.

Sakontasun hori lortu nahian Garitanok Ibai zelairatu zuen. Baina alferrik. Muniainek erdi txilenaz egindako erremate zail batean ostean iritsi zen etxekoen bigarren kolpea. Kokek baloia eman zion Correari, eta lehen golean egin bezala, pase ona eman zuenn, oraingo honetan Moratari, eta hark sarera bultzatu besterik ez zuen egin behar izan baloia (64. min.).

Hortik aurrera fedea eta adorea ere galdu zituen Athleticek, eta Simeoneren jokalariek ordulariari minutuak urratzen joan ziren, garaipenarekin amaitu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.