Eibar 3-0 Levante

Fedea berreskuratzeko

Jaisteko postuetatik urruntzeko, Eibarrek Levanteri irabazi dio Ipuruan, 75 minutu on jokatuz. Charlesek sartu ditu lehen bi golak, eta Orellanak bestea

Eibarko Charles aurrelaria, gol bat ospatzen, atzo, Ipuruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Charlesek (27. min). 2-0: Charlesek (48. min.). 3-0: Orellanak (84. min).Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Eibarreko Enrich, Orellana eta Jose Angeli; eta Levanteko Miramon eta Postigori. Bestelakoak. 5.920 ikusle Ipurua estadioan.

Eibarri atzoko partidaren aurretik ateratako argazkian, zuri-beltza zen nagusi. Mezu ezkorrak nonahi. Levanteri Ipuruan 3-0 irabazi eta gero, ordea, koloreak azaldu dira argazki horretan. Mezua baikorragoa da orain. Fedea berragertu zen atzo Ipuruan, eta nolakoa, gainera: aurrelarietako batek, Charlesek, golak sartzeko gaitasuna erakutsi baitzuen, ez sinesteko moduan orain talde honetan. Izan ere, nekez pentsa zitekeena gertatu zen atzo: taldeak hiru gol sartzea, eta aurrelari batek bi gol sartzea —sei zituzten sartuta orain arte—.

Ezuste bat izan zen hamaikakoan: Yoel zen atean, gau txarra igaro zuen Dmitrovicen ordez. Beste gainontzean, bi aurrelariren alde egin zuen Jose Luis Mendilibarrek; euskarrian Cristoforo ipini zuen Diopekin; eta, atzealdean, Oliveira itzuli zen erdira, Arbilla eskuin hegalean jarriz. Damutuko zen entrenatzailea partidaren hasiera nolakoa izan zen ikusita, lehen hamabost minutuetan, Levantek pare bat gol sartzeko aukera garbiak sortu zituelako. Roger, Mayoral eta Morales nahi bezala ari ziren, baina atearen aurrean kale egin zuten, denboraldi honetan askotan egin ez duten bezala. Yoelen lan ona ere erabakigarria izan zen horretan.

Pixkanaka hasi zen esnatzen Eibar, eta 16. minutuan, Aitorrek galarazi zion Pedro Leoni gola sartzea. Handik bi minutura, Cristofororena urrundu zuen Arrasateko atezainak. Hurrengoan ez zuen kale egin Eibarrek. Geldikako jokaldi batean, prestatua baina nahi bezala ateratzen ari ez zena itxura guztien arabera, gola sartu zuen Charlesek, baloia nahi baino okerrago ukitu eta gero. Hirugarren gola zuen denboraldi honetan aurrelari brasildarrak.

Hortxe itzali zen erabat Levante, eta Eibarrek, aldiz, gainetik kendu zituen irabazi beharraren zama guztiak. Bigarren zatiaren hasierak gehiago berretsi zuen egoera hori, Charlesek bigarren gola sartu zuenean 48. minutuan. Luze urrundutako baloi baten segidan, brasildarra eta Enrich bikain moldatu ziren, eta buruz bota zuen baloia sarera Charlesek, kataluniarraren erdiraketa ona baliatuz. Levantek azken saialdia egin zuen handik gutxira, bi aldiz egin ere, 53. eta 54. minutuetan, baina Yoelek dotore bete zuen lana, bietan Rogerren aukerei atea itxiz.

Eibarrek penaltia izan zuen alde 72. minutuan [VAR-aren bidez epaileak adierazitakoa], baina Charlesek erdira egindako jaurtiketa ondo urrundu zuen Aitorrek. Ez zuen gauza bera egin Orellanaren jaurtiketarekin 84. minutuan. Kontraeraso zitala antolatu zuten Arbillak, De Blasisek, Enrichek eta txiletarrak, eta dotore amaitu zuen azken horrek, denboraldiko zazpigarren gola sartzeko —golegile onena da—.

Garaipen ia guztiak Ipuruan

Lehendik ere ondo itxita zegoen partida erabat lotu zuen Eibarrek hirugarren golarekin, eta epaileak akabera adierazi artean, Kikeren itzulerak bereganatu zuen arreta, bi hilabetez lesioak erasanda egon ondoren.

Denen beharra izango du Mendilibarrek sasoiko helburua betetzeko. Atzokoa urrats bat izan zen; handia, taldea larri zelako. Ipuruako seigarren garaipenak beste zerbait ere utzi zuen agerian: etxean du salbazioa Eibarrek, zazpitik sei garaipen bertan lortu dituelako. Orain, beste bi partida ditu zaleen aurrean: Mallorca datorkio larunbatean, eta Realaren aurkakoa, atzeratutakoa, handik hiru egunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.